Urtarrilaren erdialdean hasiko da foru aldundia bidesaria kobratzen A-636 autobidean. Erabakia haserre hartu dute sektore batzuek, eta Ormaiztegik eta Ezkio-Itsasok kezkaz.
Urtarrileko aldapa A-636 errepidekoa baino gogorragoa izango da 2022an. Ohiko prezioen igoerari gehitu behar zaio Beasain eta Bergara arteko errepidea ordainpekoa bilakatuko dela. Noiz hasiko diren kobratzen ez dago zehaztuta oraindik, baina Bidegitik urtarrileko bigarren astean izango dela aurreratu dute, sistema informatikoak prest dituztenean. Egun zehatza garaiz iragarriko dutela adierazi dute, ez dezan erabiltzailerik ezustean harrapatu.
Ordaindu beste erremediorik ez dagoela esan zuen Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak bidesariaren inguruko xehetasunak aletzerakoan. «Jakitun gara ez dela gustuko neurria, baina ordaindu egin beharra dago. Gauza asko daude ordaindu beharra eta aurrekontua mugatua da», esan zuen. A-636 errepidean bildutako dirua bertan geldituko dela zin egin zuen. «Dirua errepidea mantentzeko eta hobetzeko erabiliko da. Premia badu, asko gainera», aitortu zuen. «Orain arte ez dugu baliabiderik izan lanei ekiteko», desenkusatu zen. Lanean 2022an bertan hasiko dira: zorua aldatuko dute, zarata bakartzeko panelak jarriko dituzte eta mendiari eusteko prebentzio lanak egingo dituzte; gainera, ordainpekoak diren errepideek dituzten etengabeko zerbitzuak izango ditu. Bidegiko langileak bertan izango dira, adibidez, artatze-denbora murrizteko.
Oiarbidek Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi gehienek babestutako erabakia dela esanez berretsi zuen bere postura. Elkarrekin Ahal Duguk eta EH Bilduk bozkatu zuten aurka. Eta ez zuten egin errepidea doakoa izan behar dela uste dutelako, baizik eta ez datozelako bat aplikatuko diren deskontu progresiboekin. Kotxea gehien erabiltzen dutenei eta, hortaz, gehien kutsatzen dutenei mesede egiten dien neurria dela defendatu zuten.
Ziztu bizian ordaindu
Bidesaria Free flow edo etengabeko jarioaren sistemaren bidez kobratuko dute. Hau da, Beasaingo, Ezkioko edota Deskargako arkutik pasatzean –Antzuolako irteeran beste arku bat dago, txikiagoa– zuzenean kobratuko dute. «Ez dagoenez gelditu beharrik gutxiago kutsatzen da eta erosoagoa da. Gainera, trafikoa monitorizatu ahalko dugu», aipatu zuen Oiarbidek. «Handicap» bat ere badu, ordea, ezin dela esku dirutan ordaindu. Horregatik, gidariak behartuta egongo dira teleordainketa sistema bat ezartzera edo autoa kontu korronte batera helbideratzera. «Gipuzkoako Foru Aldundiaren aholkua Abiatu sistema ezartzea da. Abantailak asko dira eta desabantailarik ez du», gomendatu zuen diputatuak.
Abiatu sistemaren indargune nagusia da zenbat eta joan-etorri gehiago egin deskontu handiagoak pilatzen dituela. Esaterako, Abiaturik gabe, auto arin bati Beasaindik Bergarara joatea 2,53 euro kostatuko zaio; Abiatu sistemarekin, 1,89 euro. Hau da, %25 gutxiago; bederatzigarren bidaiatik aurrera beherapena are handiagoa izango da, %55ekoa; eta 21 joan-etorritatik gora, %75ekoa izango da. Halere, 33,37 euroan tope egingo du eta hortik gora ez da gehiago kobratuko.
Abiatu sistema ibilgailu guztientzat da balekoa eta edozein unetan jar daiteke, Bidegiren webgunetik edo aurrez aurre Aritzetako Bezeroaren Arreta Zerbitzuan, AP-8 autobideko 27. kilometroan. Goierritarrentzako ez da erosoa eta iristerraza, eta horregatik arreta zerbitzu ibiltaria egokitu dute A-636 errepideak gurutzatzen dituen herrietan. Bi hilabete daramatza martxan, eta Bidegiko arduradunen hitzetan «harrera ona» izan du. 1.500 herritar artatu dituzte. Horietatik 730ek Abiatu gailua hartzeko eskaera egin dute, eta beste 70ek, autoaren matrikula kreditu txartel bati lotzea aukeratu dute. Lehen eta azken egunetan izan dute lan-kargarik handiena, eta horregatik, hilabete luzatzea erabaki dute, azken uneko eskaerak ere jasotzeko. Gainera, Arreta Zerbitzua Goierrin urtarril bukaerara arte izango denez, egun batzuetan kobrantza sistema martxan dagoela kointzidituko du. Orduan ere eskariek gora egingo dutela aurreikusten dute.
Prest egon gabe harrapatuko dituen horiek ez dute isunik jasoko, ez behintzat zuzenean. Autoaren jabearen etxera faktura helaraziko dute eta ordainketa nola eta noiz egin behar duen zehaztuko zaio. Orduan ere ordaintzen ez badu, isuna jarriko zaio, orduan bai. «Gidariek denbora izango dute ordainke- tak egiteko, baina zorrotzak izango gara. Gauzak ongi egin dituztenek txintxo-txintxo ordainduko dute eta beste batzuk ezin dute ordaindu gabe egon», esan du Oiarbidek.
Herritarren ahotsa
Oiarbidek Europa jarri zuen adibide gisa. Nabarmendu zuen Europako gainerako herrialdeetan bidesariak Gipuzkoan baino ohikoagoak direla, eta Europar Batasunetik datozen politikak errepideak ordainpeko bilakatzeko joera dutela. Baina ordaintzea ez da inorentzako atsegina.
Bidesariaren inguruan eta ordainketa sistemaren inguruan iritziak jasotzeko, herritarrei ere eman die hitza aldizkari honek, eta gehiengo zabal batek, ez du ondo ikusten orain arte doakoa zen errepide batetik igarotzeagatik ordaindu behar izatea. Haserrea handiagoa da errepide hori maizago erabili behar dutenen artean, eta batez ere, kontutan hartuta, errepide hori erabiltzearen arrazoi nagusia lanera eta ikastera joateko dela.
Herritarren artean jasotakoagatik atera daitekeen ondorioa da orokorrean ez daudela ados bidesariarekin
Bidesari berriak, praktikan, karga laukoiztea suposatuko duela adierazi dute, galdetutakoen artean dauden herritar askok; matrikulazio, zirkulazio- edo hidrokarburo-zergak, diesel eta gasolina litroari aplikatzen zaizkionak ere ordaintzen direlako.
Bidesaria, beraz, orain arteko gastuei, beste bat gehitzea izango dela iritzi dute denek, eta gehiengoa, «mesfidati» agertzen da, ez baitute uste errepide tarte horretan iragarri dituzten zerbitzuen eta azpiegituren hobekuntza, aldundiak zin egin duen adinakoa izango denik.
Gainera, errepidearen erabiltzaileen poltsikoan izango duen eraginaz harago, bidesariak, orokorrean, produktuen prezioen garestitzea ekarriko duela, merkantzien garraio zerbitzuek, gastu berri honi ere aurre egin beharko diotelako, hortaz, zerbitzuaren prezioa igoko dutelako. Hori horrela bada, gutxi-asko, herritar denen poltsikoetan eragingo duela, gastu ahalmena murriztuz. Testuinguru hori planteatu zaien herritar guztiek, kezka erakutsi dute.
Bidesaria ordaintzeko metodoen inguruan ere galdetu zaie herritarrei. Arku bidezko ordainketa, «ohiko sistema baino erosoagoa» iruditzen zaiela adierazi dute gehienek. Dena den, erdiak baino gehiagok, momentuz ez dute teleordainketa sistemarik kontratatu, eta arrazoi desberdinak eman dituzte: oraindik denbora dagoelako, eta beste alternatiba batzuk erabiltzea baloratzen ari direlako (beste errepide bat erabiltzea, garraio publikoa erabiltzea,…), besteak beste.
Alderdi ekonomikoaz gain, beste faktore batzuk ere sortzen dute bidesariarekin desadostasuna edo kezka. Izan ere, ordaindu beharra ekiditeko, Ezkio-Itsaso eta Ormaiztegi erdi-erditik zeharkatzen dituen GI-2632 errepidea erabiltzea da aukera.Trafiko dentsitateak gora egingo duela, errepide horrek erdi-erditik zeharkatzen dituen herrietan eta bertako bizilagunen egunerakoan, modu negatiboan eragingo duela uste dute, batez ere, Ezkio-Itsason eta Ormaiztegin bizi direnen artean.
Dena, den, horrenbesterako ez dela izango uste duenik ere bada, izan ere, alternatiba hori aukeratzeak, kilometro gehiago egitea suposatzen duelako, beraz denbora gehiago, eta arriskutsuagoa dela gainera.
Herritarren artean jasotakoagatik atera daitekeen ondorioa da, orokorrean ez daudela ados bidesariarekin.
Jon Enrike Galarza, Ormaiztegiko alkatea:
«Ormaiztegiko herritarren bizi kalitatea lehenestea da gure helburua»
Ormaiztegiko alkate Jon Enrikek, lehenik eta behin, nabarmendu du, «ordainsaria ezartzeko erabakia, Batzar Nagusietan ordezkaritza duten gehiengoaren adostasunarekin onartu» zela. Hori esanda, bidesaria martxan jarri arte, Ormaiztegiko herria zeharkatzen duen GI-2632 errepidearen trafikoan izan lezakeen eraginaz baieztapenak egiteko «momentuz goiz» dela esan du, baina uste duela, «martxan jarri eta hasiera batean behintzat, herrian bai jasan beharko dugula trafiko dentsitateak gora egitea». Eta nahiz eta gidariek ordaindu nahi ez izatea ulertu, «Ormaiztegiko herritarren bizi kalitatea lehenestea» dagokiola, «beti egin dugun moduan».
«Herritarren ongizatea bermatzeko helburuarekin», Ormaiztegiko alkateak aurreratu du «elizaren eta udaletxearen arteko errepide eremuan aldaketak» izango direla, «oinezkoak lehenesten» dituen eremu batean bihurtuz. Hau da, ibilgailuak pasa ahal izango dira, baina semi-peatonalizatu egingo dute. Obraren ardura, foru alduandiren esku dagoela ere zehaztu du, eta aurrikusitakoa betetzen bada, «urtarrilan» hasiko direla lanekin.
Joseba Telleria, Ezkio-Itsasoko alkatea:
«Bizitza neurririk gabe garestitzea ongizatetik oso urruti dago»
Ezkio-Itsasoko alkate Joseba Telleriak erabateko desadostasuna erakutsi du bidesariarekin. «Langileak eta ikasleak dira errepide hori gehien erabiltzen dutenak, eta bidesaria bezalako gastu bat gehiago izateak edo hori ekiditeko hartu ditzaketen alternatibek, ez dut uste haien bizitzetan positiboki eragingo duenik». Gehiago ere esan du, «bizitzen ari garen honetan, eta gainera, bestela ere bizitza asko garestitu baita, argiak gora egin duela, gasak, automobilentzako erregaien prezioak… eta igoera horien eraginez elikagaien prezioek ere gora…». Galdetzen du, «noiz arte horrela?».
Herritarren poltsikoetan, beraz, gastu ahalmenean izango duen eragin negatiboaz gain, beste kezka bat ere agerian utzi du Telleriak; Ezkio-Itsaso zeharkatzen duen GI-2632 errepideko trafiko dentsitateak gora egiten badu, bertako herritarren bizi-kalitatean izango duen eragina, hain zuzen ere.
«Bizitza neurririk gabe garestitzea, edo hartutako erabakien eraginez herritarren bizi-kalitatea okertzea, herritarren ongizatea bilatzetik urrun» dagoela adierazi du Telleriak.
Patxi Agirrre, Hiru sindikatuko idazkaria:
«Bidesariak garraiolarien egoera prekarioa okertu baino ez du egingo»
Euskal Herriko garraiolari autonomoen Hiru sindikatuko idazkaria da Patxi Agirre, eta bidesariaren gaia ez da berria berarentzat. Hiru sindikatua aspalditik ari bidesariak kentzeko borrokan mobilizazioen bidez, besteak beste. Azkeneko protesta, larunbatean bertan, Gasteizen egin zuten, Eusko Jaurlaritzari exijitzeko, «garraiolari autonomoek bizi duten egoera larriaren aurrean neurriak» har ditzala.
Hala, beste behin ere salatu du, garraiolariak egoera «jasazinean» daudela, eta bidesariak, orain arteko zama handitzea baino ez duela ekarriko. Horregatik, Euskal Herriko industria, ekonomia eta gizartearen beharrei erantzungo dien garraio sarea defenditzeko «neurri eta jokabide integralak» behar direla nabarmendu du, baina horretarako, «administrazioaren konpromisoa beharrezkoa» dela, «eta ez soka gehiago estutzea».
Bidesariei dagokienez, zergen bidez ordain daitezela proposatzen du Hiruk. «Errepideak azpiegitura publikoak dira, eta errepideak konpontzeko garraiolariari ordainaraztea bidegabea eta diskriminatzailea da».