Osteguneroko plaza

Zopazoka_Seguran(1)

Seguran Zopazoka egiten hasi dira ostegunero Errebote plazan, Madura Elikadura Elkarteak antolatuta. Goierriko lau ekoizleren produktuak eskaintzen dituzte oraingoz. Asmoz, ordea, harago doaz.

Elikadura jasangarriaren inguruan zerbait egiteko nahiari 20 orduko ikastaro batek jarri zion oinarria. Herritar talde batek eta Segurako Udalak Ekonomia zirkularra, sukaldaritza eta produktu lokala ikastaroa antolatu zuten, eta hortik abiatuta, eta elikaduraren garrantzia ardatz izanik, Madura Elikadura Elkartea sortu dute bederatzi lagunek. Dinamika horren lehen erakusleihoa ostegunero antolatzen hasi diren Zopazoka da –Zopajaleak dira segurarrak, eta hortik datorkio izena–. Irailaren 30ean egin zuten aurrenekoa, eta artikulu hau publikatzerako hiru izango dituzte eginak. «Lehen biek behintzat harrera oso ona izan dute», nabarmendu du Arkaitz Sodupe elkarteko kideak.

ZopazokaZopazokaren helburu nagusia herritarrei kalitatezko bertako produktuak kontsumitzeko aukera ematea da, ekoizleen eta kontsumitzaileen zuzeneko salmentaren bidez. Horrez gain, Aizkorpe bailarako eta inguruko ekoizleei babesa ematea, lehen sektorea garatzen laguntzea, ingurumena eta lurra zaintzea, eta elikadura ohitura osasungarriak sustatzea ere badituzte helburuen artean.

Lau ekoizlerekin hasi dute azoka

Legezko betebeharrak indarrean izateaz gain, hiru dira Zopazokan saldu ahal izateko irizpideak: ekoizlea izatea, Aizkorpen erroldatua egotea eta ustiategia ere bailaran edukitzea. Aurreko bi baldintzak betetzen ez dituzten ekoizleen kasuan, beste bi baldintza zehatz jarri dituzte: Aizkorpe bailaran ekoizten ez den produktu bat ekoiztea eta ekoizpen ekologikoko ziurtagiria edukitzea. Zeraingo Mendarte baserriko Iñaki Intxausti eta Amaia Lopez –barazki ekologikoak–, Mutiloako Odio baserriko Beñat Telleria –behi gazta eta gazta urdin ekologikoa–, Ageda Zeberio –Aizkorpeko eztia– eta Itsasoko Hariztizabal baserriko Eneko Solana eta Itxaso Olabide –ogia, gozoak, sagarrak eta zuku ekologikoa– dira Zopazokan salmentan hasi diren ekoizleak.

Maquetación 1Horrez gain, bestelako ekoizle batzuen produktuak ere aurkituko dituzte kontsumitzaileek postu horietan, jatorria eta ekoizlea zein den argi adierazita: Zeraingo Oiharteko sagardo ekologikoa, Nafarroan ekoitzitako garbantzuak eta arroza, eta Arabako dilistak, horiek ere zigilu ekologikoa dutenak. «Artzainekin ere hitz egin dugu, eta Zeraingo Garoakoek parte hartzeko nahia adierazi dute», gehitu du Sodupek. Aizkorpeko ardi gaztaren kasuan, Artzai Gaztako izendapena izatea eskatuko diete, baina bailaraz kanpokoek zigilu ekologikoa izan beharko dute. Izan ere, produktu ekologikoei emango diete lehentasuna Zopazokan. «Ekologikoan ekoizten ez duenak bost urteko epea izango du ziurtagiri ekologikoa eskuratzeko, eta epe hori pasata zigilua lortu ezean, ezin izango du azokan saltzen jarraitu». Azokan parte hartzeko interesa duten ekoizleak posta elektroniko bidez jar daitezke harremanetan elkartearekin: zopa.azoka@gmail.com.

Espero gabeko salmentak

Madura elkartekoak «gustura» daude  lehen azokek eman dutenarekin. «Lehen aldia izateko oso gustura gaude, ikusi genuelako ekoizleek produktua saldu zutela. Eguraldia ere alde izango dugu, eta jende asko gerturatu da». Zopazoka arratsaldean egiteari (16:00-19:30) ere garrantzia ematen dio Sodupek. «Goizetan zailagoa da jendea libre egotea, baina arratsaldean, umeak eskolatik hartu aurretik edo ondoren egin ditzakete erosketak gurasoek. Osteguna pintxopote eguna ere izaten da, eta horrek ere lagunduko du. Kokapen aldetik plaza izan da beti elkargunea Seguran, eta orain, Errebote plaza egin den honetan, beste patxada bat eman digu, eta lekua ere oso aproposa da eguraldi onarekin».

Maquetación 1Beñat Telleria ere gustura dago aurreneko azokan izan zuen harrerarekin. «Nire kasuan gehiena saldu nuen, ez nuen inondik inora espero. Hariztizabalekoek ere asko saldu zuten». Asteazkenetan Ordiziara jaisten da gaztagile mutiloarra, eta orain, ostegunez, beste plaza bat du, eta etxetik gertuago gainera. «Azokan egoteak suposatzen du zure burua eta zure produktua jendeari ezagutaraztea, eta salmenta zuzenerako plaza bat gehiago izatea. Azkenean, etxean egonda, ez da generoa irtetzen. Gertutasun hori ikaragarri baloratzen du jendeak. Guretzako abantaila handia da, eta erostunen aldetik begiratuta ere hala dela uste dut».

Asmo gehiago esku artean

Abiapuntua izan da elkarteko kideentzat Zopazoka antolatzea –udalaren laguntza dute–, «ikusten genuelako inbertsio handirik gabe azoka bat egitea nahikoa erraza» zela, baina herrian «kontzientziazio lana» egitea ere bilatzen dute. «Elikadurak gure osasunean eta ingurumenean zer eragin daukan plazaratu nahi dugu, eta ikusarazi azokan produktu bat erostea ala saltoki handi batean erostea ez dela gauza bera». Hitzaldi batzuk antolatzeko asmoa badutela dio Sodupek, eta azokan bertan errezeta batzuk ere proposatu nahi dituzte jendeak gauza berriak prestatzeko aukera ezagutu dezan. «Pintxo poteko pintxoak ere bertako produktuekin egindakoak izateko ideia ere badaukagu buruan. Azoka zerbait dinamikoa izatea nahi dugu». Bestelako helburu bat ere badute: eredu honetako produktuen denda bat zabaltzea Seguran.

Ganadu feriak bai, asteroko azokarik ez

Historia luzeko herria da Segura zalantza izpirik gabe, eta pentsa zitekeen garai batean asteroko azokaren bat izango zuela herriak. Paper zaharretan arakatzen hasita, Laureano Telleriak ez du halakorik topatu. «Nik ez dut ezagutu astero egiten zen azokarik Seguran. Ganadu feriak bai, urtean bi-hiru, oso feria inportanteak gainera. 75 urte izango dira horiek galdu zirela».

Adinekoek Ganadu plaza deitzen dioten eremuan egiten ziren feria horiek, komentuaren aurrean, gaur egun umeen jolastokia dagoen tokian. «Ganadua lotzeko argollak –burdin uztaiak– zeuden, eta baita ganaduak ura edan ahal izateko aska ere». Ganadua salerosteko feriak ziren, eta baserrietako tresneria ere saltzen zen, baina «jan konturik» saltzeko asteroko azokarik ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>