«Erosketak beharra izatetik aisialdia izatera pasa dira»

Teresita-Irizar-2

Beasaingo denda zaharrena ez bada, zaharrenetakoa da Aranburu Oinetakoak; 1917ko urrian ireki zuten Florentino Aranburuk eta Manuela Aiestaranek. Familia bereko hiru belaunaldik gidatu dute negozioa. Azkeneko 50 urteetan fundatzaileen biloba Teresita Irizar Aranburuk eraman du, baina erretiroa hartzeko garaia iritsi zaio. Pertsiana jaitsi aurretik eskerrak eman nahi izan dizkie bezero guztiei.

Aranburu Oinetakoak dendak 104 urte bete ditu, Beasainen.
Nire aitona Florentino Aranburu Zubiriak eta Manuela Aiestaran Erauskinek ireki zuten. Aitona, Aginagakoa –Usurbil– zen. Amona, lazkaotarra. Aitona, bere lanbidea ikastera joan zen, Donostiara, Barriola etxera, eta han ikasi zuen zapatak eskuz egiten. Donostian ezagutu zuen amona, zerbitzatzera joanda zegoena. Rogelio Gordon margolariaren etxean lan egin zuen urte askotan.
Elkar ezagutu, Goierrira etorri eta ireki zuten denda 1917. urteko urrian, eta ezkondu ziren 1918an, urtarrilean. Ezohikoa zen hori!

Nolakoa izan zen hasiera?
Denda txiki bat zuten, tailerra ere bertan zuten, mostradore txiki bat ere bai, eta lanerako oinetakoak saltzen zituzten, batik bat, alpargatak, abarkak, gomazko oinetakoak…
Aitonak egiten zituen oinetakoak eskuz. Garai hartako istorio ugari kontatzen zuten. Gogoan dut nola esaten zuten, Azpeitiatik zetorkiola bezero bat, 48 zenbakiko zapatak behar zituena, eta behin, Azpeitiatik bizikletaz etorri, taberna batera joan zerbait hartzera etxera bueltatu aurretik, eta bitartean, bizikletan txintxilika zituen zapata parea lapurtu zizkiotela. Pentsatzen dut garai hartan, behar handia zegoela, eta horren ondorioz.

Denda bera, asko aldatu al da?
Toki berean egon da beti, baina erreformak egin dira. 50eko hamarkadan egin zuten lehenengo erreforma, beharrak aldatu zirelako; hasi ziren mekanizatuak saltzen, zapatak fabriketan egiten… eta ordura arte, bi erakusleiho txiki edo lehiatila besterik ez zituzten, baina ordutik aurrera bai, erakusleihoa behar izan zuten.
Erakusleihoaz gain, etxeko logela bat erantsi zioten dendari. Ez dut kontatu, garai hartan, dendaren atzeko aldean zegoela familiaren etxea. Eta behean zuten ikuilua.

«Aitonarengana etorri ziren Senperen zeuden militarrak botak behar zituztela, eta eginarazi egin zizkioten»
«Izeba egon zenean, erabat aldatu zen martxa. Ez zen oinetakorik egiten eta hasi ziren biajanteak etortzen»

Aitona-amonek erabiltzen zuten material edo oinetakoak gordeta dituzu?
Tresneria eta makinak ditugu. Tresneria dendan bertan ikus daiteke. Bestalde, aitonak egiten zituen zapatak, botak… ere baditut, Borzegiak esaterako. Mendiko bota itxura dute, txahalaren narruarekin egindakoak dira, material sendoa da, eta zola ere narruzkoa zuten, horregatik, irrist ez egiteko, txintxeta modukoak jartzen zitzaizkion zolan.

Zenbat denbora behar zuen horrelakoak egiteko?
Kontatzen zuen, asko egiten zituela, enkarguz, baina ez dakit esaten zenbat denbora behar zuen, asko, seguru!

Norentzat egiten zituen Borzegiak?
Etxean entzundako pasadizoa da, gerra garaian, militarren destakamentu bat egon zenean Senpereko lautadan, aitonarengana etorri zirela militarrak, botak behar zituztelako, eta eginarazi ziotela. Horren bueltan, bada istorio bat. Militar haientzat borzegiak egiten, josteko makina matxuratu egin zitzaion, eta pentsatu zuen, aitzakia ona zuela gehiago ez egiteko, baina hala ere ez zen libratu. Kartzelan sartu zuten Beasaingo beste zapatari baten makina ekarri zioten. Aitonak, lanak bukatu eta ondoren, makina hura zaindu eta gorde zuen. Jabea kartzelatik atera zenean itzuli egin zion makina, eta lanean jarraitu ahal izan zuen.

Noiz arte egin zituen oinetakoak?
Oinetakoak egiten, 50eko hamarkadara arte, eta konponketa lanak egiten 60ko hamarkadara arte. 1962an eskubiko alde guztia paralizatuta geratu zitzaion. Gizajoak, ezin etsi, joaten zen tailerrera, beste eskuarekin, mailua hartu eta hasten zen zerbait egin nahian, baina ezin zuen. 69an hil zen.

Hori baino lehen, zure izeba hasita zegoen dendan lanean…
Izebak, Juanita Aranburuk, bazeramatzan urte batzuk. 1920an jaio zen, eta  esaten zuen 14 urterekin-edo hasi zela dendan. Aitonari pena ematen zion ikasketa gehiago egin ez izana eta irakasle partikular bat ipini zion matematika ikas zezan, negozioari begira.
Izebak, urte piloa egin ditu dendan, 50 urte bai. Eta behin erretiroa hartuta ere, 87 urte bete zituen arte dendara etortzen zen, nekaezina bera. Esan behar dut, osaba Antonio ere Juanitarekin batera urte batzuetan bertan aritu zela.

Nolakoa zen martxa izebak dendaren ardura zuenean?
Erabat aldatu zen. Izebak nagusiki fabriketan eginiko oinetakoak saldu zituen. Kontuan izan behar da, 60ko hamarkadako desarrollismoa bizi izan zuela, eta gerra ondorengo gabeziak gaindituz, langileek kontsumorako aukerak izan zituztela… Hori dena komertzioan islatzen da.
Garai hartan, hasi ziren biajanteak etortzen, gaur egun komertziala dena, garai hartan biajantea esaten baizitzaion. Trenez etortzen ziren, eta muestrarioak ekartzeko, trenetik dendaraino etortzeko, karretileroaren laguntza izaten zuten. Tren geltoki guztietan egoten zen karretileroa.
Nik ere ezagutu nituen biajanteak. Baina bakoitza bere kotxearekin etortzen zen, oso elegante jantzita… eta oinetako etxe ospetsuenetakoak, txoferrarekin etortzen ziren. Baina aspaldiko kontuak dira! Ondoren, dendara etorri beharrean, hoteletara etortzen dira muestrarioa erakustera.

Teresita-Irizar-1Garai hartan, non zeuden oinetako enpresa garrantzitsuenak?
Balear Uharteetan, Alacanten… Lanerako oinetakoak eta oinetako arruntagoak, berriz, Zaragozan, Toledon eta Errioxan. Zapatilak eta gomazko oinetakoak ere egiten zituzten Errioxan, baina ez orain ezagutzen ditugunak bezalakoak, beranduago hasi zen hori.

Zure izebaren ondoren, zuk izan duzu negozioaren ardura. Hirugarren belaunaldia zara.
21 urte nituela, ikasketak utzi eta dendan geratu nintzen, profesionalki. Baina banuen hemengo berri; txiki-txikitatik, erakusleihoak egiterakoan kaxak hausten edo etxeko besteen atzetik zapatak jasotzen nituen…
Negozioaren ardura hartu nuenerako, ikasia nuen hemengo martxa. Autonomoak normalean oso gaizki ibiltzen gara bajak-eta hartzeko, beraz horrelako egoera iristen bada, zaila da kaleko norbait ekartzea; almazena erakustea momentu batetik bestera ezinezkoa da, aldiz badaukazu etxeko norbait, gutxi gorabehera zurekin lanean noizbehinka ibili dena, hark bai, gaitasuna du hortan sartzeko.

Nolakoa izan da eboluzioa zu egon zaren urteetan…
Ordutegia, adibidez, 20:00etan istera derrigortuz. 60ko hamarkadan izan zen hori. Aurretik, astelehenetik igandera ia edozein ordutan etortzen ziren bezeroak; dendako atea itxita bazegoen ere, atzeko atea jotzen zuenik ere bazen.
Erosketa ohiturei dagokienez, lehen, familia osoarentzat zapatak erostera etortzen zen jende asko. Guztiak hornituta zeudenean, faktura egin eta pasatzen zitzaien, eta aldi batean ordaindu ezin zuenak, pixkana-pixkana ordaitzen zuen… Hori ere desagertu zen kreditu txartelak erabiltzen hasi ginenean, eta orain, mobilarekin ere ordaintzen dute batzuk! Beste klasiko bat, dendariaren libreta, hori ere desagertzen da kreditu txartelarekin. Bestalde 2000. urtean, dendari gaur duen itxura eman genion.

Zer gehiago aldatu da?
Lehen, bakoitzak bere herrian erosten zuen. Gero, gehienera, ondoko herrira; Beasaindik Ordiziara, edo alderantziz, Lazkaokoak Beasainera… Hori ere begira nola aldatu den! Buru belarri kontsumoan sartu ginenean, hasi ziren merkatalgune handiak zabaltzen, eta jendea batera eta bestera hasi zen mugitzen erosteko. Erosketak, lehen, behar bat betetzeko ziren, gaur egun, aisialdi aukera bihurtu da.

«21 urte nituela, ikasketak utzita nituen, dendan geratu nintzen, profesionalki. Baina banuen hemengo berri»
«Bezeroek gurekin izan duten fideltasuna beste batzuekin badute, herrietako dendak mantenduko dira»

Eta saltzeko modua bera ere erabat aldatu da Interneten iritsierarekin.
Horren aurka ez dago zer eginik. Eta bai, hasi dira herri mailan ere saltoki txikientzat plataformak-eta sortzen, baina guk, dugun espazioa dugu… Gurea bezalako negozioentzat oso zaila da!

Eta hori aldatzea, kontsumo erritmoa etetea, ia ezinezkoa…
Ari dira sortzen poliki-poliki kontsumismo basati hortatik aldendu nahi duen mugimendu bat, baina horri benetan batzeko, konpromiso maila oso handia duen jendea behar da, ingurumenarekin oso sentsibilizatuta daudenak, kontsumo jasangarriaren alde dagoena. Gero eta jende gehiago dago kontsumo eredu basatiaren aurka, baina oso zaila da azken urteetako gurpiletik ateratzea. Gu inoiz ez gara korronte hortan sartu. Saiatu gara bezeroaren beharra asetzen, lehentasuna eman diogu beti erosotasunari, kalitateari, oinak zaintzeari…

Gauzak horrela izanda ere, 104 urte bete dituzue, eta erretiroa hartzeko adina iritsi zaizulako jaitsiko duzu pertsiana.
Bai, hala da eta oso pozik nago! Pozik, lanak ondo egin izanaren sentsazioa dudalako, eta oso harro, historia handiko negozioari jarraipena eman diodalako. Dena den, nostalgia ere badut, noski!

Agurtzeko momentua iritsi da…
Urte hauetan guztietan dendara gerturatu diren beasaindarrei eta inguruko herrietakoei, eskerrik asko! Haiek gabe ez ginen 104 urte betetzera iritsiko. Haiei esker jarraitu dugu hemen. Gurekin izan duten fideltasuna badute, herrietako dendak mantenduko dira, zeren, dendarik gabe, herriak hil egingo dira. Norkbere inguruan erosten badu, herriak bizirik jarraituko du!

Oinak dira gorputzaren euskarri

Teresita-IrizarErretiroa hartzeko garaia du Teresita Irizar Aranburuk (Beasain, 1956), eta laster jaitsiko du Aranburu Oinetakoak Beasaingo denda historikoaren, herriko denda zaharrena denaren pertsiana. Egindako lanagatik «pozik» eta familiaren negozioak 104 urte bete dituela esan dezakeelako «harro», bizitzako kapitulu garrantzitsuenetako bat itxi, eta berri bati hasiera emango dio.

Lehenengo Mundu Gerraren garaiak ziren Aranburu oinetakoak denda ireki zutenean; «ez ziren garai errazak, ez!». Denbora ere polikiago igarotzen zela irudi zezakeen garaia zen; moda kontuetan behintzat bai, benetako ‘slow fashion’-aren aroa zen.

Ordutik, asko baino gehiago aldatu dira gauzak; Beasaingo kaleak, Aranburu oinetakoak denda bera, produktua, saltzeko modua… Hala izanda ere, betiko esentzia galdu ez duen horietakoa izan da. Horretan saiatu dira behintzat Teresita bera eta bertan lan egin duten familiako aurreko bi belaunaldiek.

Denda etxea ere bazen garaiak ezagutu dituzte, eta horrek betiko balio du; negu gorrian, eskuak hotzak apurtzeko puntuan, bezeroak sukalderaino sartu eta amona Manuelak sutan zuen eltzeko salda eskaintzen zien garai haietakoak. Bezeroak benetan zaintzen ziren, eta ez zen egiten konpententziara joango ziren beldur, ez! Egiteko beste modu bat zen.

Bezeroak, eta haien oinak mimatu dituzten tokia; askotan ahazten den zerbait bada ere, oinak dira belaunak, aldakak, bizkarra… gorputz guztia eusten dutenak. Aranburu oinetakoak zapata denda soil bat baina askoz gehiago ere izan dela, ez dago zalantzarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>