Bizitzea eta irautea

German-UrteagaGerman Urteaga Garmendia Kirol psikologoa eta trans aktibista

Bizitzea? Irautea? Zer da bizitzea? Zer irautea? Ez al dira gauza bera? Bizi ala iraun? Ziur nago gure bizitzan zehar denok entzun ditugula bi hitz hauek, eta seguru nago gutariko askok esan dugula gauza bat bizitzea dela eta beste bat, berriz, irautea; bizitzan bizi egin behar dela alegia, eta ez, aldiz, iraun. Bizitzera etorri garela, eta ez irautera. Nik ere sarritan esan izan ditut horrelakoak, eta orokorrean ados nagoen arren, bizitzak erakutsi dit gauzak beti ez direla hain sinpleak, batzuetan iraun egin behar dela; badirela egunak bizitzeko, eta badirela egunak irauteko. Gaztelerazko esaldi bat neure egin dut azken aldian: algunos dias se vive, y otros se sobrevive.

Batzuetan ez zaigu irautea beste aukerarik geratzen aurrera egin ahal izateko bizitzan. Badira egunak, edo boladak, bizitzea ezinezkoa dena, iraun baino ezin dena egin, eta ondo dago. Zaila da momentu latzetan bizi moduan egotea. Egun batzuetan ohetik altxatzea egundoko garaipena da. Zerbait jatea egundoko garaipena da. Edalontzi bat garbitzea egundoko garaipena da. Eskolara joatea egundoko garaipena da. E-mail bat idaztea egundoko garaipena da. Whatsapp bat erantzutea egundoko garaipena da. Arnastea egundoko garaipena da… Bizirik irautea egundoko garaipena da.

Hala ere, irudipena dut askotan presio gehiegi jartzen diogula geure buruari. Beti denak ondo egon behar duela dirudi, uneoro zoriontsu izan behar dugula, eta, hala ez bada, zerbait gaizki egiten ari garenaren mamua etortzen zaigu bisitan. Bizitza bizitzen ari ez bagara bizitza galtzen ari garenaren usteak hondora gaitzake. Uste dut garrantzitsua dela bizi dugun egoeraren kontziente izatea eta gure burua ez estutzea. Honi behar duen denbora ematea zauriak sendatzeko, eta onartzea egunero ez dela festa izango. Izan gaitezen kontziente eta uler dezagun badirela egunak dena zakarrontzira bota nahiko duguna (eguna bera seguraski), eta errespeta dezagun egun (bolada) horietan gure helburu nagusia irautea izan behar litzatekeela, eta ez aldiz, bizitzea. Azken finean, halako egunak bizi ditugunean iraute hutsa bizitzea da, eta geure buruaz eta garenaz harro, oso harro, egon behar genuke irauten ari garelako.

Bizi, saiatu bizitzen, eta bizi ahal duzun guztia, baina bizi ezin denean… Iraun. Helduko dira egun eta garai hobeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>