Nahia Garrido Malvar (Urretxu, 2007) 10 urte zituela murgildu zen lehenbizikoz igeriketa munduan. Urte bikaina egiten ari den urretxuar gaztea Tolosaldea IKT taldeko kidea da gaur egun, eta bere azken lorpenen artean urrian jokatuko den Mediterraneoko Kopan parte hartuko duela da.
Nolatan murgildu zinen igeriketa munduan?
Haurra nintzela, Zumarragako igeriketa ikastaroetan izena ematera animatu ninduen amak. Ikastaro horiei esker, kirol honetan iaioa nintzela ikusi nuen, eta hau horrela, Legazpiko igeriketa taldean sartzea erabaki nuen azkenean. Gaur egun Tolosaldea IKT taldean nabil, eta modu profesionalean lehiatzen naiz haur-kategorian.
Zein modalitatetan aritzen zara igerian?
Nire modalitatea bizkar-estiloa da, baina tximeleta-eran igeri egiten ere nahiko trebea naiz. Hala ere, denetik egitea tokatu izan zait txapelketetan. Aurten, esaterako, Euskadirekin Autonomia Erkidegoen arteko Estatuko Txapelketan parte hartu genuen Oviedon, eta errelebo-lasterketa egitea egokitu zitzaidan; irabazi egin genuen gainera. Hala ere, bizkarrean sentitzen naiz erosoen.
Urte bikaina egiten ari zara. Zein lorpen azpimarratuko zenuke?
Urriaren 15etik 17ra Belgradon jokatuko den Mediterraneoko Kopa azpimarratuko nuke zalantzarik gabe. Kopa horretan parte hartzen dudan lehen aldia izango da hau, eta Espainiako Selekzioarekin joango naiz bertara. Oraindik ez dakit bi ala hiru egunetan egokituko zaidan igeri egitea, eta ez dakit bizkarraz gain beste modalitateren bat ere egin beharko dudan; erreleboren bat agian.
Espainiako Selekzioarekin parte hartzen duzun lehenengo aldia izango da hau?
Espainiako Selekzioarekin txapelketa batean parte hartuko dudan lehen aldia izango den arren, bi kontzentraziotan ibili naiz dagoeneko talde honekin. Aste Santuan izan zen lehenengoa, Neguko Txapelketan Europako minimoak lortzeagatik. Oporren ostean, emaitza horiek lortu zituzten igerilariekin txapelketa batean parte hartzea zen selekzioaren hasierako helburua, baina azkenean ez zen aurrera atera. Bigarren kontzentrazioa, berriz, pasa den astean egin nuen Malagan. Oso entrenamendu teknikoak izan ziren, elementu guztiak kontuan hartzea ezinbestekoa baita emaitza jakin batzuk lortu nahi baditugu.