Ez da kontu berria, baina urtebeteren buruan nabarmen hazi da txekorrak zatika saltzen hasi den ganaduzaleen kopurua. Izan duten harreraz hitz egin dute horietako lauk.
Lehendik ere badira Goierrin txekorrak zatika bezeroei zuzenean saltzeko erabakia hartu zuten ganaduzaleak. Batzuk bakarka, besteak taldean. Batzuk ohiko haziera moduan, besteak ekologikoan. Helburu argia du erabakiak: norberak ekoitzitako kalitatezko bertako haragia bertako bezeroei saltzea, eta etekin ekonomiko handiagoa izatea bitartekariak saihestuz. Deigarria da azken urtebete honetan Goierri garaiko herrietan zentzu horretan sortu den mugimendua. Ez dago talde antolaturik, bakoitza bere aldetik hasi da zeregin horretan, baina denek badute elkarren berri, eta kasu batean baino gehiagotan elkarri lagunduz eta erakutsiz eman dute urratsa. Orain arte izan duten esperientziaz hitz egin dute lau ganaduzale gaztek aldizkari honekin.
Lauren artetik egitasmo honekin hasten lehena Zumarragako Leturiondo baserriko Aimar Alberdi izan zen. 2019ko urrian eman zuen ezagutzera bere ekimena Zelai Arizti frontoian egin zen II. Bertatik Bertara azokan. «Postu bat jarri genuen, eta interesa zuten bezero batzuen zerrenda egin genuen. Beti harakinei edo bitartekariei saltzen genien, eta denok irabazi behar badugu baserritarrok prezioa jaitsi behar». Iazko urtarril-otsailean hasi zen «serio» Alberdi. Bost kiloko loteak 600 gramoko zortzi paketetan saltzen dituzte: xerrak (extrak, primerakoak eta segundakoak), gisatzekoa, xehatua, saiheskia, zankarroia eta txuletak. «Gu oso gustura gaude salmentarekin. Bi hilean behin hiltzeko txahal bat edukitzen saiatzen gara. Salmenta zuzenarekin bitartekariak kendu ditugu. Lan eta arrisku handiagoa hartzen dugu, baina etekina guratzeko geratzen da». Alberdi soldatzaile modura aritzen da lanean, eta familian aritzen diren Pirenaika arrazako ganaduaren hazkuntzan.
Legazpin ere zabaltzen ari da
Urtea bete da oraintsu Legazpiko Urtatza baserriko Mikel Mantxola Alberdiren zeregin berean hasi zela. «Gu harakin batekin ibiltzen ginen, osasun arazoak izan zituen, denbora batean harategia itxita eduki zuen, eta dena parean tokatu zela esan liteke». Fabrikan egiten du lan, eta aitaren eta bien artean hazten dituzte Limousin arrazako txekorrak. «Ikusi nuen beste batzuk horrela hasi zirela, eta ikusita hiltegiak nola prestatzen duen haragia eta zer kalitate eskaintzen duen ba… Irteera ona zela iruditu zitzaidan». Ingurukoak, lagunak, haien familikoak… ditu bezero, eta orain arte lau-bost txahal saldu ditu paketetan.
Lakiola Aundiko Ander Ibarguren, berriz, aurten hasi da salmenta eredu horrekin. Aita Luis eta anaia Josurekin batera hazten ditu Akitaniako Blonda arrazako txekorrak. «Bertako produktua bertan gera dadin, eta bertako baserritarrari aukera bat emateko hasi gara horrela, produktua modu duin batean saldu eta bertakoek kontsumi dezaten». Baserri txikiei eusteko modu bat iruditzen zaio Ibargureni salmenta eredu hau: «Beti esan izan da baserritarra ekoizle ona izan dela eta saltzaile txarra. Ez dakit hori hala den, baina egoerari buelta eman behar zaio, eta saltzaile ere bihurtu beharra daukagu». Behi txistorra eta behi hanburgesa zorroetan saltzeko asmoa ere badute.
Orain hamabost egun, apirilaren 29an, hasi zen Brinkolako Zubiaurre baserriko Iñigo Gorospe zuzeneko salmentarekin, Mantxola lagunaren pausoei segiz. «Beste era salduta etekin handirik ez zegoela ikusita hartu genuen erabakia. Txahal erdia salduz gero konforme, eta azkenean osoa saldu dugu. Oso harrera ona izan dugu». Lau abeltzainei Oñatiko Zubillaga hiltegian prestatzen diete haragia loteka.
Gune elkartea berriz martxan jartzeko lanean
Akronimo bat da Gune, Goierri Urola Garaiko Nekazari Elkartea. 1995eko maiatzean sortua, sei herritako (Urretxu, Zumarraga, Legazpi, Gabiria, Ezkio-Itsaso eta Ormaiztegi) baserritarrak elkartu eta lankidetzan aritzeko bokazioarekin jaio zen. Erreportaje hau ganaduari lotutakoa bada ere, lehen sektore osoa biltzen duen elkartea da Gune.
Hasierako urteetan indar handia izan zuen elkartea izan zen, baina urteen poderioz galtzen joan da. «Bertatik Bertara udalek-eta bultzatu zuten, oso ondo egin dute beraien lana, eta eskertzekoa da hori, baina orain ikusten dugu baserritarrok ere antolatu beharra daukagula», adierazi du Leturiondoko Alberdik. Elkartea ez da sekula desagertu, eta berriz aktibatzeko prozesuan murgilduta dabiltza, administrazioaren aurrean elkarte iraunkor moduan aurkeztu ahal izateko.