Mikel Apaolaza Parga (Mutiloa, 1996) rap abeslariak txikitatik orri zurian azaleratu izan ditu bere pentsamendu eta buruhausteak. Lau urte agertokitik kanpo igaro ondoren, berriro ere bueltan da, oraingoan Apanrapa izen artistikoarekin eta eskuartean dakarren proiektu handi batekin.
Zein izan den zure ibilbidea rap munduan?
10 urterekin hasi nintzen idazten. Gaztelerako klasean poesia lantzen ari ginela, konturatu nintzen arazo pertsonalen aurrean hausnartzeko tresna baliagarriena orria zela. Nire anaia zaharrenak ekarri zuen rap musika etxera, eta berari esker hainbat artista ezagutzeko aukera izan nuen. Hasiera batean abestiak niretzako idazten nituen arren, egun batean Ziribuliotarrek beraien etxeko ateak ireki zizkidaten. Ziribulio Sound kolektiboarekin, rap eta reggae musika estiloak batuta, Euskal Herri osoa zeharkatu nuen kontzertuak eskainiz. Alabaina, nire ibilbidea rap klasikoago batera zuzentzeko gogoa neukan, eta halaxe egin dut.
Lau urteren ondoren, bueltan zara. Izen artistikoa ere aldatu duzu. Esan daiteke aldaketa bat egon dela zure lehenengo abestietatik hona?
Bai, nabarmenena dudarik gabe euskararen presentzia da, izan ere, gaztelaniaz gain, euskaraz ere idazten dut orain. Aipatu bezala, Ziribulio kolektiboarekin alde batetik bestera ibili nintzen, euskerazko abestiekin, eta orduan ikasi nuen zein ezberdina, polita eta aberasgarria den gure hizkuntzarekin errimen bidez idaztea.
Kontzientziaren ahotsa deitu diozu zure abestiari.
Pertsonek ditugun barne borroka eta buruhausteak mahaigaineratzea zen asmoa, galera baten ostean, ondoan geratzen diren horiek nor diren ikustea, familia identifikatzea. Azken finean, bizitzaren alde txarrei, hauetatik irakaspen bat ateratzeko ematen diguten aukera eskertzea. Hala ere, idazterako garaian, askotan ez da zer esaten den, baizik eta nola, metaforen bidez errealitatea koloreztatuz esaterako.
Abesti hau proiektu baten aurrerapen bat dela azaldu duzu.
Oraindik ez dut sare sozialetan kontatu, baina proiektuaren izena Sakon izango da. Bertan 8 abesti datoz, 4 euskaraz eta beste 4 gaztelaniaz. Era berean, bi kolaborazio egongo dira; Skank da bat, Ormaiztegitik indartsu datorren rap abeslaria da. Bigarrena Fox gasteiztarra izango da. Proiektu honetan barnetik ateratako letrak entzun ahal izango dira, baina badaude abesti gogorragoak ere, kritika soziala egiten dutenak.