Sergio izan nahi dut

Igor-susaetaIgor Susaeta • Kazetaria

Orri zurien betetzaile edo kazetari gisa, talde, elkarte edo mugimenduren baten barruan infiltratzearekin fantaseatu izan dut, batzuetan, ene ibili loriatsuan zehar. Ilea tindatuko nuke, koloretako lentillak jarriko nituzke, kilo batzuk irabazi, eta pasta lodiko betaurrekoetan jarritako kamera txiki-txiki baten bidez grabatuko nituzke ikusitakoak. Hilabete batzuk geroago argitaratuko nuke ikerketaren emaitza, dokumental batean emanda: Goierriren eta zientziologiaren elizaren arteko loturak. Zergatik ez, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatuko nuke, Viktoria Eugenian, eta GoiBerri-k elkarrizketatuko ninduke. Hau izango lizateke titularra: «Inoiz ez da jakiten non gerta litekeen».

Sator lanak egiteko sentitu izan ohi dudan bulkada indartu du El agente topo (Maite Alberdi, Txile, 2020) dokumental eder bezain hunkigarriak. Sergio, 83 urteko gizona, zahar etxe batean sartuko da espioi lanak egitera, han, ustez, adinekoei tratu txarrak ematen dizkietela pentsatzen baitu egoitzaren bezero baten senide batek. Baina beste errealitate batekin topo egingo du Sergio maitagarriak.

Ezer ez da dirudiena, eremu publikoaren eta pribatuaren arteko mugak guztiz lausotuta daudela diruditen garaiotan. Esaterako, Realaren egunerokoan satorrarena egin nahiko nuke. Esan dezaket, nik zer dakit, alboko sakeak metodo zientifiko bat jarraituz eginez gero arriskua sorrarazi bezala saihestu daitekeela (eta egia da), eta bihurtuko naiz Monrealen eta Zalduaren itzala. Eta, modu horretan, munduari jakinaraziko diot Adnan Januzajen zaletasuna ez dela Los Angelesera joatea, baizik eta Mario Monicelliren pelikulak ikustea eta horiei buruz Mikel Labakarekin eztabaidatzea. Izan ere, Realak, bere kanal ofizialean, erakusten dizkigu Anoetako korridoreko irudiak, eta ematen du jokalarien intimitatearen berri dugula ikusten ditugulako ziminokeriak egiten. Ilusio bat besterik ez da, inoiz baino urrutiago daude eta.

Izan gaitezen serioak, ordea. Duela gutxi jakin dut lanpostu bat dela Eusko Jaurlaritzako ez dakit zein sailbururen sare sozialak kudeatzea, eta, gainera, dirutza bat kobratzen dela horregatik. Hor bai behar dela Sergio bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>