«Ametsak betetzeko dira»

Growing in the van

Ainhoa Urkiola (Gabiria, 1997) eta Yeray Mujikak (Ormaiztegi, 1994) bi urte inguru igaro dituzte euren furgoneta kanperizatzen. Prozesu honi amaiera eman ostean, errepidera irten dira beraien ametsak betetzeko asmoz

Noiz eta nola jaio zen ‘Growing in the van’ proiektua?
Gure harremana hasi zenetik oso presente egon zen furgoneta bat gure kabuz kanperizatzearen ideia. Gure lehenengo helburu bateratua izanik, bagenekien lehenago edo beranduago lortuko genuela, baina furgoneta kanperizatzeko prozesua ez zaigu batere samurra egin. Lehenik eta behin furgoneta bat erosi behar genuen, eta hor hasi ziren lehen gorabeherak. Azkenean 2015eko  bat erosi genuen Bartzelonan.

Nolakoa izan da kanperizazio prozesua?
Furgoneta denbora luzeak pasatzeko behar genuenez, argi geneukan etxebizitzako behar gehienak betetzea ezinbestekoa zela, baina gure furgonetak bost metro koadro soilik izanik, buruhauste ugari izan genituen. Prozesua oso luzea eta zaila izan da. Kanperizazioaz gain,ikasten eta lanean ere aritu gara, eta horrek dakartzan eztabaida, denbora bateratzea eta jarraipen konstantea izatea ez zaigu samurra egin. Hasiera batean uste genuena baino denbora gehiago iraun dugu kanperizatzen, furgoneta ekarri genuenetik guztia homologatzera heldu arte gutxi gorabehera bi urte pasa dira. Dena den, ibilbide korapilatsua izan arren, egindako esfortzu guztiaren fruituez benetan gozatzen ari garelakoan gaude, gauzatutako lanari zentzua emanez.

Zergaitik deitu diozue ‘Growing in the van’ zuen proiektuari?
Gure helburua ez da bidaiatze hutsa, ezta opor batzuetan murgilduta egotea ere, pertsona moduan haztea eta garatzea baizik. Beste herrialde batzuk ezagutu, bertako kultura eta jendearekin hezi eta bizitzeko era aldatzea da gure nahia, betiko errutina eta materialtasuna alde batera utziz.

Dagoeneko errepidean zaudete. Zer moduz doa esperientzia?
Hilabete bat daramagu gure furgonetan bizitzen, eta une honetan Toscanan gaude. Lehen egunak Espainian igaro genituen, eta ondoren Sardiniara joan ginen, udako azken izpiak disfrutatzeko eta era berean. Ez daukagu ibilbide finkorik. Italiaz gain, beste herrialde batzuk ere ezagutu nahi ditugu, baina   gure behar eta nahien arabera sortzen dugu ibilbidea. Printzipioz, lau hilabete igaroko ditugu kanpoan.

Zer esango zeniokete horrelako esperientzia bat bizi nahi duenari?
Aurrera egin dezala! Arriskatzen ez duenak ezer gutxi du lortzeko, eta are gehiago benetan egin nahi duzun zerbait bada. Ametsak betetzeko daude, eta ez amets hutsean soilik geratzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>