Posible dela erakutsi dutenentzako sariketa

Goieki-lehiaketa

Udazkenean egingo da aurten Goiekik antolatutako Enpresa Ekimen Berrien 24. Sariketa, ‘Eta posible balitz?’ lemapean. Irudia ere landu du, kolore berdea nagusitzen den kartelean.

Urtero bezala, Goiekik lehen urratsak eginak zituen urte hasieratik 23. Enpresa Ekimen Berrien Sariketa antolatzeko. Sariketa babesten duten enpresekin harremanetan jarria zegoen, epaimahaikideekin ere bai, lehiaketaren irudia lantzen hasi zen… baina COVID-19 koronabirusak eragindako osasun krisiak eta hura kudeatzeko indarrean jarritako alarma egoerak asmo guztiak irauli zituen. Hainbat hausnarketa egin ondoren, Goiekik 2020ko sariketa bertan behera uztea erabaki zuen ohiko formatuan, baina beste norabide bat emateko oinarriak jarri zituen.

Eszenatoki horren aurrean, eta egoera desberdinak baloratu ondoren, 23. ekitaldi horretarako enpresek egindako diru ekarpenak –ez ohiko laguntza baten bitartez–, enpresa guneetan kokatzen diren enpresei zuzendu zitzaizkien. Erabaki horren atzean bi arrazoi nagusi zeuden: enpresa txiki horiei jarduera eteteak suposatzen zien galerei aurre egin ahal izatea eta horien biziraupena bermatzea. Egoera sakon aztertu ondoren, sariketarako bideratuta zegoen dirua momentuko kalteak arintzeko erabili zen.

‘Eta posible balitz?’ goiburupean

Iaz ez bezala, Goiekik sariketaren 24. edizioa antolatu du aurtengo, jatorritik dituen helburuei eutsiz: ekintzailearen  irudia sustatzea eta berrikuntza eta enpresen garapena bultzatzea. Eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzea, azken batean. Normalean urteko lehen seihilekoan egin izan du deialdia, baina pandemiaren eraginez urtea gorabeheratsua izaten ari denez, udazkenera atzeratzea erabaki du aurten. Oinarriak eta data zehatzak laster dira argitaratzekoak, baina difusio eta komunikazio  lanari heldu dio dagoeneko. Printzipioz historikoki erabili den formatuan egingo da, eta aurtengoaren goiburua iragarri du: Eta posible balitz? izango da.

Goierriko hainbat enpresak ekarpenak egin dituzte aurten ere lehiaketa ospatu ahal izateko
Ekintzailearen irudia, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzea dira lehiaketaren helburu nagusiak

Lehiaketak hiru kategoria izango ditu. Lehena, eta nagusia, Enpresa Ekimen Berriko Proiektu onena saritzeari dagokiona da. 2020-2021 urteen artean negozio ideia bati buruz bideragarritasun plana landu eta enpresa martxan jarri duten sustatzaileei zuzenduta dago. Ekintzailearen irudia sustatzeaz gain, balio erantsi handiko enpresak sustatzea du helburu kategoria honek.

Enpresa barruan egindako proiektu berritzaile onena saritzea du helburu bigarrenak. Enpresek berrikuntza prozesuak martxan jar ditzaten eragitea bilatzen du Goiekik kategoria honekin, eta era berean, berrikuntza horiek gauzatzeko laguntza ematea enpresa txiki eta ertainei (ETE). 2020-2021ean halako proiekturen bat landu duten enpresei zuzenduta dago.

Hirugarrenak ekintzailetza eta gizarte inklusioa uztartzen ditu, eta azken urtean negozio ideia bati buruz bideragarritasun plana egin eta enpresa martxan jarri duten, eta zailtasun edo bazterkeria egoera dauden norbanako eta taldeei zuzendua dago. Lan munduan txertatzeko zailtasunak dituztenei bultzada ematea du helburu kategoria honek.

Ekintzaile kopurua hazten

Kopuruei erreparatuta, 430 izan dira azken 26 urteetan Goiekiren Inkubategiaren laguntzaz eta aholkularitzaz Goierrin ireki diren negozioak, 17 urtean, batekoz beste. Proportzio horiek igo egin dira azken urteetan: 2019an 42 sortu ziren, 2020an 24 eta 2021ean –uztaila barne dela– 15 izan dira. Goiekiko Ekintzailetza zerbitzuak irakurketa baikorra egiten du: «Gezurra badirudi ere, hainbat sustatzaileren animoak gogor iraun du garai zail hauetan, eta esfortzuarekin eta motibazioarekin negozioak abian jarri dituzte».

Iaz sortu ziren 24 enpresen bidez 34 lanpostu berri sortu dira Goierrin, eta inbertsio maila 375.000 eurokoa izan da. Sustatzaileen %60 emakumezkoa da, eta %53k goi mailako ikasketak ditu. Adinari dagokionez, %36k 25-35 urte artean dituzte. Ekintzailetza zerbitzua eskertuta dago sustatzaile horiek erakutsitako indar eta kemenarengatik, eta egoera zailetan ere negozio berri bat irekitzea posible dela erakusteagatik.

430

Enpresa berri. Goiekiko Enpresa Ekimen Berrientzako Zerbitzua orain 26 urte sortu zen –1995eko uztailean–, negozio ideia bat duten ekintzaileei haien enpresa proiektua gauzatzen laguntzeko. Bideragarritasun planak landu ondoren, 430 izan dira Goiekiko Inkubategiaren bidez sortutako enpresa berriak.

2021eko sariketa

Enpresa Ekimen Berrien 24. Sariketa udazkenean egingo da aurten, hiru kategoriatan banatuta.

  • Enpresa ekimen proiektu onena. Sustatzailearen irudia bultzatu eta bailaran lana eta aberastasuna sortzea saritzen da, proiektu berritzaile, sendo eta bideragarri baten bitartez.
  • Enpresan egindako proiektu berritzaile onena. Eskualdeko enpresa txiki eta ertainetan landutako produktu, prozesu, merkatu eta antolakuntza eredu onena saritzen da, berrikuntzaren sustapena ardatz hartuta.
  • Gizarte inklusioa eta ekintzailetza. Ekintzaile proiektu baten bidez gizarte inklusioa sustatzen duen proiektu onena saritzen da hirugarren kategoria honetan.

Azken 10 irabazleak

Enpresa ekimen proiektu onenen sariketaren azken hamar irabazleak: Dataola (2019), IDDO (2018), Erasight (2017), Fashion Ole (2016), Gertuko (2015), Gailur (2014), Ttiklik (2013), Daia (2012), Aitor Aranburu (2011) eta Hazia (2010).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>