Hemen da aro berria

Industria-Arcelor

Burdingintzak aberastasuna ekarri zuen Urretxu eta Zumarragara, baina azken hamarkadetan enpresa handienak itxi egin dira. Industria eremu horiek berpizten ari dira, ordea. Burdingintzaren ondorengo aroa hastera doa.

Urretxu eta Zumarragak garai oparoa bizi izan zuten joan zen mendearen erdialdean. Enpresa asko ireki ziren eta horiek aberastasun ekonomikoa ekarri zuten. Bi herriak izugarri hazi ziren enpresa horien eskutik. Trenak etorkinez gainezka heltzen ziren eta urte gutxitan bi herrietako populazioa biderkatu egin zen. 1980ko hamarkadan beherakada hasi zen, ordea. Azken 40 urteetan garai bateko enpresa garrantzitsu ia guztiak pikutara joan dira: Madaya, Sarralde, Irimo, Orbegozo (Arcelor Mittal)… Lanpostu asko galdu dira, eta gainera, pabiloi zaharrak betirako hor geldituko zirela zirudien. Garai bateko loriaren eta egungo gainbeheraren erakusle. Etorkizun beltzaren iragarle. Instituzioek egindako lana fruituak ematen hasi da, ordea: Telleria enpresak Irimoren orubea erosi zuen eta bertan pabiloi berriak egingo ditu, eta Eusko Jaurlaritzaren Sprilur erakunde publikoak Sarralderen eta ArcelorMittalen lursailak erosi ditu. Urretxu eta Zumarraga aro berriaren lehen argi izpiak ikusten hasi dira.

Bi herrietako alkateak gustura ageri dira, noski. Jon Luqui Urretxuko alkate eta mankomunitateko lehendakariak onartu berri den Plan Orokorraren garrantzia azpimarratu du. Hasteko Telleria enpresari Urretxura joaten lagundu zioten. «Lurjabearekin hitz egin genuen, Solviarekin, eta hiruron artean salerosketa egitea lortu genuen. Telleriak epeekin eta deskontaminazioarekin lotutako konpromiso batzuk hartu zituen. Dagoeneko Plan Orokorra onartua dagoenez, lizentziak emateko aukera dugu. Datorren urtean hasiko dira pabiloia eraikitzen. Sei pabiloi dituzte Zumarragako industrialdean eta denbora beharko dute trasladoa egiteko», azaldu du.

Maquetación 1Ondoan, gasolindegi bat irekiko da. Urretxuk ez du sekula gasolindegirik eduki. «Urkiola karrozeriaren lursaila erosi dute eta bertan gasolindegi bat irekiko dute. Lursail horren deskontaminazioa errazagoa da, 2.000 metro koadro bakarrik baitira eta atzealdea lorategi bat baita. Hauek ere datorren urtean hasiko dute obra», aurreratu du alkateak.

Mahaiaren hirugarren hanka Sarralde da. «Deskontaminazioa aurten bukatuko dugu eta datorren urtean Sprilurrek eraikina botatzeko proiektua egingo du. Bota ondoren, enpresak erakarri beharko ditu. Edo deitzen ari direnei kasu egin. Izan ere, hainbat enpresa galdezka ari dira dagoeneko. Asmoa enpresa bakarra ekartzea da, kalitatezko lanpostuak sortuko dituena», azaldu du.

Egindako lanaren saria

Urretxuko alkateak azken urte hauetan egindako lanari merezi duen balioa aitortu nahi dio. «Enpresa batzuekin (Telleria eta Euskadi Low Cost gasolindegi katea), saltzaile batzuekin (Solvia eta Urkiolatarrak) eta erakunde publiko batekin (Sprilur) lan egin dugu. Eta Telleria enpresari eta Urkiolatarrei gure laguntza eskaini diegu, gestio lanetan. 25.000 metro koadro saltzea lortu dugu, guztira. Horretaz gain, Intxeneako errotonda berria egin zedin lan egin dugu. Ez gara zain egon eta horrek etekina eman digu».

Urretxuko Udalaren hurrengo helburua Kaminperen etorkizuna zehaztea da. Kaminpe Arcelorren fundizioa zen eta lursail hori ez dio Euko Jaurlaritzari saldu nahi izan. «Enpresa batek Kaminpen sartzeko asmoa zuen, baina Arcelorrek ezetz esan zion azkeneko unean. Eurek argitu beharko dute zergatik ez duten Kaminpe saldu. Kaminperekin zer gertatu zain gaude. Gure planean inguru horretan errotonda bat egitea aurreikusten dugu, Zumarragarekin adostuta».

Etorkizunari begira, baikor ageri da. Dena den, pazientzia pixka bat eskatu du. «Jendeak ze enpresa etorri behar diren jakin nahi du, baina enpresak ezin dira edozein modutara etorri. Lehenengo lursailak garbitu behar dira. Eta hori prozesu luzea da. Baina gauza bat argi dago: zonalde hau (Goierri garaia) jarduera ekonomikoetarako lursail gehien izango duen Gipuzkoako zonaldea izango da. Urretxu eta Zumarragako lursailei, Legazpikoak eta Ezkiokoak gehitu behar zaizkie. Gainera, beste galdera bati erantzun beharko diogu: Sprilurrek eraiki gabeko lursailak erosi zituen eta orain eraikitakoak erosten ari da horiek berrerabiltzeko. Eraiki gabekoetan eraiki behar al da? Erantzuna garbia da: Sprilurrek garai bateko enpresen lurrak berrerabili nahi ditu», aipatu du.

Luquik argi utzi nahi du Goierri garaia osoa dela aukera handi baten aurrean dagoena eta lursail horietan enpresa garbiak ezartzea sekulako garaipena dela. «Duela urte batzuk, gure kezka handietako bat airearen kalitatea zen. Dagoeneko ez dugu arazo hori eta lursail garbi batzuk izango ditugu. Garbitu arte denbora pasako da eta denbora horretan ze enpresa nahi ditugun erabaki beharko dugu. Urretxun, adibidez, hipermerkatuei ezetz esan diegu, behin eta berriro».

Itxuraz, enpresak erakartzea lortuko da. Izan ere, lursail horiek guztiak ondo komunikatuta daude eta tren geltokitik gertu. «Onerako edo txarrerako, trenagatik gara gaur egun garena. Aberastasuna ekarri zuen, baina 1980ko hamarkadatik aurrera behera egin dugu eta, gainera, sekulako karga jasan behar izan dugu hemen izan dugun industriagatik. Enpresa handienak itxi egin ziren, baina argi izpi bat ikusten hasi gara. Esan bezala, lursail gehien dituen zonaldea gara eta, gainera, Bergara eta Beasain minutu gutxi batzuetara ditugu. Lana eginda, Arcelorreko 150.000 metroak betetzea ere lor daiteke. Udaletxe honetara Urretxun ditugun lursailak baino handiagoak behar dituzten enpresak etorri dira lursail bila. Aberastasuna etorriko dela esatea baino, nahiago dut beste jarduera batzuk etorriko direla esan. Lehenengoak hurrengoak erakarriko ditu. Guri Telleriak beste batzuk erakartzen lagunduko digu. Eta herriak beste itxura bat izango du. Erakargarriagoa».

Zumarragako alkatea ere baikor

Mikel Serrano Zumarragako alkatea ere baikor ageri da. Dagoeneko, Espainiako Gobernuaren Industria Ministerioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamentuaren laguntzarekin garatzen ari den egitasmoaren berri eman du. «Sprilurrek Arcelor erostea Zumarragan azken urteetan izan dugun albiste onena da. Zumarragak Udalak lursaila erosteko dirurik ez duenez, beste formula batzuk aztertzen ari ginen, Plastic Energy enpresak hona etortzeko aukera eduki zezan. Enpresa honek Gipuzkoako plastikoaren zikloa itxi dezake. Tratamendu kimiko baten bitartez, plastiko guztia berrerabiltzea lor daiteke eta elikadura enpresen plastiko beharrari erantzun. Gipuzkoatik kanpoko plastikoa ere jasoko luke. Plastic Energyk horrelako beste bi lantegi ditu estatuan».

Maquetación 1Serranok enpresa horrek 30.000-40.000 metro koadro beharko lituzkeela dio. Horretaz gain, beste bi egitasmo lantzen ari da Sprilurrek erositako lursailerako. «Plastikoaren ekonomia zirkularra garatzeko gune bat ere abian jarri nahi dugu. Horretaz gain, ondare bezala katalogatuta dauden 1950eko hamarkadako eraikinetan Zumarragako industriari buruzko interpretazio zentro bat egin nahi dugu. Gure historia gorde nahi dugu. Hiru proiektu horiek ez lukete lursail osoa hartuko, noski», onartu du.

Serranok egitasmo hauek lehenbailehen garatzea nahi du. «Zumarragak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen departamentuaren eskutik, proiektu bat du. Eusko Jaurlaritzak erraztasun guztiak ematea nahi dugu. Plastic Energyk lursaileko toki garbiena hartu nahi du eta garbiketa azkar egin daiteke. Jaurlaritzak garbiketa lanak hor hastea espero dugu. Orain arte udala, aldundia eta Espainiako Gobernua elkarlanean aritu gara. Hemendik aurrera jaurlaritzarekin lan egin nahi dugu. Bera bakarrik falta zen, eta ongi etorria da. Zumarragarentzat eta Gipuzkoarentzat ona dena, Euskadirentzat eta estatuarentzat ona da. Proiektu hau estrategikoa da».

Errotonda berri bat

Arcelorrena zen lursail hori garbitzeak beste aukera batzuk ere badakartza: eremu horrek sarrera berri bat izango du. «Txatarra parkearen eta Kaminperen artean errotonda bat egingo da eta Arcelorreko lursailera eta Argixao industrialdera sartzeko balioko du, besteak beste. Horretan ere ari gara. Hala, kamioiak ez dira herritik pasako. Beasaindik datozen kamioiek Argixaoko tunela pasa beharko dute eta Bergara aldetik sartu beharko dira Zumarragara, Arcelorren lursailean egongo diren enpresetara edo Argixao industrialdera joateko».

Horrekin guztiarekin, etorkizuna begi onez ikusten du. «Arcelorren erosketari, lantzen ari garen egitasmoari eta lau administrazioen parte hartzeari esker, paregabeko aukera dugu. Altzairuaren industria heldu zenean sortu zen aukeraren parekoa da. Zumeak altzairuari lekukoa pasa zion eta, altzairuaren zikloa amaitu ondoren, XXI. mendeko enpresak heltzea espero dugu».

Arcelorren itxiera kolpe gogorra izan zen, baina bost urteren ondoren, «argia ikusten» hasi direla dio. Erronka handia da eta erakunde guztien elkarlana beharrezkoa izango da. «Denok elkarrekin arraun egitea espero dut, Plastic Energy Zumarragara lehenbailehen etorri dadin eta bere atzetik beste enpresa batzuk etor daitezen. Besteak beste, toki falta duten herriko enpresak. Zumarragara, Urretxura, Legazpira edo Ezkiora, berdin zait. Zonalde hau, bereziki Zumarraga, oso zigortuak izan dira azken 30-40 urteetan. Orain aukera bat dugu», amaitu du Zumarragako alkateak.

Industria-Irimo

Hiru enpresa handi

Telleria enpresak eta Sprilurrek Urretxu eta Zumarragako hiru enpresa handiren lursailak eskuratu dituzte.

  • Irimo. 1927an sortu zuten. Erremintak egiten zituzten eta 750 langile izatera heldu ziren. Legazpira doan bidean zegoen eta ondoan langileentzako etxeak egin zituzten. 1995ean multinazional batek erosi zuen eta 2003an itxi egin zuten.
  • Sarralde. Enpresa hau 1927an sortu zen eta 2006an itxi zen. Pabiloiak Urretxuko irteeran daude, Legazpira doan bidean. Altzairu bereziak eta moldatutako piezak egiten zituzten.
  • Arcelor (Orbegozo). Esteban Orbegozok ireki zuen, 1930ean. 3.000 langile izatera iritsi zen. Urte oparoenetan ia denetik egiten zen bertan. 1980ko hamarkadan Ucinek erosi zuen eta azken jabea Arcelor izan zen. 2016an itxi egin zuen.

Arcelor: inor epel utzi ez duen salerosketa

Arcelorren itxierak zeresan handia eman zuen eta lursail horren salmentak ere ez du inor epel utzi. Eusko Jaurlaritzak Arcelorrek Zumarragan duen lantegia erosiko duela jakin zenetik, hainbat alderdi eta sindikatuk agerraldiak egin dituzte beraien iritzia emateko. EAJ da operazioarekin erabat ados azaldu den bakarra. Beraien iritzia publikoki eman duten gainontzeko alderdi eta sindikatuek erosketari oniritzia eman diote, baina lan egiteko moduarekin eta erosketaren baldintzekin ez dira ados agertu.

PSE-EEk Arantxa Tapiaren sailak orain arte biziberritze prozesuan ez duela parte hartu eta salerosketaren berri komunikabideen bidez izan duela salatu du. EH Bilduk, berriz, Arcelorren lursailetarako proiektuak zehazteko, erakundeen eta eragileen arteko lan mahaia eratzea beharrezkoa dela uste du. Eraldaketa soziala eta ekonomikoa martxan jartzeko aukera dela deritzo. Urola Garaiko Lehiakortasun Estrategian zehaztutako erronkak lortzeko eta jarduera ekonomiko berriak martxan jartzeko aukera paregabea dela uste du.

LAB sindikatuak ere bere iritzia eman du. LABen ustez, erosketa horrekin industriaren trantsizioa nola ez den egin behar erakutsi du Eusko Jaurlaritzak. Sindikatuak erosketaren berri komunikabideen bidez jakin duela eta deskontaminazioa Eusko Jaurlaritzak ordainduko duela salatu du. «Lan erreformaren bidez ehunka lanpostu desagertzearen truke saria eman zaio Arcelor-Mittali, 2021. urteko lehen 6 hilabeteetan 5.312 milioi euroko irabazi garbia izan duen multinazionalari».

Elkarrekin Podemos-IUk ere Eusko Jaurlaritzak Arcelorri «oparia» egin diola uste du, eta lursaila kalitatezko enpleguak sortuko dituzten enpresa berdeak erakartzeko erabiltzea eskatu du. Beraiek ere salerosketaren berri komunikabideen eskutik izan dutela esan dute eta Eusko Jaurlaritzari «gardentasun falta» leporatu diote.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>