«Egiazta dezaket Done Jakue bidean zerbait badagoela»

Fermin_Lopetegi__erromesa

Erromes titulua ondo irabazia du Fermin Lopetegik, Done Jakue bidea 20 aldiz baino gehiagotan egin eta gero. Ignaziotar bidea egin zuen lehena izan zen gainera. Ondoren beste bederatzitan egin du, eta hamargarrena hasita du. Erromesaldi horietako esperientziak kontatzeko eskatu diote laster estrenaituko den dokumental baterako.

Zumarragako Etxeberri auzokoa zara.
Bi urte nituenean etorri ginen Irurtzundik, eta han egon ginen Sagaspe taberna hartu genuen arte. Beti izan dut bihotzean, eta bi liburu eskaini dizkiot, familien bidez auzoko historia jasoz bat, eta bestea argazkiekin osatuz. Etxeberri, historia de mi barrio. Nace un sentimiento izenburua dute.

Nolatan egin zenituen liburuak?
Datu bilketarako afizioa dut, lanetik datorkit, eta bizitzako beste esparru batzuetara eraman dut. Done jakue edo Ignaziotar bideak egiten ditudanean, egunerokoa idazten dut, eta Facebook-en ere idazten dut eguneko ibilbidearen laburpena, argazki eta guzti.

Noiz hasi zinen Done Jakue bidea egiten?
Lehena 2004an egin nuen. Astebururo mendira joaten nintzen Aitor semearekin, eta inguruko guztiak ezagutu genituenean, Galiziara oporretan joaten ginenean bide bazterretan ikusten genituen erromesekin gogoratu ginen. Larunbat batean Orreagara joan ginen, eta  oinez Zizur Txikiraino iritsi ginen, 52 kilometro eginda. Hurrengo egunean bigarren etapa egin genuen, beste 54 kilometro. Lehen aldiz, asteburuz asteburu egin genuen, gezi horiari jarraituta.

Gehiagotan egin duzu gerora.
Hogeigarren aldiarekin, zenbatzeari utzi nion. Urte berean joan nintzen bigarren aldiz, baina barruko bidetik, Goierritik. Orduan motxila hartuta dena jarraian egin nuen.

Ariketa fisiko hutsa al da bidea?
Ibiltzeagatik, jarduera fisikoagatik ere egiten dut, beti izan naizelako kirolzalea. Baina bigarren aldian asmo bat nuen, promesa bat egin nuen, eta bete egin zen. Hurrengoa ere berezia izan zen, laneko istripu larri baten ondoren egin nuelako.

Zer ematen dizu bideak?
Satisfakzio asko! Hirugarren aldian ere eskaera bat egin nuen, eta bete egin zen. Beti esaten da bidean badagoela zerbait, eta nik egiaztatu dezaket baietz, badagoela zerbait. Horrez gain, lagun asko ere ematen dizkizu, onak eta txarrak, eta nola ez, anekdota eta bizipen ugari.

Nolako bizipenak?
2010eko Urte Santurako Ate Santua ireki zutenean, hura igaro zuen lehen erromesa izan nintzen, adibidez. Atea irekitzeko ekitaldian egon nahi nuen, eta abenduaren 31n Santiagora iritsi eta akreditazioa jasotzera joan nintzenean, ekitaldi hartarako erromes bat behar zutela esan zidaten. Nik baiezkoa eman nuen, eta ordua iritsi zenean, han nintzen ni. Agintari erlijiosoak eta politikoak igaro eta gero, ni sartu nintzen lehena erromesen artean. Komunikabide ugaritan agertu nintzen!

«Done Jakue bidea 2004an egin nuen lehen aldiz, Aitor semearekin… Hogeigarren aldiarekin, zenbatzeari utzi nion»
«Behin baino gehiagotan lagundu diet etxetik, telefonoz, Ignaziotar bidea egiten ari zirela galdutako erromesei»

Erromes izateaz gain, aterpetxeetako boluntarioa ere bazara.
Bai, bideko Gipuzkoako Lagunen Elkarteko kidea naiz. Aterpe batzuen ardura dugu. Ni Beasaingoan ibiltzen naiz. Urteko estatistikak ere egiten ditut.

Eta Done Jakue bidea nahikoa ez balitz, Ignaziotar bidea ere bai. Lehena izan zinen egiten, gainera.
Ez, bigarrena. Lehena San Ignazio bera izan zen.

Baina lehen erromesa bai, izan zinen.
Bai, 2012an egin nuen. Done Jakue bidea beste behin egitekotan nintzela, egunkari batean irakurri nuen Ignaziotar bidea prestatzen ari zirela, San Ignaziok 1522an Loiolatik Manresara egindako ibilbidearen inguruan. Hurrengo egunean Loiolara joan nintzen, eta han zuten informazio apurra eta kredentziala hartuta, bi egunetara abiatu nintzen. Loiola-Brinkola egin nuen lehen etapan, eta hurrengoan Brinkola-Araia, Handik aurrera jarraian egin nuen. Bidea ez zegoen prestatuta orain bezala, aterpetze gutxi zeuden orduan.

Nola hartu zintuzten Manresan?
Martxoaren 15ean aurkeztu zuten han bidea, eta ni hurrengo egunean iritsi nintzen. Nire zain zeuden, eta udalak eta Izpiritualitate etxeak harrera egin zidaten.

Zenbat aldiz egin duzu Ignaziotarra?
Bederatzi aldiz. Zortzi Loiolatik Manresara, eta bat alderantziz. 28 etapa dira, baina nik 18tan egiten dut. Aitorrek ere egin du. 2012tik hona asko aldatu da, azpiegitura gehiago dago bidean eta gezi laranja ere bai, ibilbidea markatzeko.

Gida bat ere egin zenuen.
Informazio asko bildu nuen lehen aldietan, eta Loiolako eta Manresako bulegoetara bidali nuen, webguneetan argitaratzeko. Gerora, idatzitako lehen gida atera nuen, Guia del camino Ignaciano.

Ignaziotar bidean aditua zara, beraz.
Ondo ezagutzen dut, bai. Behin baino gehiagotan lagundu diet etxetik, telefonoz, bidea egiten ari zirela galdutako erromesei.

Zumarragan Antiotik igarotzen da.
Gida gehienetan jasotako ibilbidea, erreka ondokoa, ez da jatorrian San Ignaziok egin zuena, Antiotik pasa zelako. Sandratitik joan ordez, Oñatitik joan zen, han arreba Magdalena bizi zuelako, baina hara ez zen menditik joan, gaurko ibilbidean markatzen den bezala. Hor ere, gidetako ibilbidea ez da jatorrizkoa.

Nongoak dira erromesak?
Asko kanpotarrak dira, bertakoak ez dira gehiegi animatzen. San Ignaziorekin eta jesuitekin harremana duenez, kutsu erlijiosoa duela uste dute.

Pandemiak izango zuen eragina.
Bai, noski, ni neu etxera itzuli nintzen Biasteritik iazko martxoan. Aurten hartu dut berriz, eta Zaragozaraino iritsi naiz, baina leku asko itxita aurkitzen nituenez, aurrera ez egitea erabaki nuen.

Jendea itzuliko al da bidera?
Nik uste dut baietz. Datorren urtean 500 urte beteko dira San Ignazioren jaiotzatik, eta uztailaren 31 igandea denez, Jubileu Urtea izango da. Urte garrantzitsua izango da biderako, ziur.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>