Intsumisioaren txertoa

Joseba-TelleriaJoseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea

Txertoari intsumisioarenak  intsumisioaren txertoarenak baino egunerokotasun handiagoa baldin badu ere, bigarren honi helduko diot oraingoan. Ditxosozko txertoez ari ginela, soldaduskara joandakoei  lehen egunetan ematen zizkietenak atera ziren aurrekoan gurean. Prakaz gaindikoak erantzi eta dozena erdi inguru bai bizkarrean. Zer eta zertarako zirenik, auskalo! Txerto anonimo haiek adina kalte, ordea, urte eta erdi inguruan zakurren ipurdian derrigorrez pasa beharreko erresumindura, desesperazio, samintasun, irain, alferrikako gastu, denbora galtze, zigor eta mixeriek zekarten.

Eta halaxe, belaunaldiz belaunaldi eta urtez urte, Francoren erregimenaren hondarrean, kontzientzia objetoreek hasitako mugimenduari, 80ko hamarkada amaieran, intsumisoen ekimenak, protagonismo handiagoz, jarraitu zion arte. Mugimendu antimilitaristen borroka irudimentsu, gogor eta luze hark eman zion amaiera derrigorrezko soldaduskari 2001eko abenduaren 31n.

Semeak soldadu joateko adinean ditugunok, behintzat, hau guztia, ez genuke ahaztu beharko. Gazte askok, berriz, derrigorrezko zerbitzu militarra existitu eta garaitua izan zela jakin beharko lukete, besteak beste, bertara joatetik libratuz. Bide batez, intsumisioaren txertoa adibide, modu egokian antolatuz eta mobilizatuz, zentzuzkoak diren helburuak lortzea posible dela, zeresanik ez.

Errekonozimenduak eta antzekoak nonahi ditugunean, militarismoaren aurkako mugimenduekiko aitortzak, Iruñeko edo Olaztiko parke eta plazaren baten izenak salbu, umezurtz jarraitzen du.

‘Natural sentitzen dut egiten dudana eta natural egin sentitzen dudana…’ (Jon Sarasua).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>