‘Love is not tourism’

German-UrteagaGerman Urteaga Garmendia • Psikologoa eta Trans aktibista

Ez nuen hontaz idaztea pentsatzen, baina tira, hala sentitu dut, beraz, aurrera. Azken urte eta (ia) erdia bereziki gogorra izan da gizarte osoarentzat, modu batean ez bada bestean denoi eragin digu egoera honek eta oraindik ikusteko dago osasun fisikoaren egoera kontrolpean dagoenean pertsonon osasun mentalean zein ondorio izango duen bizitzen ari garen gerra honek.

Pandemia honetan zehar, ingurura begiratzean, maiz zur eta lur geratu naiz eta pentsatu izan dut hemen ere pribilegioak pil-pilean daudela. Ni ere banaiz pribilegiatua, asko baino gehiago dudarik gabe, baina beste asko baino gutxiago ere bai.

Gauza askoz hitz egin nezake pandemiari dagokionez, baina batean soilik zentratuko naiz gaur. Pandemian zehar Love is not tourism deitzen den komunitate bat sortu da sare sozialetan, izenak dioen bezala maitasuna ez dela turismoa aldarrikatzen duena. Bertan distantziako bikote-harreman batean dauden pertsonek euren esperientziak partekatzen dituzte, elkarri aholkuak eman, elkar lagundu… Herrialde desberdinetako araudien inguruko informazioa eskatzen dute askok eta fisikoki elkarrekin egotea lortu dutenek euren esperientziak partekatzen dituzte besteei itxaropena eskainiz. Denetariko bizipenak daude, baita euren haurra oraindik ezagutu ez dutenena ere, pandemiak bikotea herrialde ezberdinean harrapatu duelako haurra jaio denean.

Ez dut uste bizi izan ez duenak uler dezakeenik idazten ari naizena. Distantziako bikote-harremanak gogorrak dira berez, horri pandemia eta honen ondorioak gehituz gero, pentsa zenbat zailtzen diren gauzak. Askok ezin izan dute jarraitu. Zorionez beste asko indartuta atera dira.

Bikotea ondoko herrian bizi eta kexatu diren asko entzun ditut, pandemia jolas bat bailitzan hartu duten asko ere bai, denei ez die berdin eragi(te)n semaforoaren koloreak. Brasilgo eta Herbeheretako bikote bat Eidhovenen (Herbehereak) elkartu berri dela irakurri dut artikulu hau idazten hasi aurretik, izugarrizko akrobaziak egin ostean. Zorionez egoera hobetzen ari da, eta geroz eta bikote gehiago daude fisikoki elkarrekin (eta ez bikoteak soilik, nahiz eta artikulu honetan horretan zentratu naizen).

Espero dezagun ditxosozko pandemia hau laster amaituko dela. Bitartean ez ahaztu batzuentzat kapritxoa dena besteontzat beharra dela; eta bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Nik hau soilik esango dut: Love is not tourism, edo nahiago baduzue, Maitasuna ez da turismoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>