Musukoaren aurrean planto

Musukoaren_aurrean_planto

Segurako Haitz Lehor Herri Eskolako hainbat ikaslek eta gurasok bat egin zuten Haurrak ere Bai! plataformaren deiarekin.

Hezkuntza protokolo berriak esaten du 6-12 urte bitarteko haurrek musukoa erabiltzen jarraitu behar dutela eskolan, nahiz eta aire zabalean egon. Horren aurrean, elkarretaratzeak egin dituzte, Haurrak ere bai!  Euskal Herriko familien sareak deituta.

Haurrek maskarak eraman behar dituzte ikastetxeetan une oro, baita aire zabalean ere, jolastokian. Joan den martxoko arau batek markatzen du, transmisioa altua zenekoa. Oraindik beharrezkoa da? Politikak eztabaida publiko bihurtu du, pandemiaren ondorioz geratzen den osasun-murrizketa bakanetako bat den hau. Horren adierazle da, EAEko 50 ikastetxeetako atarietan, Haurrak ere bai! plataformak deituta egin dituzten elkarretaratzeak.  Goierriko hainbat ikastetxeetan ere bat egin dute deialdiarekin, Seguran adibidez.

Haurrak ere bai! Euskal Herri mailako familien sareak, konfinamendu testuinguruan sortu zenetik, 2020ko martxoan, modu aktiboan erakutsi du –mobilizazioen bidez, proposamenak eginez…– COVID-19a saihesteko ezarritako hainbat neurrik haurrengan izan dezaketen ondorioek kezka sortzen dietela. «Guraso arduratsuak gara», esan du Oihana Torrealdea plataformako kideak. «Lehenik eta behin, argi eta garbi utzi nahi dugu onena nahi dugula gure seme-alabentzat, sekula ez genuke eskatuko haientzat kaltegarria den zerbait, kontrara, gure haurrentzat onena nahi dugu, eta uste dugu, gobernuek ez dutela txikienen ongizatean pentsatu, ongizate fisiko eta mentalean,  hori erakusten digute azkeneko urte eta erdian ezarri dituzten hainbat neurrik».

Aldaketa gutxi protokolo berrian

Hori oinarrian, «eta egoera nolakoa den ikusita», azkeneko asteetan mobilizazioak ugaritu dituzte. Arrazoia da, urriaren 6an osasun larrialdia indargabetzeko dekretua argitararatu eta egun gutxira, Hezkuntzan ere egoera berrira moldatzeko urratsa eman zela, protokolo berri bat ezarriz. Baina protokolo berriak, ez ditu aldaketa asko ekarri.

Lehen Hezkuntzako ikasleek patioan ere maskara erabiltzen jarraitu beharko dute. Orain arte bezala, une oro jantzita eduki beharko dute, hamaiketakoa egiten ari diren momentuan izan ezik. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek, ordea, aire zabalean eta metro eta erdiko distantzian badaude, maskara kentzeko aukera izango dute. Era berean, eurentzat maskara ez da beharrezkoa izango kanpoaldean jarduera fisiko bizia egiten, jaten edota edaten ari direnean.

Lehen Hezkuntzan, burbuila taldeetan dago aldaketa nagusia. Ikasgelan daudenean, mantendu egin beharko dituzte; aire zabalean, ordea, maila bereko ikasleen artean harremanak edukitzea baimendu dute. Orain arte, soilik, burbuilako kideekin elkar zitezkeen. Ikasturte hasierarekin batera, ikasgeletan lau edo bost ikasleko taldeak osatzeko, kideen artean distantziarik eduki gabe, baimena eman zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain arte, taldeen artean metro eta erdiko tartea mantendu behar zuten; urriaren 11tik  aurrera, 1,2 metroko distantzia eduki behar dute talde batetik bestera.

Oihana Torrealdea: Haurrak ere bai! plataforma:

«Onena nahi dugu gure seme-alabentzat, sekula ez genuke eskatuko haientzako kaltegarria den zerbait»
«Premia berezikoa iruditzen zaigu maskara eskolaz kanpoko espazioetan erabiltzea derrigorrezkoa ez izatea»

Haurrak ere bai! plataformatik adierazi dute, protokoloak dioena, «diskriminatzailea» dela. Elkarretaratzeekin, beraz, Lakuako Gobernuak maskara kasu horietan mantentzeko hartutako erabakiari erantzuten diote, «Olatu berri baten beldur dira?» esan dute Haurrak ere bai!-tik. Horri dagokionez, Sagardui sailburuak adierazi zuen urriaren 18ko  mobilizazioen ostean,  12 urtetik beherako haurrak direla «kalteberenetakoak, ez dagoelako eman ahal izan den pediatriako txertorik».

Plataformak dioenez, «familia arduratsuak» diren aldetik, «haurren zuhurtasunaren eta ongizatearen arteko oreka bilatzen dugu. Jakin badakigu pandemia hasi zenetik gaur egun arte ahalegin handia egin dela osasun-krisi honi aurre egiteko».

Torrealdearen ustez, «haurtzaroarekiko begirada falta izan da, eta hartutako neurriak, haur horiekiko ekitatiboak eta proportzionalak ez izateaz gain, gure seme-alaben osasuna modu integralean zaintzetik urrun daudela iruditzen zaigu. Eta horrek asko kezkatzen gaitu».  «Maskara erabiltzeari ekin genion 12 urtetik beherakoen artean, eta premia berezikoa iruditzen zaigu maskara eskolen kanpoko espazioetan erabiltzea derrigorrezkoa ez izatea, bai eta espazio irekietan ere, oro har, batez ere, egungo egoera ikusita».

Gainera, argitu du, «ebidentzia zietifikorik ez dagoela, 6-12 urte bitarteko haurrek, egoera horretan maskara erabili behar izateko». Hasiera batean «birusaren super-kutsatzaileak zirela uste bazen ere, denborarekin ikasi dugu, ez dela horrela, eta asko dira, bide horretan adierazpenak egin dituztenak, adibidez, Felix Zubia Donostia Ospitaleko Larrialdi burua, eta Fernando Simon bera ere».

Beste ahots batzuk

Baina ez da Haurrak ere bai! plataforma  neurri horren kontra agertu den bakarra. Hezkuntza protokolo berriak hautsak harrotu ditu eta beste erakunde batzuk haien iritzia publiko egin dute, Ikastolen Elkartea eta STEE-EILAS sindikatua kasurako. Azken asteetan albiste izan da bi erakunde horiek egindako adierazpenak. Eskatu dute 6-12 urte bitarteko haurrek musukoa erabili behar ez izatea eskolako espazio irekietan.

Bizitza Plataformak ere, aspaldi eskatu zuen. Zumarragako Diego Calvo Bizitza Plataformako kideak esan duenez, «iaz,  bederatzi hilabetez aplikatu ziren protokolo bertsuak jarri dituzte mahai gainean gobernuek», eta galdetzen du «ze ikerketa egin dute denbora horretan, neurri horiek erangikorrak diren ala ez jakiteko?». Ebidentzia zientifikoak oinarri, «haur txikiek helduek baino gutxiago kutsatzen dute, beraz, zergatik jantzi behar dute musukoa eskolan aire zabalean?».

Justizia auzitegiek tramitera onartu dituzte helegiteak

Semillas auzolanean, Liberum eta Bizitza elkarteek eskola-protokoloak bertan behera geratzeko eskatu dute, arauak egiteko ezarritako prozedura ez delako kontuan hartu (EAEn ez dute maila juridikorik) eta batik bat, umeei eta gazteei kalte fisiko eta psikologiko larriak eragiten dizkielako, eta adingabeen eskubideak eta askatasunak mugatzen dituztelako. Horregatik, kautelazko neurriak eskatu dituzte, eskoletako protokoloak eta haien neurri guztiak berehala gelditzeko. Urriaren 25ean, errekurtso bana aurkeztu zuten EAEko eta Nafarroako Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salan.

Hiru taldeek elkarlanean egin dute lana, biologo, mediku eta psikologo-pedagogoen txosten tekniko eta sanitarioen ezinbesteko babesarekin eta Bilboko Montes abokatuen laguntzarekin.

EAEko Justizia Auzitegiak, Nafarroako Justizia Auzitegiak bezala, onartu egin du Bizitza, Semillas Auzolanean eta Liberum elkarteek bultzatutako eskola protokoloen aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>