Hitzak

Mikel-AlvarezMikel Alvarez • Gidoigilea

Azken asteetan bolo-bolo dabil Euskaltzaindiak zorigaiztoko 2021 honetako lehen sei hilabeteetan egindako lanaren fruitua. Orotara, 592 forma berri jaso ditu; 427 sarrera eta 165 azpisarrera. Hori gutxi balitz, 975 forma ere moldatu ditu. Tartean, egoera berriarekin lotutako hainbat: koronabirus, asintomatiko, berragerpen, deskonfinamendu… Beste batzuk, aldiz, azken urteetan guztion ahotan dabiltzan eta gizarte mugimenduekin harremanetan dauden beste hainbeste: babesgabezia, estigmatizazioa, etnokultural, heteropatriarkal, independentziazale, islamofobia, naziogintza, patriotismo, jihadismo, mozal… Hauez gain, beste hizkuntzetatik hartutako mailegu anabasa ere gurera ekarri dute: aerobik, allegro, chef, dumping, show, gulag, remake, smartphone, router, queer, poney, nezeser, lasagna, fabada, polboroi, foie, mojito…

Onartutako forma berrien artean portzierto eta dedio dira oihartzun gehien izan dutenetako bi. Oso goierritarrak biak, bide batez (egunen batean sobrare onartuko ote dute…). Gizartea aldatzen doa eta hizkuntza berekin, eta ezin da beste modu batera izan. Hizkuntzak aurrean duguna azaltzeko balio izan behar du eta moldaketa hauek guztiak ongi etorriak izan beharko liratekelakoan naiz.

Berrikuntzen artean, bada azken atal bat, ordea. Aurretik baztertuak izan ziren, baina, oraingo honetan, onartuak izan diren formenak, hain zuzen ere. Tartean, taxista edo ginebra daude. Ulertu dezaket, Euskaltzaindiak taxi-gidari hobestu zezakeela lehen, baina… ginebra? Nola demontre esaten zen lehen ginebra? Uste dut Euskaltzaindiako kideek eta gure koadrilak bizitza oso ezberdina izan dugula…

Amaitzeko, eta Goiberri honetan dudan lekua amaitu aurretik, bitxikeria bat ere aipatu nahi dizuet. Hizkuntza akademiek, Euskaltzaindia kasu, bide ezberdinak aukeratu ditzakete hitz berriak sortzerakoan. Ohikoena, gizarteak darabilen, eta normalean beste hizkuntza batetik datorren hitza moldatzea izaten da. Bada, ordea, beste bide bat. Gurea bezala, hizkuntza isolatua den Finlandiako akademiak adibidez, hitz berriak, hizkuntzarenak diren erroetatik eraikitzen ditu. Ez naiz hizkuntzalaria eta ez dakit zein den biderik egokiena, baina ziur naiz, Suomiarekin hartu duten bidea hautatu izan bagenu, zutabe hau askoz ere dibertigarriagoa izango zela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>