Bukowskiren oinordetza

Marian-VelascoMarian Velasco • Ikaslea

Ikasketak bukatzear nago, honela langabetuen zerrendara pasaz (ez luzarorako, edo horrela espero dut). Ez da nire buruari prentsa txarra egiteko zein hau gutxiesteko unea, baina idaztea tokatzen zait, eta nire hitzekin proportzio berean zintzoa zein traketsa ez banaiz, ez naiz ni neu. Lerro hauetan nire burua biluztu eta hanka barruraino sartu beharra daukat, ahalik eta hitz desegokienak erabiliz. Trakeskeria eta akatsen komedia, hori da nire esentzia, nire indar-gunea.

Tira, dudan ideia behingoz botako dizuet, stripper batek bularretakoa botatzen duen bezala: Zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta ergelago sentitzen naiz. Eta ez ergelkeria positibo bat, non duzun onena emanda zure burua gainditzen saiatzen zaren, ez. Deprimitzeko moduko ergelkeria bat da, guztiz suntsitzailea. Gaixo sentitzen naiz, dudan autoestimu apurra izerditzen, behazuna zein neure buruarekiko gorrotoa botaka. Burmuineko beherakoa dut. Oso redneck-a sentitzen naiz azkenaldian, eta egia esan, orain oso gaizki datorkit.

Lan elkarrizketa batean neure burua definitzeko eskatuko balidate, krisi honen aurretik, bere arima deabruari saltzen dionak bezalaxe salduko nuke nire burua. Baino orain, ezer ere ez dakidala baino ez dakit, beraz, zer esan dezaket? «Arruntenetan arruntena naiz, baino nire ezagutza mugatuetatik eta ditudan zalantza guztietatik abiatuta, lana ahal dudan hobekien egiten saiatuko naiz». Benetan? Ostia, batzuetan pikutara bidaliko nuke neure burua…

Bukowskiren esaldi bat erabili nahi dut amaitzeko. Behin, lagun batek, ea bere burua jenio baten moduan ikusten zuen galdetu zion (jendearen gustuko idazle bat izateagatik), eta berak hau erantzun zuen: «Egia esan, zaila da azaltzea. Atzeratu baten moduan sentitzen naiz gehienetan». Bukowskiren izpiritua zainetan daramat azkenaldian?

Baita zera ere. Zainetan daramadan bakarra odola eta auto-mespretxua da. Gehien gustuko dudan denborapasak, irakurketak alegia, pistola buruan jarri eta nire etsairik okerrena bihurtu nau, besterik gabe. Galtzaile atera naiz. Eta zer? Galtzeko jaio gaitun, motel.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>