«Era batera edo bestera mundu honi lotuta jarraituko dut»

I_aki_Uribe_Etxebarria_San

Iñaki Uribe-Etxebarria Santanderrek (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1987) urri hasieran utzi du mendi lasterketetako Euskal Selekzioko hautatzaile kargua, denboraldia amaitu gabe zela. «Triste» utzi du. «Korrikalariek gure lana asko baloratzen zutela sentitzen nuen, gurekin oso gustura zeudela»

Euskal Selekzioko hautatzaile kargua utzi duzu zazpi urteren ondoren. Zer moduz zaude?
Triste. Penatuta eta amorratuta utzi dut. Urte askotan bertan egon ostean taldearen nondik norakoak oso argi geneuzkan eta jarritako helburuak betetzen genituen. Baina aurten zuzendaritza aldatu da eta kide berriekin izandako tira-bira batzuen ondorioz utzi egin behar izan dut. Pena, gehienbat, korrikalariengatik. Eurek gure lana asko baloratzen zutela sentitzen nuen, gurekin oso gustura zeudela.

Azkar pasa zaizu denbora?
Urteotan mendi lasterketen munduan sekulako eztanda egon da. Euskal Herrian bertan ere bai. Duela zazpi urte korrikalari kopurua askoz ere murritzagoa zen. Geroz eta jende gehiago zegoen, eta hautatzailearen lana geroz eta zailagoa zen. Baina gustura jardun dut urte hauetan guztietan.

Estimu berezia diozun une bat?
Ez nintzateke ausartuko bat esatera. Edozein bidaia esango nuke. Sekulako abenturak bizi izan ditugu: behin Suitzara joan ginen eta alokatutako kotxearen giltzak galdu genituen, adibidez. Halako mila suertatu zaizkigu, baina beti umore onarekin. Zorte handia izan dut ezagutu dudan jendearekin. Horrekin geldituko naiz, betirako lagunak baitira.

Momentu garratzak ere izango ziren.
Inoiz ahaztuko ez zaidan momentu bat da Espainiako txapelketa batean, Malagan, sekulako aurreikuspenak zituen korrikalari batek min hartu eta erretiratu egin behar izan zuenekoa. Euskal Selekzioarekin lehiatzeko zuen ilusioarekin sekulako inpotentzia sentitu zuen. Lesioak oso gogorrak dira, fisikoak eta mentalak. Korrikalariek presio larregi izaten dute, helburua emaitza onak lortzea delako, baina inor ez da honetatik bizi.

Euskal Selekzioaren helburua irabaztea da?
Selekzioaren helburu nagusia da Euskal Herriko korrikalarien maila hemendik kanpo erakustea, baina, horretaz gain, talde-giro polita sortzea eta korrikalari berriak erakartzea.

Norbaitek min hartzen duenean hautatzaileak ere mina sentitzen du?
Irabazten denean poztu egiten zara eta aurkakoa denean penaz bizitzen duzu.

Hautatzailearen ardurak zeintzuk dira?
Urte hasieran taldea egin beharra dago, eta gero talde hori kudeatu. Urte hasieran egindako aurreikuspenak askotan aldatu egiten dira, lesioak direla edo jendearen lan baldintzak aldatu direla. Gero lehiaketetara ere joaten gara. Lan nekeza da, baina oso gustura ibili naiz.

Taldea osatzea lan erraza da?
Ez da erraza. Korrikalari balioaniztunen bila joan behar izaten dugu, era askotako lasterketak egin behar direlako. Zoritxarrez, ez dago denontzako lekurik eta bateren bat kanpoan utzi behar duzu. Aurreko denboraldiko markak hartzen ditugu erreferentzia moduan eta askotan suertatu zaigu hautatu ez dugunen batek sekulako hazkundea izan eta irabazten hastea. Edo, alderantzizkoa.

Goierritar bat baino gehiago hautatu zenituen. Nolako maila dago eskualdean?
Ez dut ustea munduan egongo denik lurralderen bat hiru milioi biztanlekoa eta halako maila handia duenik. Eta Goierrin bertan ere oso maila altua dago. Ikusi besterik ez da egin behar zenbat jende ibiltzen den korrika. Edo inguruko edozein lasterketa txikitan zenbat jendek eta zein mailatakoak hartzen duen parte.

«Goierrin bertan ere oso maila handia dago. Ikusi besterik ez da egin behar zenbat jende ibiltzen den korrika»
«Nire Facebooka itxi behar izan nuen, jendeak sekulako astakeriak esaten zituelako. Ez da atsegina»

Maila hobetu daiteke? Zer falta da?
Emaitza onak lortzen dituzten gazte askok utzi egiten dute seniorretara pasatzerakoan. Garai zailak dira: ikasketak, beste ardurak… baina askok uzten dute ezin dutelako irabazten jarraitu, salto handia dagoelako. Erakutsi behar diegu dena ez dela irabaztea, hemezortzi urterekin dominak irabaztea ez dela normalena. Hori landu egin behar da. Uste dut hori dela defektu handienetakoa. Baina ez dakit zein den formularik zuzenena, ahaleginak egin genituelako eta ez zuelako espero genuen emaitzarik eman.

Bakoitzak hautatzaile bat izaten du barruan. Zure erabakiak epaituak direla sentitu duzu?
Nire Facebooka itxi behar izan nuen, jendeak sekulako astakeriak esaten zituelako. Ez da atsegina, eta irabazteko ezer asko ez nuenez kendu nuen. Askoz lasaiago bizi naiz orain.

Mendi lasterketek ere baditu bere ‘hooliganak’?
Mendi lasterketek orokorrean izan dute hazkundea: korrikalari gehiago dago, maila asko igo da, lasterketa gehiago daude… zaleak ere gehiago dira, eta azken urteotan jarraipena asko handitu da. Eta sare sozialen garaiotan muturra edonon sartu daitekeenez, ba…

Nola hasi zinen hautatzaile lanetan?
2008an-edo hasi nintzen korrika, nire kabuz. Garai hartan hautatzaile zen Eneko Aiende ezagutu nuen. Orduan korrikalari gutxiago ginen eta denok ezagutzen genuen elkar. Enekok taldea bion artean kudeatzeko proposatu zidan, eta hala hasi zen dena. 2013a izango zen. Enekorekin 2018ra arte ibili nintzen, eta handik aurrera beste talde batekin: Asier Arregiren, Gaizka Barañanoren eta Ibai Belokiren laguntza izan dut urte hauetan.

Pertsona bakarrarentzat lan handiegia da?
Sekulako lana da. Korrikalarien jarraipena egitea lan handia da, eta bidaia asko egin behar dira. Urtean agian 20 bidaia baino gehiago izan daitezke. Horrek esan nahi du urtean 20 asteburu baino gehiago etxetik kanpo, eta lana dela, familia… ez da posible. Garai batean errazago egiten nuen, baina familiarekin uztartzea oso zaila da.

Hautatzaileak korrika egiteko denbora izaten du?
Hasierako urteetan bai. Gero taldea handitzen joan da eta azkenerako ez zen erraza.

Nahi baino gutxiago joaten zara mendira?
Tarteren bat hartutakoan ohitura badaukat mendira joateko. Behintzat, Usurbera bizkor-bizkor igo eta jaitsi.

Gustuko txokoa duzu?
Goierri esan beharra daukat? [Barreak] Degurixa esango nuke, Eskoriatza eta Aretxabaleta inguruan dagoen goi-ordeka bat. Urbia estilokoa da.

Nahiz eta Goierrira ezkondu [Beasainen bizi da], mantentzen duzu debagoienatar sena.
Denbora izango banu, entrenatzera bertara joango nintzateke. Hango denbora denak buruz dakizkit. Tira, herrimin piska bat ere izan daiteke.

Lehian nola hasi zinen?
Mendian betidanik ibili naiz. Eskoriatzako lagun batzuk ideia zoro bat izan zuten: gaueko mendi lasterketa bat. Laguntza eske etorri ziren, eta parte ere hartu nuen. Hala hasi nintzen.

Etorkizunerako proiekturik baduzu?
Era batera edo bestera mundu honi lotuta jarraituko dudala argi daukat. Gustatuko litzaidake berriz ere fundamentuz entrenatzen hasi, Europako lasterketa bat hautatu eta familiarekin bertara joan. Ez dakit aukera egongo den, baina hori dut buruan.

Europa Goierri baino nahiago?
Marimurumendin berriz ere parte hartzen saiatuko naiz. Eta gero Zegama daukagu, munduko erreferente bat. Inoiz ez dut fundamentuzko Zegama bat egin, baina bertan bizitakoa beste inon ez dut bizi. Gustatuko litzaidake berriz ere hor egotea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>