«Zentzumenak altxor handi bat dira eta gutxi garatzen ditugu»

Furundarena-1

Aitor Furundarena Usabiagak (Ordizia, 1970) soinu handia hartu zuenetik ez du askatu. «Zortzi akordeoi. Gehiegi. Baina zein kenduko dut?». Eurena lehen kolpeko maitasun istorioa dela dio. Bete egiten duela aitortu du, garapen pertsonalean ere lagundu diola eta mundua ezagutzeko aukera eman dio. Baina musikarientzako ez direla garai onak atsekabetu da. «Gauzak ziklikoak izaten dira eta garai honek ekarriko du beste garai bat ezberdina».

Soinujole batek esku bereziak izan behar ditu?
Soinujole izatea edonoren esku dago. Gogoratzen naiz bazegoela pianista bat, Alicia de Larrocha, oso-oso ona zena, eta eskuak amorfoak zituela. Suposatzen da pianoa jotzeko esku handiak izatea hobe dela, baina berak hatz finak eta motzak zituen. Esan nahi dudana da, azkenean, moldatu egiten garela: hatz luzeak badauzkagu mugimendu gutxiago beharko ditugu eta hatz motzak baditugu mugimendu gehixeago beharko ditugu.

Teknikak garrantzi handia du?
Musikariok ordu asko sartzen ditugu, baina ordu asko, asko, asko. Azkenerako teknika dezente hartzen dugu denok. Teknika hartzeko bide horretan ia beti egoten da garai bat obsesionatu egiten garela. Baina horrek, normalki, gero beste fase bat ekartzen du. Konturatzen zara askoz garrantzitsuagoa dela teknikarekin zer egiten duzun. Teknika garrantzitsua da, baina gauzak espresatzeko ez da horren muturrekoa behar. Orduan, maila bat lortzerakoan, xede printzipala bihurtzen da gauzak espresatzea, zer esana edukitzea, eta hori buruan dago. Nik oso garbi daukat emanaldi batean espresioa askoz gehiago iristen dela birtuosismo teknikoa baino. Baino askoz gehiago.

Eskuak, besoa, burua… goxatzen dituzu?
Baserrian bizi naiz eta baserrian badaude lan batzuk hatzei ez dietenak laguntzen: aitzurra, aizkora… denbora luzean kirten bati helduta egon behar duten lanek ez dute laguntzen. Horiek egin eta gero, normalki, egoten da kontra-lan bat. Baina ez da beste munduko ezer. Ohitura hartzea besterik ez; burua, bai, lantzen dut. Niretzako musika oso lotuta dago buru barruarekin, norberaren filosofiarekin. Ni musikaria naiz, batik bat, espresatzeko aukera ematen didalako. Horregatik mantentzen dut nire maitasuna musikarekin. Eta hori buru barruan dago.

Burua nola lantzen duzu?
Burua lantzen da pertsona lantzen den bezala. Nola lantzen den pertsona? Betetzen gaituzten gauzetan murgilduta. Bateren bati gustatzen bazaio mendia eta natura ba segi mendira eta egin paseo batzuk eta hartu airea. Niri asko gustatzen zaizkit gizarte gaiak eta filosofia, eta horra jotzen dut. Doble motibo: gustatzen zait pertsona bezala eta mesede egiten dit profesionalki. Bertsolariei bezala. Bertsolariek teknika badaukate, hamaika mila errima dituzte, baina zer esan? Bertsotan edukiari begiratzen zaio, eta edukia buruak egiten du. Musikan antzeko zerbait da.

Eta instrumentuak goxatzen dituzu?
Akordeoiak ez dira asko zaindu beharrik izaten, baina pixka bat bai. Aspaldi nola mantendu pixka bat ikasi nuen eta konponketa txiki batzuk egiten ditut. Tenperatura aldaketa handiak eta hezetasuna ere ez dira onak izaten. Akordeoiak ditudan gelan hezetasun-kengailu bat dut.

Furundarena-3«Kultur gosea badagoela sentitzen dut, baina administrazioak eta gizarteak ez dugu ezer egiten elikatzeko»

«Guk ez genuen Musikene bat. Dena eskura dugunean jarrera aktiboa apaldu egiten da, eta horrekin kontuz ibili behar da»

Zenbat akordeoi dituzu?
Baserrian, lehen ukuilua zegoen tokian, estudioa deitzen diodan gela jarri nuen niretzako. Hor dauzkat akordeoiak, ordenagailua, grabaketak egiteko tramankuluak… Akordeoiak, gaur egun, gehienbat hiru erabiltzen ditut; baina ondo jotzeko moduan dauzkat bat, bi, hiru, lau, sei, zazpi… bote prontoan esango nuke sei, eta bi zahar. Zortzi akordeoi. Gehiegi. Baina zein kenduko dut?

Zaharrak botatzea kosta egiten da.
Instrumentu zaharrak zoragarriak dira. Estetikoki zoragarriak dira, oso politak, eta soinua ere ezberdina daukate.

Egunero jotzen al duzu?
Musikariaren bizitzan egoten da fase bat ordu asko sartzen dituzula, ikasle garaia deitzen zaion horretan. Nik egunean zortzi ordu sartzen nituen batez beste. Gaur egun, saiatzen naiz egunero jotzen. Baina ez da asko behar. Jotzerakoan badago gimnasia bat eta badago gozatze bat. Egunero jotzen dut hori elikatzeko. Kontzerturen bat dudanean pixka bat gehiago jotzen dut.

Nazkatzeko arriskurik badago?
Badago arrisku hori, bai. Musikan, edozein ofiziotan bezala, badago enpatxatzeko arriskua eta zaindu egin behar da.

Ohikoa da?
Jende asko ikusi dut musikaz enpatxatzen. Batik bat, profesionalak. Ze, emanaldi bakoitzaren atzean neke fisiko potente bat egoten da, eta batzuetan, baliteke, satisfazioa ez izatea horren handia. Orduan, bere arriskuak ditu. Jotzeagatik enpatxatzea? Nik uste gerta daitekeela. Jo eta jo eta jo… baina hori zaindu daiteke. Eduki behar da alerta botoi hori gehiegi ez pasatzeko. Baina gauza guztiekin bezala. Janarekin bezala. Niri jatea ikaragarri gustatzen zait, baina ez badugu buru pixka bat edukitzen, gehiegi jaten dugu eta ez digu plazera ematen.

Zuri gertatu zaizu nazkatu eta utzi behar izatea?
Bizitza guztian nire buruarekin eduki dudan borroka da hori zaintzea. Baina gertatu zait, bai. Orduan, onena denbora bat hartzea da airea hartzeko.

Parentesi horiei probetxua atera dakieke?
Konposatzeko oso garai onak dira. Ideiak, askotan, instrumentu gabe etortzen dira.

Zerk inspiratzen zaitu?
Baserriko-lan batzuk poliki egin behar dira. Esate baterako, ilarrak biltzea. Ez da oso lan fisikoa, baina egin behar da poliki-poliki. Ez dago beste erremediorik. Eta horrek obligatzen zaitu erritmoa jaistea, asko. Erritmoa jaitsitakoan denbora beste espazio batean igarotzen dut, beste mundu batean. Eta momentu horiek oso onak dira barrurako, oso onak. Zertan pentsatzen dugun baino gehiago, pentsatzeko abiadura da. Basora joaten naizenean, arbola artean, berdin. Bururatzen zaizkidan ideiak beste kontu bat dira.

Baserriko soinu errepikakorrei erreparatzen diezu?
Ez nuke esango baserriko soinuak nire musikara ematen ditudanik, baina baserriko lan batzuk oso soinu berezia dute. Adibidez, segak. Oso soinu berezia du, eta usaina ere bai.

Belar moztu berriagatik.
Ez gaude ohituta usaimena erabiltzera. Kalean ez da usaimena erabiltzen, baina erreparatuz gero gure inguruan usain piloa daude. Entzumenarekin, berdin. Soinu piloa daude gure inguruan. Itxi begiak, eta erreparatu. Magikoa da. Zentzumenak altxor handi bat dira eta gutxi garatzen ditugu.

Gure inguruan gutxi kontzentratzen gara?
Inguruko soinuak entzuten hastea eta erreparatzea jarrera kontua da. Eta niretzako gauzen aurrean hartzen dugun jarrera da bizitzan garrantzitsuena.

Furundarena-2Nola hasi zinen soinua jotzen?
Solfeoa bakarrik hasi nintzen ikasten. Egia esan, ez oso gustura. Solfeoa bakarrik ikastea, orokorrean, ez da esker onekoa izaten. Utzi egin nahi nuen eta gurasoek esan zidaten soinuarekin hasteko. Gure familian badago soinu txikiarekin tradizio pixka bat eta horregatik. Baina handiarekin hastea gomendatu zidaten, oinarri hobea ematen duelako. Gogoan dut nire lehengusuaren etxera joan nintzela, Joseba Tapiarengana, Lasartera, lehen soinua hartzera. Bueltakoan, nire gurasoen kotxeko atzeko eserlekuan, jada lehen notak ateratzen joan nintzen. Hamabi bat urte izango nituen orduan. Lehen unetik asko gustatu zitzaidan, bete egiten ninduen. Eta nire garapen pertsonalean ere inportantzia handia eduki zuen. Lehen pertsona barnerakoia nintzen, eta irekitzen hasi nintzen justu akordeoiarekin hasi nintzenean. Inguruan ondo jotzen nuela entzuten nuen eta horrek segurtasuna eman zidan.

Konposatzen ere azkar hasi zinen?
Ez dakit noiz hasi nintzen konposatzen. Etxean denbora asko igarotzen nuen akordeoiarekin esperimentatzen. Hortik atera dira nik egindako gauza asko.

Ikasketak sakontzeko Parisera joan zinen.
Oso oroitzapen onak ditut. Gu Euskal Herrian bizi arren, hegoaldekooi gauza asko Espainiatik datozkigu. Eta Espainia eta Frantzia oso herrialde ezberdinak dira. Intelektualki Frantzia oso potentea da. Parisen ezagutu nuena mundu berri bat izan zen.

Eta gero, Kopenhagera.
Parisen hiru urte egin nituen eta Kopenhagen, beste bat. Han ere oso oroitzapen onak ditut. Paris abangoardia da. Ikasteko ikaragarrizko tokia da, presioa ere badu, horregatik; aldiz, Kopenhagek ez zuen presiorik. Bakoitzak nahi zuen bezala egiten zuen, natural.

Orain ere Euskal Herritik joan beharra dago ikasteko?
Musikene alde onak eta txarrak dituen tresna da. Sekulako maila dago, baino erlaxatzeko arriskua du. Guk ez genuen Musikene bat eduki eta behartuta geunden gure bidea egitera, jarrera aktiboa edukitzera. Dena eskura dugunean jarrera aktiboa apaldu egiten da eta horrekin kontuz ibili behar da; nonbait ikasi eta gero kanpora joatea ere gomendatzen dut: etxetik kanpo bizitzeko eta bigarren ikuspuntu bat izateko, erlatibizatzeko.

Musikeneko etapa amaitu berri duzu.
Erosotasuna galdu dut, baina proiektuak eraikitzen nabil, gazte garaian bezala. Ikusten 40 eta 50 urteko jende gutxi dabilela proiektuak lantzen. Nire buruari begiratzen diot eta ondo esaten dut, uste dudalako bizia ematen didala.

Sortzaileen lan mundua nola dago?
Ai, ez da erraza, ai. Kapitalismo eta kontsumismo oso fuerte batean bizi gara eta horrek eramaten du gizartea diruaren ikuspuntutik baloratzea. Gauza guztiak diruaren koloretik begiratzean arriskuak sortzen dira. Kultura diruaren filtrotik igarotzean gaizki ateratzen da, kulturak ez duelako diru asko sortzen duen jarduera bat. Baina kulturak pertsona garatzen asko laguntzen du eta herri bati identitatea ematen dio. Euskal Herria Euskal Herria da gure kulturagatik.

Ez dira garai onak.
Alde batetik dago kapitalismo eta kontsumismo fuerte hori eta, beste aldetik, Covid egoera. Kultur gosea badagoela sentitzen dut, baina administrazioak eta gizarteak ez dugu ezer egiten elikatzeko. Badirudi kultura bultzatzen dela, baina bultzatzen da modu apaingarri batean. Kultura laguntzea da lehentasunetan aurrean jartzea, lehen esan dudan filtroan kultura jartzea. Gauza batzuk kultura delako kristoren balio dute baina lehentasunetan atzera gelditzen dira. Kultura eta musika beti egongo da, baina ez badugu lantzen bazterreko gauza bat izango da eta ez du ideologiarik izango. Apaingarri hutsa izango da. Eta niretzako kristoren pena da. Kultura gure izaerarekin lotuta dago.

Etorkizunari begira baikorra zara?
Izaeraz positibista naiz. Gauzak ziklikoak izaten dira eta garai honek ekarriko du beste garai bat ezberdina. Esperantza dut konturatuko garela gabezia batzuk daudela eta elikatzen saiatuko garela. Baina oraintxe bertan oso zaila da. Are gehiago, Covid egoeran. Oso zaila dago, baina hor oso militante sentitzen naiz.

Seme-alaben aita, diskoen ama

FurundaAitor Furundarena Usabiagak dio Kimetzen, Izadiren, Erlantzen, Leizarren eta Ekiaren aita dela eta hamaika diskoren ama. «Diskoei izenei jartzea ere ez da erraza», egin du txantxa. Umeei musikarekiko zaletasuna transmititzen saiatzen da. «Niretzat garrantzitsua da nire umeei musika gustatzea. Sortzaile bezala, abeslari eta interprete bezala eta publiko bezala». Presiorik ez die jarri nahi, ordea. «Musikari profesionala naiz, eta saiatzen naiz hori ez dadila presioa izan beraientzat. Naturala izan behar du. Solfeoa ikasten dabiltza eta hor gutxi sartzen naiz. Musikaren plazerean zentratzen naiz gehiago».

Bizitzan gozatu egin behar dela adierazi du, horretarako omen gaude-eta. «Akordeoia edo beste instrumenturen bat jo berdin dit. Baina musikak pertsonari asko ematen dio. Beste espresio bide bat da, gure barruak husteko bide oso ezberdin bat. Hitzak objektu zehatzekin lotzen ditugu: mahaia, beroa, tristura… baina musikak ez gaitu lotzen horren irudi zehatz batera. Aho hizkuntzak eman ezin dituen emozio batzuk helarazteko gai da musika. Musikak asko aberasten gaitu pertsona bezala».

Furundarena diziplina anitzeko artista da. Diskoez gain zinema, telebista eta antzerki mundurako partiturak sortu ditu. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazioekin egin du lan, besteak beste. «Ni ere oso pailazoa kontsideratzen naizenez ongi egin genuen bat», dio. Harro dagoela azpimarratu du. «Artean badirudi dramek prestigio gehiago dutela. Ni horren oso kontrakoa naiz». Umorea bizitzari begiratzeko prisma ona dela dio. «Umore klase asko daude. Azidoagoa, beltza… Egoera txarretan komeni da umorea ateratzea. Ez alaitzeko, erlatibizatzeko baizik».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>