Errepidearen erregeak

Marian-VelascoMarian Velasco • Mekanizazio teknikaria

Gauza bat aitortu behar dizuet: Gidatzeari beldur ikaragarria izan diot beti. Jada sei urte dira gidabaimena atera nuela, eta oraindik nire irakaslea zenaren perfume kiratsak tripak nahasten dizkit. Halako handia zein primarioa da sentimendu hau. Beraz, beldur horri potroetatik heldu eta autoeskolara bueltatzea erabaki nuen duela gutxi. Eta onartu nahiko nituzkeen baino klase praktiko gehiago eman eta gero (Mila esker Alo), uztailaren hasieran nire lehen kotxea erosi nuen. Ez naiz gidari txarra, baino praktika falta nabaria da. Gainera, nahiko traketsa naizela onartu behar dut. Hau da, kaosaren lau osagai nagusiak garraiatzen ditut nirekin kotxea hartzen dudan bakoitzean: praktika falta, trakeskeria, urduritasuna eta beldurra. Hala ere, egunak pasa ahala, nire burua gidatzera behartzearen ondorioz, abilago ikusten naiz.

Hurrengo egoera uler dezazuen kontatu dizuet ximaur hau guztia: Duela bi egun, Idiazabal pareko autobide zatian, arrazoirik gabe eta bereziki azkar joan gabe, kurba batzuetan frenatzen zuen pertsona batekin topo egin nuen. Harentzako nire lehen pentsamenduak ez ziren batere politak izan. «Baino nola ostia egiten du hori», «A ze inutila!», «Ia kolpea izan dugu anormal honengatik», eta abar luze bat. Baina bat-batean, pentsamendu batek zaplazteko gogor baten antzera jo ninduen: Marian, zuk ere beldurra diozu abiadurari eta zuk ere frenatu egiten duzu kurba batzuetan. Ze ostia ari zara marmarrean?

Bai, nik ere egiten dudan zerbaitengatik epaitu berri dut norbait. Ni bezalako pringatuenak ere handitasun kutsua du errepidean. Are gehiago, gidatzeak gure barrunbe ilunenetik dugun okerrena ateratzen duela esatera ausartzen naiz. Errepidea sudur parean guretzako bakarrik zabaltzen zaigun alfonbra gorria dela uste dugu, besteek baino hobeto gidatzen dugulakoan. Eta edozein arau-hauste zein akats jasatean, lehergailu indartsuena bilakatzen gara. Molotov koktelak umeen jolasak baino ez dira gure parean. Erregeak gara, txo, errepidearen erregeak!

Jakin banekien edozein esparrutan higuingarriak garela, baino hau berria zait. Nire etxea den bunker honetatik ateratzeko geroz eta aitzakia gutxiago topatzen ditut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>