Xabier Lete: poesia musikatua

Irati-GoikoetxeaIrati Goikoetxea • Idazlea

Jolas polita iruditu zait irakurri ez dudan liburu bat aholkatzea. Oraindik irakurri ez dudan liburu bat gomendatzea. Berandu baino lehen irakurriko dudan liburu bat irakurketarako proposatzea. Ausartzen naiz irakurri baino lehen gustatuko zaidala esaten. Beraz, pentsatu ere pentsa dezakegu, dagoeneko gustatu zaidala eta horregatik idazten dudala gaur Alex Gurrutxagaren lan sarituaz.

Abendua. Hilabete hotza da abendua. Eta goxoa. Eta gozoa. Zuria eta beltza. Bezpera hilabetea da abendua. Isiltasunarena. Musikarena. Laboarena. Lourdes Iriondorena. Leterena. Oroitzapenena. Dantzarena. Udazken hondarreko poesiarena.

Maquetación 1Ikaragarri maite nuen Xabier Lete eta ikaragarri maite dut. Presente egote hori. Ahots hori, hizketan ari zaigun zurrumurru-oihu sakon-serio-eta-aldi-berean-gozo hori. Irribarre pikaroa. Besarkada estua. Ataungo azken errezitaldiaren bukaeran eman zidana. Alex Gurrutxagak lehen lerrora ekarri du Lete Alberdaniak argitaratu eta Euskadi Saria 2020 irabazi duen Xabier Lete: Aberriaren poeta kantaria saiakera lanean. Gurrutxagari irakurri diot Atxagak esaten zuela Leteren hitzek harrituta utzi zutela, zerbait ezberdina kontatzen zutela, eta estetikoki kontatzeko era berezia zuela. Poesia musikatua egiten zuela. Horregatik aukeratu dut gaur oraindik irakurri ez dudan lan hau. Abendua delako, Xabier Lete erdigunera dakarrelako eta gustatuko zaidala badakidalako. Horregatik aukeratu dut batez ere: irakurri bezperatako gozotasun-irrika hau dudala esatea, irakurri eta gustatu zaidala esatea bezain garrantzitsua iruditzen zaidalako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>