«Gazteen parte hartzea sustatzea da gure ardura»

Aiora-ZurutuzaAiora Zurutuza Rodriguezek (Itsasondo, 2000) hemezortzi urterekin hartu zuen Itsasondoko zinegotzi kargua. Botoa eman zezakeen lehen hauteskundeetan bere izena zegoen boto-paperetan. Ordutik, udaleko kargua eta Psikologia ikasketak uztartu ditu.

Noiz erabaki zenuen zinegotzitarako aurkeztea?
Zerrendan sartzeko ideia herrian egindako galdeketa baten ondorioa izan zen. EH Bilduk bideratuta, herritarrok hauteskundeetarako zerrenda nork osatu proposatu genuen. Nik aitarekin egin nuen, eta noski, ez genuen gure izena jarri! Halere, galdeketa horretatik izen asko atera ziren, eta horietako bat, nirea.
Gerora, orduan zinegotzi zirenekin elkartu ginen eta haiek pixka bat konbentzitu gintuzten.  2019ko hauteskundeen ondoren, maiatzean, hartu nuen kargua.

Zer sentitu zenuen?
Botoa eman nezakeen lehen hauteskundeak ziren eta boto-paperetan nire izena agertzea… Beldurra ez, baina nolabaiteko harridura eragin zidan. Halere, oso babestuta sentitu naiz hasieratik.

Udaleko beste kideak baino gazteagoa zara. Zailtasunik izan al duzu?
Ezagutza eza, baina berria nintzelako. Zerrendako batzuk errepikatzen ari dira, horiek sekulako trotea dute eta gu [berriak] non sartu ere ez genekiela geunden. Orokorrean, taldeari eskertuta nago, nahiz eta gaztea izan, ez bainaiz inoiz baztertuta sentitu.

Zein arlotan zabiltza lanean?
Ongizatean. Gizartea, osasuna… orokorrean herritarren ongizatea lantzen dugu. Gazteria arloa ere nik daramat.

Herri txiki baten zein behar dituzte gazteek?
Ez dakit herri txikietan bakarrik gertatzen den, baina herriarekiko atxikimendua lantzeko ardura sumatu dut. Egia da, Itsasondon adibidez, seigarren mailatik aurrera, haurrak kanpora joaten direla ikastera. Herriarekiko lotura galtzen dutela nabaritzen dugu.
Gure ardura handietako bat herrian gazteen parte hartzea sustatzea da. Udaletik zer eskaini daitekeen gazteentzat eta gazteek udalari zer eskaini diezaioketen. Dinamika hori sortzeko zailtasunak ditugu askotan.

Psikologiako gradua ikasten ari zara. Aplikatzen al duzu hori udaleko lanetan?
Baietz uste dut. Ongizateko zinegotzia izanik, gainera, bi arloak lotuta daude. Behar sozial horiek guztiak ikuspuntu psikologikotik ere begiratzen ditudala uste dut edo espero dut.

Hurrengo hauteskundeetan aurkezteko asmorik ba al duzu?
Ez. Lau urtez ariko naiz zinegotzi lana unibertsitateko ikasketekin uztartuz. Deskantsua behar dut. Aurrerago agian bai, baina zortzi urte jarraian gehiegi da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>