Zaila baino zailagoa

Eresti-OiarbideEresti Oiarbide • Hizkuntza aholkularia

Istorio bat kontatzera nator. Demagun bikote gazte ekologista batek gurasoenetik joateko aukera izan duela halako batean, eta biziko den etxea bete behar dutela; ohea, sofa bat, komuneko armairua, dutxa, sukaldeko mahaia eta etxetresna elektrikoak –sofa handi samarra bada, ohea ere geroko utzi daiteke–. Beharrezkotzat jotako horiek erosteko justuko gaitasun ekonomikoa izanda ere, bikote gazteak denda handietako eskaintza erakargarriei muzin egin, eta denda txikietara jotzea erabaki du.

Aukeretan merkeena hautatu dute kasu guztietan, sukaldeko etxetresna elektrikoetan izan ezik. Kasu horretan, efizientzia energetikoa izan dute kontuan, eta, gainera, ahalik eta urte gehien iraun dezaten, kalitate onekoak erostea erabaki dute; ez garestienak, baina ezta merkeenak ere.

Pasatu dira 5 urte, eta balkoirako mahaia eta aulkiak erosteko dirua aurrezten hasita zeudenean, horra lehenengo ezustekoa, garbigailua izorratu zaie. Teknikariari deitu diote, baina lasai daude, makina berria da, kalitate onekoa, motorrak 10 urteko bermea du; ez da konponketa garestia izango. Iritsi da teknikaria, eta berehala ikusi ditu arazoa eta irtenbidea, «danborra ardatzetik hautsi da; merkeagoa da berria erostea konpontzea baino». Eta honakoa gehitu du: «Badakizue nik konponketak egiteagatik kobratzen dudala, baina horixe da errealitatea».

Ezinezkoa da norbere balio guztiekiko koherente izatea egunero eta uneoro. Baina zaharkitze programatua eta antzeko praktikak legezkoak diren artean, are zailago jartzen dizkigute gauzak. Bada garaia legea honelako egiteko moduak ekiditeko baliatzeko, egunerokoan birziklatzeko, berrerabiltzeko eta gutxiago kontsumitzeko egiten dugun ahalegina ez dadin alferrik izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>