Taldeko gogoeta elkarlan berriei bide emateko

Zegama

Martxoaren 26an egin zen prozesuko lehen bilera Zegamako udaletxean –irudian–. Apirilaren 16an Seguran elkartu ziren partaideak.

U Teoriaren metodologia erabiliz, Aizkorpeko emakumezko talde bat lankidetzan jarri du Goimenek, bailararen errealitatea eraldatzeko eta jorratzeko lehen urrats gisa.

Bi helburu nagusi ditu joan den martxoaren 26an Zegaman abiatu zen Land. U Emakumeak landa errealitateak eraldatzen prozesuak. Batetik, emakume modura, inguruan eta gizartean duten eraginaz jabetzea eta hori lortzeko pausoak ematen hastea. Bestetik, Aizkorpeko beste emakume batzuekin lankidetzan aritzea, bailararen etorkizunari buruz hausnartu eta etorkizun hori irudikatzeko bete nahi duten paperaz kontziente izateko. Bi helburu horiek uztartuz, helburu komunak identifikatzea da asmoa, gerora, bailarako beste eragile eta erakundeekin lankidetzan, proiektuak garatzen hasteko.

Impact Hub Donostia enpresaren eta Goimen landa garapen elkartearen eskutik iritsi da Land. U prozesua Aizkorpera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna eraikiz programako diru-laguntza baten babespean. Landa eremuan genero ikuspegia lantzea jasoa du Goimenek bere programan, eta pare-parean zetorkion proposamena egin zion Impact Hub enpresak: prozesua Goierrin egitea. Aizkorpe izan zen horretarako aukeratutako bailara, gizarte ohitura beretsuko eta harreman handiko herriak baitira Idiazabal, Mutiloa, Segura, Zegama eta Zerain.

Goimenen landa garapen programaren barruan dago genero ikuspegia lantzea, eta prozesu hau baliatuko du horretarako
Bailarak dituen erronkak identifikatzea eta gizarte eraldaketarako bideak jorratzea ere bilatzen du emakumeei hitza emanez

Idiazabal ez beste lau herrietako dozena bat emakumek hartu dute prozesu honetan parte hartzeko konpromisoa. Zortzi saio egingo dituzte uztailera bitartean –gaur dute bigarrena Seguran–, eta bailaran dituzten erronkak identifikatu eta gizartea eraldatu ahal izateko bideak jorratuko dituzte.

Hiru urrats ditu oinarrian

U Teoria Bostongo Presencing Institute erakundeak orain hamarkada bat garatutako metodologia bat da, eta pertsonen, erakundeen eta gizartearen eraldaketa eta berrikuntza sustatzeko diseinatuta dago.«Mundu mailan ospe handia duen metodologia eta ikuspegi teoriko-kontzeptual bat da, eta horretaz gain, gizarteak egun dituen behar eta erronkei modu kolektibo, berritzaile eta jasangarri batean erantzuteko antolatu den komunitate bat ere barne hartzen du», adierazi du Impact Hub Donostiako June Aretxaldek.

Teoria horren arabera, edonolako eraldaketa prozesuk hiru urrats ditu oinarrian. Alde batetik, «gu geu, besteak eta ingurua» ulertuz, burua zabaltzea. Bestetik, «norberaren, besteen eta gizartearen nahi, desio, beldur eta minekin konektatuz» bihotza irekitzea; eta azkenik, «ekintza eta ahalduntzea» lortzea borondateak irekiz. «Saioetako partaideek eraldaketa eta berrikuntza gauzatzea erraztuko dieten teknikak eta estrategiak ikasiko dituzte».

Maquetación 1Lehen saioren nondik norakoak

Aretxaldek eta Verena Hammes lankideak –alemaniarra jatorriz, eta han landa garapen proiektuei lotuta lan egindakoa– gidatuko dute prozesua, eta Zegaman biak izan ziren. «Giro polita sortu zen, eta jendea irekita zegoen. Gazteak eta helduak daude, ardura instituzionala dutenak tartean, eta emakume bakarra dago lehen sektorean aritzen dena. Aniztasunak beti aberasten du taldea». Bideratzaileak dio haien asmoa ez dela «generoko gaiak edo feminismoa erdigunean jartzea», baina genero ikuspegia ere landuko dute. «Emakume izateak duen singulartasun hori ere bilatuko dugu, eta horren bidez eztabaida eta hausnarketa bultzatu».

U Teoriaren abiapuntuetako bat aurrez helbururik ez zehaztea, eta partaideei galdetu zietenean zein zen haiek prozesu honekiko zuten nahia, honako erantzunak nagusitu ziren: elkar ezagutzea; emakumeak saretzea eta ahalduntzea –ia erdien erantzuna–; eta emakumeek lehen sektorea lan aukera moduan ikusteko urratsak egitea. «Hiru pertsonek mugikortasunaren gaia aipatu zuten, baina hori beste bide batetik eraman beharko litzateke, proiektu zehatz bat landuta».

Ardura pertsonal eta kolektiboa

Aretxaldek argi utzi nahi du haiek bideratzaile lan soila egingo dutela eta prozesuak ez duela asmo bakar bat izango, baizik eta partaideek adierazitako asmo horiei forma ematea izango dela haien egitekoa. «U Teoriak bestelako elkarlanak sustatzen ditu bileretan atera diren hausnarketa ezberdinetatik. Ideia eta proposamen egingarriak egiten ere saiatuko gara, baina bailarak izan ditzakeen erronkak ez ditugu guk aurrez zehaztuta eramango».

Eta argi du baita ere zortzi saioak bukatzean ez dutela ikusten «bere horretan» bidelagun modura jarraitzea. «Partaideei beraiei proposatzen zaie hilean behin elkartzea dinamikari jarraipena emateko. U Teoriak enfasi handia egiten du arduran, ardura pertsonal eta kolektiboan. Gauzak sustengatu behar dira guk sustengatu nahi ditugulako. Prozesu hau ondo ateratzen bada, taldea bera gaindituko lukeen dinamika bat sortu beharko litzateke, eta horrekin batera, proposamen zehatzak».

Land.u proiektua

Aizkorpe bailaran bizi diren emakumezkoei zuzendutako proiektu bat da, gizarte eredu kontziente, ahaldun eta jasangarriago bat lortzeko bidean. Helburu bikoitza dauka prozesuak.

  • Gizartean duten eraginaz jabetzea. Emakume modura haien bizi proiektua eta haiek desiratzen duten etorkizuna eraikitzeko pausuak ematen hastea.
  • Bailarako emakumeekin lankidetza . Bailarako etorkizunaz eta bide horretan joka dezaketen paperaz kontziente izatea,  Aizkorpeko beste emakumeekin batera helburu komun eta bateragarriak antzeman eta garatze bidean jartzeko.
  • Zortzi saio hamabostean behin. Martxoaren 26an egin zuten lehen saioa Zegaman. Gaur, hilak 16, Seguran elkartuko dira, eta hurrengo datak honakoak dira: apirilak 30, maiatzak 14, maiatzak 28, ekainak 11, ekainak 25 eta uztailak 9. Denak ostiralez dira (17:00-19:30).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>