Maitasuna versus homofobia

Antxiñe-MendizabalAntxiñe Mendizabal Aranburu • Idazlea eta editorea

Bekatorosa naiz. Hala sortu nintzen». Dom Campistron ilustratzaile aldudetarrak (Nafarroa Beherea) bere buruari aitortzen dion izaera bekatari bera eman nahi izan dio argitaratu duen lehenengo liburuari, izenburutik hasita –Bekatorosak–, ilustrazio probokatzaileak lagun. Komiki itxura duen liburu grafiko honek zazpi lekukotza jaso ditu, eskuz eginiko idazkera erabiliz, zazpi elkarrizketaturen ahotik, 2019ko udan egileak jasotako Nafarroa Behereko zenbait herri txikitako homosexual, lesbiana eta bisexualei eginiko elkarrizketetan oinarrituta. Liburuan berridatzi ditu beren sexualitatea onartu eta euren buruaz harro egon arte egin duten ibilbidea; besteak beste, euren ezinak, jasandako erasoak eta bakardadea. Liburua, halere, zazpi lagunen maitasun, itxaropen eta ilusioen istorioa ere bada.

Liburuak, gaiaz eta itxuraz gain, aipatzea merezi duten bi ezaugarri ditu: batetik, lekukotzen ingurugiroa, alegia, beren sexualitatea, landa eremuan bizi izateagatik bereziki, jendaurrera agertzeak ekarri dizkien zailtasunak; bestetik, ahozko hizkeraren doinua duen idazkera fresko eta bat-batekoaren originaltasuna. Liburuaren amaieran, ‘Hiztegi laguna’ ere erantsi zaio, hegoaldeko euskaldunentzat hainbat hitz eta joskera ezezagunak gertatuz gero, lagungarri izango delakoan. Iparraldeko hizkerara hurbiltzeko aukera paregabea da liburua, besteak beste, gaztea, freskoa eta ezberdina delako. Domen lana gidatu duen goiburua aldarrikapen honetan laburbiltzen da: «Zure biziaz harro bazara, zure bidea irekitzen duzu. Eta uste dut bakoitzaren helburua dela lasaiki bizitzea, bide ireki batean, harririk gabe, trabarik gabe. Ez da beti erraza, baina posible da».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>