Gabonetako menua

Monika-ArratibelMonika Arratibel • Irakaslea

Mahai gainean urdaiazpiko iberikoa, gulak edo ahal dituenak angulak, langostinoak, txuleta kozkorra… baina oharkabean izango duten Gabonetako menua etxe askotan, muturrak saltsan. Ez du asko elikatzen baina lehen emandako hitzak ere izango dira jateko, norberaren hitzetan ere itoko dira ugari. Muturrei, gula edo angulei, txuletari… oso ondo doakie baratzuriekin egindako refrito goxo bat.

Baratzuria erruz botako nieke batzuei menuan. Zazpi gaitzen kontrakoa denez eta gaitza indarrean denez, on egingo lieke bat baino gehiagori. Eta ez, ez naiz COVID-19 edo neguko gripeaz ari. Bista ona izan eta elkar ezin ikusia duten pertsonez baizik. Gogorra da benetan horiei gertatzen zaiena, ezin eraman bestearen ona, horrela beti sufrimenduan bizi da pertsona. Bere buruarekin ez da konformatzen eta besteak egina ez daki onartzen. Jan baratzuria erruz, gogotik, sokan, asko… guztiaren beharra izango duzue eta!

Familian bat gehiago gara. Nikole jaio da. Aulki hutsik ez eta bat gehiago jarri behar. Hori bai oparia. Gure menuan espero muturrik ez izatea, hori bai, baratzuria erruz botako diet gulei. Ez dut gaitzik nahi, ez niretzat, ez nire mahaian daudenentzat. Aurreko urtean minbiziaren gaitzak harrapatu zuen ama eta ez nuke berriz ere hori gure etxean sartzerik nahi. Mina bizi-bizi izan nuen nik ere orduan, baratzuria hozkaka jateko moduan, gaitz guztiak uxatzeko esperantzan.

Gabona, gau ona izan dezazuela, zorionekoak izan, ederra da eta. Ni zorionez zoratzen nago, zori ona gehiago izan dut txarra baino aurtengoan, afari handiren beharrik gabe, asetuta oheratzen naiz. Gabon deizuela, onak izan!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>