Ospitaleko aparkalekuaz

Igor-susaetaIgor Susaeta • Kazetaria

Duela ez askora arte, Zumarragako Ospitaleak aparkaleku bakarra zuen. 1984an ireki zuten ospitalea, eta tira, onartuko dizuet aparkaleku hori txiki gelditu zela, bai. Gaur egun beste bi aparkaleku eremu dauzka. Buruz ari naiz, baina horietako bat, jatorrizkoaren albo batean dagoena, duela dozena bat urte inguru ireki zuten. Zorionez gutxitan joaten naiz ospitalera, baina gogoratzen dut aparkaleku hura egin zutela ikusi nuenean pentsatu nuela nahikoa eta sobera zela Urola Garaia, Urola Erdia eta Goierriko herritarren beharrei eta beharrei erantzuteko. Oker nenbilen. 2018ko abenduan beste aparkaleku bat inauguratu zuten: larrialdietako eraikinaren ondoan dago, eta 203 leku dauzka. Ez galdetu zergatik, ez bainuke erantzuten asmatuko, baina ene korrika saio izerditsu, basati eta azkarretan aparkaleku horretara heldu ohi naiz geriatrikoaren paretik igaro eta eskailera batzuk igota, eta aho bete enpaste geratu ohi naiz, beti, ikusten dudanean ez bakarrik toki guztiak beteta daudela, baizik eta ibilgailu batzuk gaizki aparkatuta egoten direla. Eta ez, ene begiek parean edukitzen dutena ez da izaten nekeak eta arnasestuek eragin ditzaketen eldarnioen ondorio, ez.

Aparkaleku hori ireki zutenean, agintariek nabarmendu zuten ospitaleak 100.000 bat pertsonari ematen ziela zerbitzua, eta egunero 1.000 bisita ingurua jasotzen zituela. Hotzean pentsatzen hasten zara, eta oso eskuzabal zaudenetan zeure burua konbentzitzera irits zaitezke: «Bai, dudarik gabe, beharrezkoak dira aparkalekuak». Baina beste askotan kontrakoa iruditzen zaizu; batez ere, aipatutako korrika saio horietan jatorrizkoaren ondoko aparkalekuaren paretik pasatu eta han toki libre asko dagoela ikusten duzunean.

Eta orduan esaten diozu zeure buruari gakoa dagoela, beste askotan bezala, ibilgailu pribatuari ematen diogun erabileran. Badakizue zenbat denbora behar den, oinez joanda, Urretxuko edo Zumarragako edozein lekutatik ospitalera iristeko? Bakoitzaren sasoiaren eta presaren arabera, 10 eta 30 minutu artean, gutxi gorabehera. Ez da bada denbora asko… Autoz ez genuke denbora gutxiago beharko… Bestela, eta ez iezadazue hortera deitu, arren, bada modurik ospitalera garraio publikoan iristeko, izan Legazpitik, Lazkaotik edo Azpeititik. Autobusak orduro abiatzen dira. Baina ai, gu eta denboraren erabilera, eta aurreiritziak, eta klase bereizketa, eta garraioa publikoan migratzaileak besterik ez direla ibiltzen…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>