«Guraso erdaldunak nituen, baina kalean ikasi nuen euskaraz»

g001_f02

Elena Niño Rico (Antzuola, 1954) etorkinen alaba da, eta Antzuolako kaleetan ikasi zuen euskara. Urretxuko baserritar batekin ezkondu zen eta baserriko lanak egiten ere ikasi zuen. Semea aktorea du, eta haren managerra dela esan daiteke. Alabaren eskutik, berriz, musika mundua ezagutu du. Azoketara joateari utzi zion eta jostea, postreak egitea eta irakurtzea dira bere zaletasunak.

Beti Urretxuko Irigon baserrian ezagutu zaitugu. Jaiotzez al zara baserritarra?
Ez, kaletarra naiz. Gurasoak Burgostik etorri ziren, lanera. Aita Bilbora etorri zen lehenengo. Han ez zuen behar bezalako lanik aurkitu, eta Bergarara etorri zen. Compañia Nacional de Oxigeno delakoan hasi zen lanean. Ezkondu eta ama ekarri zuen. Bergaran ez zuten etxebizitzarik aurkitu, eta Antzuolan Garitanotarrak etxe bat eraikitzen ari zirela entzun zuten. Han jaio nintzen ni, Plaza del General Mola delakoan.

Nola gogoratzen dituzu ikasle garaiak?
14 urte bete arte bakarrik ikasi ahal izan nuen, etxean ez baitzegoen ikasketak Bergaran jarraitzeko dirurik. Ikasten jarraitu nahi nuen, baina ez zegoen aukerarik. Nahiko ondo marrazten nuela gogoratzen dut. CEAC ikastaroen berri izan nuen eta gutun bat bidali nuen. Eskolan nengoela, tipo bat azaldu zen, nigatik galdezka. A ze lotsa pasa nuen… Askotan pentsatu dut: eta aurrera egin izan banu?

Ikasten jarraitu beharrean, lanean hasi zinen. Non?
Aitaren fabrika amerikar batzuek erosi zuten, eta Sevillara eraman zuten. Aitak sabeleko gaitz bat zuen eta Sevillako beroak kalte egingo ziola uste zuen. Anaia-arrebok ere ez genuen Sevillara joan nahi, lagunak hemen baikenituen. Hala, taberna bat ireki genuen nik 14 urte nituenean. Antzuola zuen izena. Lokala han dago oraindik eta makina bat jendek hartu du guk utzi genuenetik.

Urte askotan lan egin al zenuten tabernan?g004_f02
Ezkondu nintzenean, tabernarekin jarraitu zuten. Ama eta aita bakarrik gelditu zirenean itxi zuten. 23 urterekin ezkondu nintzen.

Urretxuko Irigon baserriko seme batekin ezkondu zinen.
Senarrak Antzuolan lehengusu txikiak zituen eta egun batean lehengusinarekin tabernara joan zen. Lehengusina la- guna nuen, aurkeztu egin gintuen… eta kito. Lau urte eman genituen nobio bezala eta ondoren ezkondu egin ginen.

Ezkondu zinenean, Irigon baserrira etorri zinen. Kaleumea zinen. Ondo moldatu al zinen?
Ordura arte behiak zelaietan ikusi nituen beti. Ez nekien ezer baserriari buruz. Etorri nintzenean, «hementxe nago, hemen bizi behar naiz eta hemen lan egin behar dut», pentsatu nuen. Hala, baserriko lanak normaltasun guztiarekin hartu nituen.Nolako baserria zen Irigon?
Esnetarako zazpi behi zeudela uste dut. Hala, etxez etxe esnea banatzen hasi nintzen. Baratzera laguntzera bakarrik joaten nintzen. 2001ean utzi nion azokara joateari. Eroski ireki zutenean, jendea porruak Eroskin merkeago zeudela esaten hasi zen. Salneurria galdetu eta apur bat merkeago emateko esaten zigutenak ere bazeuden. Hori ezin da horrela izan. Baserritarraren lana behar bezala ordaindu behar da.Azokara joaten hasi zinenerako euskaraz hitz egiten al zenuen?
Antzuolako euskara nekien. Bizkaikoaren kutsua du. Baserrikoei grazia egiten zien, hemengoa garbiagoa eta politagoa iruditzen baitzitzaien. Akademia batera joan nintzen, baina alaba jaio zenean utzi beharra izan nuen. Semearen andereñoari –Aloña Murua– laguntza eskatu nion eta berarekin jarraitu nuen.

g004_f01

«Ezagutzen ez duguna mespretxatzeko joera dugu»

Nola ikasi zenuen euskaraz?
Eskola gazteleraz zen, baina doktrina euskaraz egiten genuen. Nire gurasoak erdaldunak ziren, baina kalean euskaraz ikasi ahal izan nuen. Izan ere, garai hartan oso kanpotar gutxi zegoen Antzuolan. Gu lehenengoak edo bigarrenak izan ginen. Antzuolakoek oso gaizki egin zuten: etorri ziren guztiei euskara irakatsi beharrean, etorkinak gazteleraz ikasteko baliatu zituzten. Gurasoak beraien etxeko erdaldun bakarrak ziren, baina ez zuten euskaraz ikasi. Beste askorekin gauza bera gertatu da. Ez bazaituzte euskaraz ikastera behartzen…

Bi seme-alaba dituzu: Gorka eta Sara. Gorkak Down sindromea du.
Gorka 24 urterekin izan nuen. Antzuolan Down sindromea zuten bi pertsona zeuden, baina halako bat etortzen zaizunean ez duzu mundu hori ezagutzen. Ez duzu halakorik espero. Baina Gorka jaio zenean, «lepoan hartu eta segi aurrera» esan genuen.

Normalizazioaren aldeko lan itzela egin duzu.
Nire bizitzako lan nagusietako bat izan da. Pertsona batzuk oso lotsagabeak dira. Batzuk, Gorkak hitz egiten zuelako edo barre egiten zuelako harritu egiten ziren. Zu bezalako pertsona bat da! Kromosoma bat gehiagorekin jaio da, apur bat motelago ikasiko du… eta kito. Baina ezagutzen ez duguna mespretxatzeko joera dugu. Gorka jaio zenean ez nekien ezer Down sindromeari buruz. Erizainek gauero ariketa batzuk egitea komeni zitzaiola esan zidaten, nik egiten nuen guztia irakasten nion eta ez nuen bakean uzten, bizkortu zedin. Urte eta erdirekin ikasi zuen oinez. Bere burua astindu nahi nuen, bere irudimena sustatu… eta ipuinak kontatzen nizkion. Ni hasten nintzen, gero berak jarraitzen zuen, ondoren Sara elkartu zitzaigun… Denok asko ikasi dugu Gorkarekin.

Ikastetxearen babesa sentitu al zenuten?
Bai. Gorka asko maite zuten. Gorka zegoen tokian ez zegoen sekula iskanbilarik. Atzegikoek ere bere autoestimua sustatzen lagundu digute, eta, hala, beti zoriontsua izan da. Berak badaki Down dela, baina horrek ez dio ezer txarrik suposatzen. Zenbat gauza egin dituen!

Eta zuek, bere eskutik, gauza asko egin dituzue. Nork esan behar zizun aktore baten ama izan behar zinela!
Ze aktore ona den gainera! Oso harro gaude beraz.
Alabak ere harro egoteko arrazoiak eman dizkizue.
Gorkari asko irakatsi dio. Lehenengo seme-alaba bigarrenaren maisua izaten dela diote, baina kasu honetan alderantziz izan da. Biak oso biziak eta alaiak izan dira eta Sarak Gorkari tira egin dio.

Umetan bere anaia Down zela konturatzen al zen?
Ez. Behin eskolatik negar batean etorri zen, lagun batek Gorka subnormala zela esan ziolako. Gorkak Down sindromea duela esan genion eta kito. Bere anaia ez du saltzeko, ezta gutxiago ere. Oso harreman estua izan dute beti. Ezin dut hitzez azaldu.

Down sindromea dutenen egoera asko hobetu al da?
Bai. Alde batetik, gutxiago daude, emakume gehienek proba egiten baitute. Bestetik, egoera asko aldatu da. Jendeak beraien mundua hobeto ezagutzen du eta Down sindromea duen haur bat izatea ez da horren dramatikoa. Duela 40 urte ez zegoen batere informaziorik eta dena gurasoen esku zegoen. Egun elkarte eta talde asko daude. Atzegin jarraitzen dut, baina dagoeneko ez naiz guraso berriekin egiten diren bileretara joaten. Lan asko egin dut.

Seme-alabekin egin duzun lanaren eskutik, esperientzia asko bizi izan dituzu.g004_f03
Gorkak Jose Coronado aktorearekin pelikula bat egin zuen eta Gijongo zine jaialdian egon ginen, adibidez. El hoyo pelikula ospetsuan ere parte hartu zuen, Zinkunegi anaiekin egin zuen lana ere oso polita izan zen… Beti bere lana oso ondo prestatu duela esan digute. Biok oso gogor lan egin dugu. Zenbat errieta egin diodan… Beti oso argi izan dut Gorkak gainontzekoen exijentzia maila izan behar duela. Entseguetara, errodajeetara… dena ondo ikasita joan behar da. Eta alabarekin, zer esango dizut. Asko gozatu dugu seme-alabekin.

Feministatzat al duzu zure burua?
Emakumeon eskubideak defendatzeko orduan lehenengoa naiz, baina ez nago gizonen aurka. Eskubide berdintasunaren alde nago. Ez naiz pankartekin ateratzen, baina emakumeen eskubideen defendatzailea naiz. Asko borrokatzea tokatu zait.

Azokara joateari utzi zenion, seme-alabak helduak dira… Garai batean baino lasaiago biziko zara, ala?
Bai. Dagoeneko ez dut ordutegirik. Mendira joan nahi badut mendira joaten naiz, etxean gelditu nahi badut etxean gelditzen naiz… Nire zaletasun nagusia irakurtzea da. Polizia-nobelak gustatzen zaizkit. Eta Diana Gabaldonen Forastera oso-osorik irakurri dut. Bederatzi liburu dira eta horiekin Outlander telesaila egin dute. Telebista ez dut ikusten. Ez dago gustatzen zaidan ezer. Jostea eta kakorratz lanak egitea ere asko gustatzen zait. Eta postreak egitea.

Bilobaren panpinentzako egin dituzun soinekoak oso ezagunak egin dira.
Aspaldi ikasi nuen josten, Antzuolan. Seme-alabentzat arropak egiten nituen haurrak zirenean, baina urte asko neramatzan josi gabe. Laiak Nancy bat eskatu zigun eta arropa guk geuk egitea proposatu zidan. Euskadiko Orkestran arropa erosteko dirua ematen diete eta Sarak (alabak) Leire Santillan urretxuarrarengana jo zuen. Leirek berarentzat egindako arropa probatu behar zuen batean, alabak berarekin joateko esan zidan. Leireri oihal zatiak eskatu nizkion eta oihal zoragarri horiekin bilobaren panpinentzako jantziak egin nituen. Niri ezer esan gabe, Sarak Leireri erakutsi zizkion nik egindako arropak. Eta niri ezer esan gabe, panpinak erakusleiho batean jarri zituzten. Oso detaile polita izan zen.

Diseinuak zureak al dira?
Bai. Ez dut moda oso gertutik jarraitzen, baina Leirek ematen dizkidan oihal zatiak inspiratzaileak dira. Leirek nire arropek Balenziagaren kutsua dutela esan zidan. Jendeari gustatu egin zaizkio eta horrek poztu egin nau. Asko gozatzen dut lan horretan, eta biloba eta bere lagunak oso gustura daude, beraiei ere panpinentzako jantziak egin baitizkiet.

Nola ikusten duzu etorkizuna? Ba al duzu ametsen bat betetzeke?
Orain arte bezala jarraituko dudala pentsatzen dut: gustuko zerbait ikusten badut, hartu eta egin. Beti pozik eta bizitzari eskerrak emanez, dugun bizitzagatik, seme-alabengatik, bilobengatik… Dugun bizimodua eskertzekoa da. Gaur behintzat ondo gaude. Biharkoa nolakoa izango den, ez dakigu.

g007_i01

Aktorearen eta musikariaren ama

Elena Niño oso ezaguna da Urretxun, baina Urretxutik kanpo Gorka Zufiaurreren eta Sara Zufiaurreren ama da. Gorka aktorea da eta antzezlan, pelikula eta telesail ezagunetan parte hartu du. Sara, berriz, Euskadiko Orkestrako kidea da. Hala, beraiek dira komunikabideetan agertu ohi direnak. Ama itzalean egoten da. Sara asko poztu da aldizkari honek ama elkarrizketa behar duela jakitean. Eta amari buruz hitz egiteko prest azaldu da. «Oso pertsona gardena da. Zuzena. Gauzak aurpegira esaten ditu. Egia beti aurretik jartzen du. Ez daki zer den politikoki zuzena izatea. Bestalde, beti laguntzeko prest dago. Bere lagunen oso laguna da. Detailezalea. Denon urtebetetze egunak gogoratzen ditu». Ama bezala, asko lagundu diela dio. «Ez digu sekula mugarik jarri. Bere lema Nahi baduzu, lortu dezakezu da. Horri esker, Gorkak irakurtzen, antzerkia egiten… ikasi zuen. Gorkarekin sekulako lana egin du, bai arlo sozialean bai pertsonalean. Ama oso pertsona ausarta eta alaia da, eta horrek asko lagundu digu. Besteek esaten dutenari ez die kasurik egiten eta ez du lotsarik». Horrekin lotuta, Sarak Elena Niñoren musika zaletasuna gogoratu du. «Inauterietan, Goiargi abesbatzaren entseguetara mozorrotuta joaten zen. Goiargi abesbatzako entseguen eta emanaldien oso oroitzapen ona dut. Gu ere eramaten gintuen eta abesbatzako beste emakume batzuen seme-alabekin jolasten genuen. Jon eta Itziar Goenagarekin, adibidez. Bestalde, bere gaztaroan, Arantxa Lizarralde lagun minarekin (gure aitaren lehengusina) musika taldea sortu zuen. Arantxa y Elena, la rubia y la morena esaten zieten. Musika eskolara ere joan zen. Ez du sekula ikasteko beldurrik izan eta ez dio mugarik jarri bere buruari. Musika zaletasuna amarengandik datorkidala uste dut».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>