Berdintasunaren lo sakona

Idoia-LuzuriagaIdoia Luzuriaga Garcia Berdintasun aholkularia

Datorren urteko martxorako, 50 langiletik gorako enpresek Berdintasun plana izan beharko dute. Berdintasun plana esatea, askotan ezer ez esatea bezala da, ez baita ulertzen zer den, eta batzuetan ez dago interesik, batetik zer den azaltzeko eta bestetik zer den ulertzeko. Baina tira, legea, legea da, eta berdintasuna arautzen duten hainbat dekretu medio, enpresa asko buru-belarri jarri dira berdintasunaren bide honetan. Denbora premia badute batzuk, gezurra dirudien arren, 2021a ere bere azken hilabeteak ematen ari baita, eta dagoeneko entitate askotan aritu gara enpresan berdintasuna zer den azaltzen, diagnostikoak egiten eta planak diseinatzen. Horren baitan, hitz eta kontzeptu egokiak eta ulergarriak lantzen eta hainbat eztabaida azaleratu eta jorratzen. Eta orain zer? Hori da gure buruan behin eta berriz darabilgun galdera. Orain ezer ere ez. Legea betetzen dute eta bere horretan jarrai dezakete entitate askok, bere jardunean, bere ohituretan, prozeduratan eta usteetan. Hilabete batzuetan gai hauei kasu pittin bat egin ondoren, eta kasurik onenetan izandako bileratan hainbat betiko uste eta sinesmen genero ikuspegitik pixka bat kuestionatu ondoren, dokumentazio guztia karpeta batean gorde daiteke, betikotasunaren hautsaren zain.

Kontzientziak pixka bat astintzearren kajoian gordetzen den neurri sorta, gimnasiotik ekartzen den ariketa programa, ordutegia eta egutegia bezala dela esaten diegu askotan. Hau da, ezer ez, praktikara eramaten ez badugu behintzat. Baina tira, ez nago oso baikor eta prozesuan hain garrantzitsua den ezarpena enpresa gutxitan gauzatuko denaren susmoa daukat.

Horrela bizi izan ditut azken hilabeteak nire jardunean, déjá vu irudipen horrekin. Horren arrazoia ere bilatzen saiatzen ari naiz. Gai hauek ez ote dira interesgarriak? Berdintasun teknikari bezala ez dakigu behar bezala transmititzen? Arlo produktiboak beste lehentasun batzuk ote ditu? Berdintasun Planak ez ote dira tresna eraginkorrak? Covid-arekin bezala, berdintasun ezak sor dezaken ardura ezaren aurrean ere talde-inmunitaterantz goaz? Berdintasuna diskurtso politikoaren atal bat besterik ez ote da? Baliteke horren guztiaren batura izatea, edo horietako ezer ez. Baina muinean honako hau dago: berdintasunean politikoki zuzenak izateko beharra eta, hortaz, egoki izan behar duenaren parametroetan mugitzeko premia. Beraz, martxotik aurrera, enpresetako berdintasun planen ekintzek lo sakona egin ahal izango dute, entitatearen apalen magalean, eternitatearen itzalean.

Amen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>