Egunak edertzearen antzea

Patxi-ZubizarretaPatxi Zubizarreta • Idazlea

Walden lakua Bostondik hurbil dago eta, 1845ean, Henry D. Thoureau naturalistak hara jo zuen bi urte, bi hilabete eta bi egun igarotzera, naturan nor izatera, bere burua aurkitzera. Txabola bat eraiki zuen horretarako eta, neguan, ez zen harritu Walden lakuko urak izoztu zirenean, baizik eta baserritarrak kristal artikoaren laborantzan ikusi zituenean: zientoka lagun atzera-aurrera hasi ziren, hamaika zaldi, gurdi eta golderekin batera, izotz puskak ateratzen eta garraiatzen. Kargamendu hotz bezain iragankor hura New Orleans edo Calcuta beroetaraino bidaliko zuten gero, izotz hondarrekin han garagardo hotza hartu ahal izan zezaten, basoetako uretan izotz koxkorrak icebergen antzera ibil zitezen. Walden, lakua ez ezik, liburua ere bada harrezkero eta Danele Sarriugarte itzultzaileari esker irakur dezakegu euskaraz.

Christiane Ritter austriarrak 1934an Norvegiako Spitsbergen uhartera jo zuen negu artikoa txabola batean igarotzera. Una mujer en la noche polar liburuan bere burdinazko bihotza agerian utzi zigun eta kontaketa zirraragarria idatzi zuen —gorriak eta beltzak ikusi zituen han, ikusi zituenez—. Horrekin batera, aurora borealen artean egin zituen koadroak pasadizo haien lekuko ditugu gaur egun. Paraje haietara 2016an Ludovico Einaudi pianista joan zen, hain zuzen ere Wahlenbergbreen glaziar gero eta urriagoaren aurrera, Elegy for the Artic obra izotz eta iceberg artean jotzera. Eta, Greenpeace elkartearen bitartez, gu hunkitzera eta gure kontzientziak astintzera.

Paul Wittgenstein pianista austriarrari bihotza izoztu zitzaion, 1914an, zer, eta eskubiko besoa galdu zuenean Lehen Mundu Gerraren erruz. ‘Pianista besamotza baino gauza errukarriagorik!’, pentsatzen zuten. Gainera, Siberiara deportatu zuten gero, baina musikariak inondik ere etsi ez, eta, handik itzuli bezain pronto bere maisu zaharrarengana jo zuen, Labor-engana; mesedez, hura ordurako itsu zegoen arren, ezker eskurako obra bat konposatu ziezaion. Eskari bera egin zion gero Maurice Ravel musikari euskaldunari eta harrigarria da Ezker eskurako kontzertua entzutea edo sarean ikustea. Haien notak, Christianeren pinturak bezala, miresgarriak dira: halako ukitu berdea dute, baina urrutitik begiratuta, miresgarri urdinak dira.

Walden, Elegy for the Artic edo Ezker eskurako kontzertua agian motibagarriak izan daitezke, eta pizgarriak, ate joka dugun 2022an barneratzeko eta urte berriko egunak edertzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>