«Etxean dantza egitean urduriago jartzen naiz»

Aritz FernandezAritz Fernandez Cortazar (Zumarraga, 1999) dantzariak pasa den larunbatean Zumarragako Zelai Ariztin jokatutako Euskadiko Dantza Retro Txapelketan parte hartu zuen Uxoa Ibarreta azpeitiarra bikotekide zuela. Saltsa eta bachata modalitateetan lehenengo postua lortu zuten.

Noiz piztu zitzaizun dantzarekiko pasio hau? Zein estilo egiten dituzu?
Duela 10 urte hasi nintzen dantza munduan. Zumarragako jai batzuetan Joxe Mari Orbegozoren dantza-eskolako emanaldi bat ikusi eta gero, hurrengo ikasturtean bertan izena ematea erabaki nuen. Estilo ugari dantzatu izan ditut: merenguea, txa-txa-txa, saltsa, rock and rolla, jive, sanba, bachata, runba, boleroa, tangoa, pasodoblea… Baina azkenaldi honetan gehien egiten ditudanak saltsa eta bachata dira.

Euskadiko Dantza Retro txapelketan parte hartu duzu. Zer moduz joan zen?
Modalitate bat baino gehiago zeuden arren, gu soilik bi modalitateetara aurkeztu ginen: saltsan eta bachatan. Egia esateko, txapelketa ongi joan zen, eta aipatutako bi dantza horietan lehenengo postua lortu genuen. Badaude zuzendu beharreko gauzatxo batzuk, baina emanaldia ongi atera zen eta oso harro gaude egindako lanaz. Uxoa eta ni zenbait emanalditan batera egon garen arren, txapelketa batean batera dantzatzen genuen lehenengoa aldia izan zen aurrekoa, eta oso urduri geunden. Dena emanda atera ginen eszenatokira, eta epaileek egin dugun lana eta esfortzua aintzat hartu zituzten.

Nolakoa izan da prestatze prozesua?
Hasieran zalantzak izan genituen arren, azkenean txapelketan parte hartzea erabaki genuen. Martxo hasieran ekin genion dantza prestatzeari, eta hilabete hartan egoera ez zegoen oso ongi koronabirusa zela eta. Intzidentzia handia zegoen Gipuzkoa osoan, baina ez genuen mugikortasun arazorik izan eta astero geratzen ginen entseguak egiteko. Hasieran larunbatetan geratzen ginen arren, data gerturatzen zihoan heinean astean zehar geratzen ere hasi ginen dantza prestatzeko. Prozesu luzea izan zen, eta koronabirusak ez zizkigun gauzak erraztu, baina esan daiteke prozesu luzea izan arren ona izan zela, eta ongi egin genuela.

Nolakoa izan zen etxekoen aurrean dantza egitea?
Ni beti urduriago jartzen naiz etxean dantza egitea tokatzen zaidanean, ahalik eta hobekien egin nahi izaten dudalako. Egia da azkenean txapelketa batean dena emanda ateratzen zarela eta urduritasuna handiagoa dela, baina emanaldietan, presio hori herriaren arabera aldatu egiten da. Niri Zumarragan gehiago kostatzen zait, baina azken finean ingurukoengandik jasotzen dudan babes hori izugarria da, eta oso gustura ibiltzen naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>