Lazkaoko Gazte Festak indarberrituta datoz

Lazkaoko Gazte FestakGainontzeko ekitaldien modura, festa eta ospakizunak ere normaltasunera itzultzen ari dira apurka-apurka, eta ekitaldi horien artean aurkitzen dira Lazkaoko Gazte Festak. 2020an, pandemiak hala behartuta, lazkaotarrek ez zuten Gazte Festak ohiko moduan antolatzeko aukerarik izan, baina azkeneko momentura arte ez zuten itxaropena galdu: «Kamisetak atera genituen urtero bezala, baina koronabirusak sortutako egoera kaskarra zela medio, bertan behera gelditu ziren».

IMG-20211021-WA0001Geldialdi horren ostean, Gazte Festak berriro ere bueltan dira ohiko formatuan. Belaunaldiz belaunaldi herrie pizten goiburupean, Lazkaoko Gazte Asanbladak ekintzaz beteriko asteburua antolatuko du azaroaren 4tik 7ra. Festa horien antolakuntza guztiz autogestionatua da, eta horregatik ostegun batean emango zaie hasiera txosnaren muntaketarekin. Jai-giroa, berriz, ostiralarekin batera helduko da Lazkaora; 18:30etan irekiko dituzte txosnak, eta taloak jateko aukera ere egongo da bertan. 20:00etan presoen aldeko elkarretaratzea egingo dute, eta 22:30etatik aurrera DJ Bull egongo da txoznak girotzen.

Egun handiena larunbata izango da, eta horretarako «ostiralean indarrak gordetzeko» eskatu dute antolatzaileek. Lazkaoko gazteak eguerdian kalera aterako dira eta trikipoteoarekin emango diote hasiera egunari. 14:30ean frontoian presoen aldeko argazkia atera eta gero, bazkari herrikoia egingo dute, eta arratsaldean Suthai batukada taldearekin girotuko dituzte kaleak. Kontzertuak eserita ikustea ohitura bihurtu den sasoi honekin amaitzeko asmoz, Nare, Tirokatuak eta Against You musika bandak ekarriko dituzte mundu guztia zutik jar dezaten. Azkenik, igandean, txosna desmuntaia egingo dute 16:30ean.

Asanbladako kideei Gazte Festak antolatzearen garrantziaz galdetzerakoan, honako hau azaldu dute: «Azken urteotan geroz eta gazte aktibo gutxiago daudela nabaritu dugu. Hori dela eta, beharrezkoa iruditzen zaigu haiei zuzendako ekintzak egitea, gazteak aktibatzeko asmoz».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>