Senarrak Nazio Batuetan zuen lanagatik, munduko hainbat tokitan bizitakoa da Mari Jose Lasa Barandiaran (Garin, 1957). Ekialde Hurbilean 20 urtez egon ziren, eta hamaika gertakari bizi izan zituzten. Hango berri eman zuen urteetan Euskadi Irratian, eta gaur ere kolaborazioak egiten ditu ‘Baipasa’ saioan.
Urte askoan kanpoan bizi eta gero, Garinera itzuli zara.
Bai. Hemen jaioa naiz, hemen dut familia eta etxea. Natural egin zait itzultzea.
Haurtzaroa bertan igaro zenuen.
Auzoko eskolan 12 urtera arte ibili ginen. Adin desderdinekoak ginen, eta batak bestearengandik ikasten genuen. Baserrian bizi ginen, eta horrek eta auzo txiki batean bizitzeak eman zizkigun bizipen bereziak, kalean bizi direnenetatik desberdinak. Gero institutura joan nintzen. Garindik Beasainera bederatzi kilometro daude, goizean goiz joaten ginen kotxez lantegi batean zebilen auzotar batekin, eta astearteetan, amarekin [Pakita Barandiaran], azokara saltzera joaten zenean. Itzulera, berdin, auzoko batekin, edo oinez.
Unibertsitatera joan zinen gero.
17 urte bete nituen udan amaitu nuen institutua, eta Donostiara joan nintzen EUTGra, Historia ikastera; 1975a zen. Urte bete besterik ez nuen egin. Han bizi nintzen, eta euskarazko klaseak ematen nituen; ordurako alfabetatuta nengoen, Gasteizen egindako ikastaro batzuetan. Mariaren Lagundia eskolan ere jardun nuen euskarazko klaseak ematen; bi irakasleren artean 500 ikasle genituen! Ondo ordaindua zegoen, baina lan handia zen. Hiru urte egin nituen guztira Donostian.
Eta handik, Bilbora joan zinen?
Bilbo aldera, bai, kazetaritza ikastera; Informazio Zientzien karrera osoa Leioan egin zuen lehen belaunaldikoa naiz. Ez dakit zergatik aukeratu nuen kazetaritza, ez nuen halako idazteko zaletasunik… Erandion bizi nintzen, eta euskarazko klaseekin jarraitu nuen han ere.
Orduan hasi zinen atzerrira joaten.
Lagun batek eta biok Andeetara trekking bat egiteko plana egin genuen, eta dirua behar genuenez, Genevara (Suitza) joatea erabaki genuen, lan bila.
Eta aurkitu al zenuten lanik Genevan?
Bai, Unibertsitate hiriko jatetxe batean egin genuen lan, beltzean, egunean 11-bat orduz, eta diru dexente irabazi genuen. Mahats biltzera joan ginen gero, Perpignanera (Frantzia). Hura oso esperientzia ona izan zen. Hantxe hasi nintzen frantsesez hitz egiten, gure ondoan mahatsa biltzen kantu batean ibiltzen ziren bretoi batzuen laguntzaz. Azkenean ez ginen Andeetara joan, baina uda hartakoak merezi izan zuen.
Genevara itzuli al zinen?
Nire laguna ez, baina ni bai. Kazetaritza amaitzeko geratzen zitzaizkidan azken urteak erdia han eta erdia hemen igaro nituen. Kazetaritza 1982an amaitu eta hurrengo urtean Genevako unibertsitatean matrikulatu nintzen, eta lanean jarraitu nuen bitartean.
Han ezagutu zenuen senarra.
Egonaldi haietako batean ezagutu nuen Rachid Somai. Tunisiakoa zen, eta ingeles filologia ikasi ondoren, Genevara joana zen itzulpen eta interpretazio eskolara. 1985ean ezkondu ginen.
Senarraren lanbideak leku batetik bestera eraman zintuen gero.
Nazio Batuetarako oposizioak eginda, itzultzaile eta interprete plaza lortu zuen. Gure artean frantsesa erabiltzen genuen, baina arabiera eta ingelesa ere hitz egiten zituen, eta gaztelania ere ikasi zuen. Eta bai, Nazio Batuen lanagatik, leku batetik bestera ibili ginen.
Zein izan zen lehen destinoa?
Oposizioa atera eta laster deitu zioten New Yorken lan egiteko. 1986ko urtarrilean hasi zen. Bi urterako izango zelakoan joan ginen, Genevara itzultzeko asmoarekin. Baina ez ginen itzuli, ez bertan bizitzera behintzat.
Nolako lana zuen Rachidek?
Itzulpen eta interpretazio lanak egiten zituen, Nazio Batuen egoitza nagusian. Bi urteko prestakuntza egitea zen normalena, erakunde horretan erabiltzen den hizkuntza diplomatikoa edo administratiboa oso berezia delako, eta horretan trebatu egin behar delako. Baina Rachid lau urtez egon zen New Yorken.
Eta zuk, zer egiten zenuen bitartean?
Ingelesa ikasi, eta 1987an Lamia alaba zaharrena jaio zenean, hura zaindu. New York ez zitzaigun iruditu leku aproposa ume txikiak hazteko, ez ginen eroso sentitu amerikar kulturarekin. Baina lau urte egin genituen han.
«Israelen eta Palestinaren artean dagoen gatazka luzearen inguruan mugitu izan da sarri Ekialde Hurbila»
«Ekialde Hurbilean 20 urtez eta hamaika gertakari bizi eta gero, Erromara joan ginen 2011n»
Eta handik Ekialde Hurbilera.
1990ean Irakera joan ginen, Bagdagera. han zegoen Nazio Batuen Mendebaldeko Asiarako Ekonomia eta Gizarte Batzordearen egoitza nagusia. Baina hiru hilabete besterik ez genituen egin. Etxea oraindik jarri gabe genuenean, Tunisiara joan ginen oporretara, eta han ginela, Sadan Husseinek Kuwait inbaditu zuen. Ez ginen itzuli Bagdagera. Ikasgai mikatza izan zen: ‘etzazu planik egin, hiru-sei hilabeterako baino!’
Jordania etorri zen gero.
Tunisiatik Garinera etorri, eta hemen egon ginen Rachiden hurrengo destinora arte. Amman izan zen, hara eraman zuten behin-behineko Batzordearen egoitza, eta han egin genituen hurrengo sei urteak. Jordaniara joaterako gure semea jaioa zen. Omar, hemen jaio zen.
Zer nolako hiria zen Amman?
Ez zitzaidan gustatu, ezin zinen lasai ibili kalean, gizonek ez zintuzten bakean uzten, ezin nuen nire ume txikiekin paseoan ibili. Klima ere ez zitzaidan gehiegi gustatzen. Han jaio zen Ines.
Lamia, Omar eta Ines, beraz.
Seme-alaben izenak arabiarrak dira. Aukeratzeko orduan mundu guztian konnotazio berezirik ez izatea nahi genuen, eta esateko errazak izatea ere bai.
Zein hizkuntzatan hitz egiten zenuten haurrekin?
Aitak arabiarrez eta nik euskaraz. Frantsesa ikastetxean ikasi zuten. Hezkuntza sistema frantsesa aukeratu genuen; oso hedatuta dagoelako munduan, eta leku batetik bestera mugitzean, jarraipena daukalako. Gaztelania eta ingelesa ere ikasi dituzte.
Jordaniara itzuliz, zer nolako giro politikoa zegoen inguru hartan orduan?
Han 1991 eta 1997 artean egon ginen. 1991a, Kuwaiteko inbasioaren hurrengo urtea izateaz gain, Madrilgo bake konferentziaren urtea izan zen. Israel eta Palestinaren arteko gatazkaren inguruan mugitu da sarri Ekialde Hurbila, eta lurraldea kontrolatzeko dagoen indar-neurtze geoestrategikoaren muina izan da gatazka hori. Madrilgo bake prozesua, hurrengo 20 urteko gertakariak markatuko zituen bake prozesu famatua eta Osloko akordioen izenez ezagutuko zena, bidea egiten hasia zen. 1994an Jordaniak berak bakea sinatu zuen Israelekin, gu han geundela.
Orduan hasi zinen Euskadi Irratirako Ekialde Hurbileko berri ematen?
Bai. Ammanen bizi ginela, nirekin jarri ziren harremanetan, eta han gertatzen zenaren kronika eta analisi politikoa egiten hasi nintzen. Oso urte esanguratsuak izan ziren, bazegoen zer kontatu.
Eta Jordaniatik Libanora.
Eta han egin genituen 14 urte, 1997tik 2011ra. Seme-alabak han hazi dira, eta hangotzat dute euren burua. Batzordearen egoitza Beirutera eraman zuten, eta Rachidekin batera gu ere joan ginen.
Beirut gehiago gustatu al zitzaizun?
Bai! Hiri hura desberdina zen. Hamra auzoan hartu genuen etxea. Beiruten lasai asko bizi zitekeen.
Eta politikoki, zer giro zegoen?
Beirutera joan ginenerako Autonomia Palestinarraren lehen harriak ipiniak ziren, Arafat Gazara itzulia zen eta Clinton eta Arafatek Tabako akordioa sinatua zuten. Esan daiteke 1997ko Beiruten optimismo giroa zegoela, Palestinako bake prozesuak itxaropen berriak sortu zituen, eskualdean bakeak ekarriko zituen ongizate ekonomiko eta sozialen itxaropenak. Hiria berreraikitze prozesua hasten ari zen. Diru kredituak heltzen ari ziren, eta hurrengo urteetan Beiruten erdialdea erabat berritxuratu zen, modernitate eta oparotasunerako prest zegoen hiriaren irudia hartuz.
Urte batzuetan bare mantendu zen.
Bai, baina 2000. urtean Camp Davideko negoziaketek porrot egin zuten, Bill Clintonek gonbidatuta Arafat eta Ehud Baraken arteko elkarrizketek alegia. Urte hartako irailean palestinarren bigarren Intifada hasi zen. Laino beltzak hasi ziren berriro ere biltzen eskualdean, baina Libanon, orokorrean egoerak lasai jarraitu zuen, 2005an musulman sunien eta aurreko urteetako berreraikitze ekonomiko eta politikoaren liderra izan zen Rafiq Hariri erail zuten arte.
Giroa gaiztotuko zuen horrek.
Erailketak eskualde osoan izan zuen eragina, Iranek eta Saudi Arabiak lideratzen zituzten bi bloke estrategikoen arteko oreka hautsi zuelako. Tarte hartan bake prozesuaren porrotak Hamas sortzen eta indartzen lagundu zuen, palestinar agintea ahulduz. Gainera, 2006ko udan Israelek Libano inbaditu zuen, eta Hizbollah erakunde islamista, Siriaren zigortzeko, haren azpiegitura militar batzuez gain, aireportuko pistak, zentral elektrikoak eta esne ekoizleak bonbardatu zituen. Beirut hegoaldeko auzo xiiak suntsitu arte jarraitu zuten bonbek. Gertakariak amaitu zirenean, xii eta sunien arteko harremanak gaur arte gaiztotuko zituen amorrua igo zen airera.
Nola bizi zenuten zuek hura?
Ni neu Tunisian nengoen inbasioa gertatu zenean, oporretan, bi ume gazteenekin. Senarra eta alaba zaharrena Beiruten zeuden, eta aste batzuetara Jordaniara ebakuatuak izan ziren. Bi-hiru hilabete kanpoan emanda, urrian itzuli ginenean, Libanoko jendearengan gelditzen ziren itxaropenak amaituak ziren. Supermerkatuetako apaletara esnea eta beste hainbat gauza itzuli ziren hilabete gutxi barru, baina bizipoza ez.
Eta berriz ere gatazkak izan ziren.
2008an musulmanen arteko tirabirak egin zuen eztanda kalean. Tiroka eta lurreko misilez eraso zioten elkarri Beiruten. Astebete egon ginen orduan maletak prestatuta, pertsianak jaitsita eta etxetik atera gabe. Hizbollak irabazi zuen orduan, eta gaurkoz ere irabazteko kartak eskuan dituela jarraitzen du. Ikusten duzuen bezala, Libano oso leku konplikatua da politikoki.
Zuek 2011n alde egin zenuten handik.
Bai, Ekialde Hurbilean 20 urte eta hamaika gertakari bizi eta gero, Erromara joan ginen. Rachid hara bidali zuten Nazio Batuek, FAO edo Elikadura eta Nekazaritza Erakundera lanera. Erromako bizitza lasaiagoa zen. Han egon ginen 2015ean senarra jubilatu zen arte. Gure planteamendua zen Garin eta Tunisia artean bizitzea, baina 2017an Rachid hil zen, eta harrez gero Garinen nago.
Irratiko lanekin jarraitzen duzu?
Bai, hamabostean behin Baipasa saioan hitz egiten dut, ostegun arratsaldeetan. Besteak beste, Ekialde Hurbileko gertakariak komentatzen ditut, hango berri oraindik gertutik jarraitzen baitut.
Kanpozalea, kanpora irteteko gogoz
Pandemiak Garingo etxean harrapatu zuen Mari Jose Lasa Erromara joateko maletak prestatuta zituela. Han bizi den alaba eta lagunak ikustera joatekoa zen iazko martxoan, baina birus malapartatuak planak eragotzi zizkion. Harrez gero izan du familiarekin elkartzeko aukera (bi alabak kanpoan bizi dira), baina hurrengo okasioa noiz iritsiko irrikitan dago, baita bere izaeraren ezaugarri den semi-nomadismoa berreskuratzeko ere.
Ama Pakitak kanpozalea dela egotzi dio beti, eta Mari Josek ezin du hori ukatu. Orain arte, bederatzi lekutan bizi izan da, hasi Garin jaiotetxetik, eta Donostia, Erandio, Geneva, New York, Bagdag, Amman, Beirut eta Erroma zenbatuta. Rachid bere senar zenaren Tunisia ere ez da ahaztu behar, han ere badu etxea eta. Etxe aldaketa horiek guztiek atzean gauzak uzten erakutsi diote, «aldaketa bakoitzean, duzun guztiaren %20 uzten duzu atzean», dio. Atzean utzi ezin dituenen artean, argazkiak, eta nola ez, bizipenak.
Bizipen horietan oinarrituta batez ere egiten ditu gaur egun Euskadi Irratiko Baipasa saiorako kolaborazioak. Ekialde Hurbilean igarotako 20 urteak, gertakariez beteriko urteak izan ziren, eta kazetaria izanik eta berezkoa duen jakin-minagatik, eskualde hartako egoera politikoaz ondo informatuta egotea gustatzen zitzaion, eta hura euskaldunei helarazten zien irrati uhinen bidez. Jordanian bizi zela hasi zen irratian eta egun jarraitzen du zeregin horrekin, hamabostero, ostegunetan 17:30 inguruan (datorren astean du hurrengo konexioa). Lehen handik bertatik kronikak egiten zituen bezala, gaur, mundu arabiarra, islamikoa, Ekialde Hurbila eta Ipar Afrikako estatu eta jendeei buruz egiten dizkioten galderei erantzuten die Garindik. Eitb Nahieran-en bere izena sartuta aurkitu daitezke grabaketak.
Garinera itzuli denetik irratirako egiten duen lan hori ez da duen zeregin bakarra. Kantua ere gustuko du, eta Lazkaoko abesbatzan abesten du.