Argazkiekin iraganera

Argazki-zaharrak-1

Bi urteetan zehar lan handia  egin ondoren, Jose Brunet Berminghan-ek Goierrin egin zituen argazkien bilduma osatu du Martin Garcia Garmendiak. Orain arte argirik ikusi ez duten argazkiak dira, eta jaso gabe zegoen informazio asko biltzen dute.

Orain arte ezezagunak ziren  Goierrin jasotako irudien bilduma osatu du Martin Garcia Garmendia historiazaleak (Beasain, 1944),  Argitaratu gabeko Goierriko argazkirik zaharrenak. Brunet bilduma kaieran.  Lemniskata zientzia sare herrikoiko kidea da Garcia, eta elkarte horrek duela hamar urtetik hona Beasainen antolatzen duen Azaroa Zientziaroa zikloan aurkeztuko du lana hilaren 19an, 19:00etan, Igartzako jauregian. «Bi urte luze izan dira, lan handia dago honen atzean, baina  emaitzarekin oso-oso gustura nago, beraz, merezi izan du egindakoak!». Lemniskata Kaierak bildumako bosgarren alea izango da. Bilduma horren lagin txiki bat ezagutzeko aukera egongo da egun berean irekiko den erakusketan. Urri bukaeran Ordizian egon da ikusgai, Ordizientzia zikloaren barruan.

Maquetación 1Aurtengoa urte berezia da, hamar urte beteko baitira Leminiskata zientzia sare herrikoiak Zientziaroa lehen aldiz antolatu zuenetik, eta elkarteak berak ere hamar urte beteko ditu. «Data hain garrantzitsuak, ez zuen gutxiago merezi», nabarmendu du Garcia.

Lan bikain baten gailurra da, kasualitatez hasitakoa. Bidali ohi dizkioten argazki bat identifikatzean, Jose Brunet Berminghamen argazki-bilduma ezagutu zuen. XIX. mendearen azken laurdenean egindako irudiak dira eta Mencos Fundazioaren barruan daude. Fundazioaren presidentea Joaquín Ignacio Mencos Doussinague da, Errege Defentsaren markesa. Nafarroako Errege Artxibategi Nagusian daude argazkiak eta  zaharberritzeko daude.

Azken bi urte hauetan, Martin Garciak, digitalki eta paperezko positiboetatik abiatuta, argazki horietako asko zaharberritzen lan paziente eta zehatza egin du, eta horietan agertzen den guztia dokumentatu du: eraikinak, zubiak, pertsonaiak…

Ezusteko ugari

Argazki-zaharrak-2

Beasaingo labe-garaien argazkirik zaharrena.

Erakusketa Ordiziako Barrena kultur etxean zela baliatuz, bisita gidatu inprobisatua egin du Garciak. «Sorpresa ugari daude» esan du, erakusketako paneletako batera gerturatuz. Beasaingo irudi bat da. 1862an, Goitia, Usabiaga eta Arana hiru enpresa-gizonek Goitia y Cia edo San Martin izeneko burdin-fabrika modernoa eraiki eta labe-garaiak jarri zituzten, burdina-mea lantzeko sistema aldatuz, hau da, forja katalana izeneko teknika zaharkitua utzi eta labe-garaietan burdina-mea urtzekoa ezarri zuten. Argazkian, «Gipuzkoako lehen bi labe garaiak ikus daitezke, 1862an –nabe baten barruan dagoena– eta 1865ean  Beasainen instalatu zirela jakin zen».

Goitia-Ajuria familia handiaren argazki bat ere jaso du: «1883-1884 artean kokatzen dugu; irudian, Francisco Goitiak besoetan haur bat duela ageri denez, bere lehen seme-alabetako bat dela uste dugu. Guadalupe Ajuriarekin 1881eko abenduaren 31an ezkondu zen Araian».

Beste ezusteko handi bat, Beasaingo Dolarearen argazki bat izan zen, «ez zelako ezagutzen goiko aldea nolako zen, eta argazkietan ikus daitekeen moduan, ganbara erabat irekita zuen». Beasainen historiarako «oso argazki garrantzitsua» da hau.

«Infantadoaren dorreak ere, dorre irekiak zirela ikus daiteke beste argazki batean, eta hori ere ez zen ezagutzen». Martinek dioenez, dorre irekiak ziren, izan ere, «Infantandoaren dukeak, Lazkaon, Beasainen eta Ordizian baserriak zituen alokatuta, eta dirutan eta espezietan ordaintzen zioten. Espezieak dorrean gordetzen zituzten, lehortzeko. Dolarean ere berdin».

Lazkaoko eliza agertzen den irudietako batean, ikus daiteke nolakoa zen gaur egungoaren aurretik zegoen kanpandorrea. «Hau traza txarreko dorrea da, munta gutxikoa, eta denboran zehar kokatu ahal izan dugu, dorrearen hegoaldeko eta ekialdeko fatxadek ez baitute kanpairik, eta kanpaiak 1886an jarri zirela baitakigu».

Hau eta gehiago ezagutu nahi duen orori, gonbita luzatu dio Lemniskatako kideak, «argazki hauek jasotako zaharrenak baitira, eta informazio asko biltzen dute».

Argazkigintza pasio zuen enpresaburua

Argazki-zaharrak-3Jose Brunet Berminghan (Donostia, 1833-1891) tradizio komertzial handiko familia batean jaio zen eta hainbat negozio eta enpresaren sustatzailea izan zen. Garai hartako politikan ere eragina izan zuten. Lehen eta bigarren iraultza industriala egin zuten guztiekin ahaidetu ziren. Aita, Jose Manuel Brunet Prat (Donostia, 1806-1892) industrialari, bankari eta politikaria zen, eta Pasaiako Portua Sustatzeko Elkarteko (1876) eta Pasaiako Portuko Sozietate Orokorreko (1888) lehendakari izan zen. Maria Manuela Bermingham Echaguerekin (Donostia, 1810-1880) ezkonduta zegoen, eta biak Buenavistako Antxo baserriaren ondoan, itsasertzetik gertu, zeuden Arraskuene eta Etxetxiki baserrien jabeak ziren. Hiru baserriak Pasaiako Portua Sustatzeko Elkarteak erosi zituen 1873an.

Jose Brunet bera, Maria Magdalena Goitia y Ostolaza ordiziarrarekin ezkondu zen, Domingo Goitia Sarriegi txokoko enpresaburuaren alabarekin. Aitzindari industriala izan zen, eta burdinazko enpresa siderurgiko handiaren sortzailea zen.

Ordizian bizi izan zen garai hartan Goitia y Ciako gerenteorde jardun zuen Jose Martin Aranarekin batera. Urte horietan, bere aukera ekonomikoekin eta bere kezka fotografikoekin batera, irudi bilduma baliotsu osatu zuen, dokumentu grafiko aparta. Kristalezko plaka kamera handi eta garesti horiek oso gutxik erosi eta erabil zitzaketen garai batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>