Eskaera eta eskaintza

Captura de pantalla 2021-09-23 a las 15.20.31Etxerako erosketak Ordiziako Eroskin egiten ditugu gurean sarritan. Tarteka, oso interesgarriak izaten diren aldizkari batzuk eskaintzen dizkigute. Saltzen dituzten produktuen inguruko azterketak egiten dituzte: kalitatearekin lotutako konparaketak, elikagaien osagaiei buruzko hausnarketak, errezeta osasungarriak… Bazkide izateagatik dohainik dagokigun oparia dela kontuan izanda, pentsa liteke gustura jasotzen ditugula. Bada, ez.

Hilero, elkarrizketa berbera izaten dut kutxan dagoen langilearekin. Izan ere, aldizkari horiek beti gaztelaniaz eman izan dizkidate. Nik euskarazko alerik baduten galdetzen diet, eta, orduan, langilea zalapartaka hasten da. Agirian dauzkanei begiratzen die, azpian gordeta dauzkanei ere bai, aldameneko kutxako lankideari galdetzen dio ea berak euskarazkorik baduen, hura ere zalapartaka hasten da… Total, azkenean, kasurik onenean, bi aldizkarietako bakarrarekin joaten naiz etxera, bestearen euskarazko alerik topatu ez dutelako.

Atetik irtendakoan, behin eta berriro galdetzen diot neure buruari ea Ordiziako Eroskin erosten duen bazkide bakarra ote naizen aldizkariak euskaraz eskatzen dituena. Ze, pentsatzen jarrita, eskaera hori jende askok egingo balu, azkenerako eurei ere komeniko litzaieke ale batzuk eskura izatea, ezta?

Baina, ondoren, beste burutapen bat izaten dut; denda horretako bezeroen artean euskaraz ulertzen ez dutenen ehunekoa kontuan izanda, ba al du zentzurik kutxa guztietan aldizkari horiek besterik adierazi ezean gaztelaniaz banatzeak? Eta ohartzen naizenean irailean euskaraz banatutako ale kopuruaren arabera erabakiko dutela urrian zenbat inprimatuko dituzten euskaraz, tristura sartzen zait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>