«Gure dendan sartzen dena etxean sentitzea nahi dugu»

Maialen_Olano_moda_diseina(1)

Migdala hitzak esanahi berezia du Maialen Olano Etxeberriarentzat (Zaldibia, 1976). Maialen izenaren aldaera hebrearra da, eta Beasainen duen emakumezkoen arropa dendarako erabili du. Migdalak 20 urte beteko ditu laster, eta bertan Nagore ahizparekin batera egindako ibilbidean, moda diseinuaren munduan tokia egitea lortu du.

Moda munduan lan egiten duzu.
Oso txikitatik esaten nuen zer izan nahi nuen, beti izan dut oso argi.

Zein da zure historia?
Zortzi urtekin Zaldibiako baserrian asko egoten nintzen, amona Mariarekin. Garai hartan lagunek bakarrik utzi nindutelako piska bat eta zaintzen gintuen emakumea ere, ezkondu eta beste herri batera joan zelako bizitzera. Triste nengoen, eta orduan garatu nuen modarekiko edo jostearekiko jolasak sendatu ninduen bakardade hartatik.

Zein izan zen jolas hura?
Amonak brodatzen erakutsi zidan. Oso autoestimu bajuarekin nengoen, eta amonak behin eta berriz esaten zuenez zein esku ona nuen josteko, ba alaitasuna piztu zidan barruan. Gainera amona oso kolore zalea zen, oihalak kolore askotakoak erabiltzen zituen… eta biok gure lantxoak egiten hasi ginen.
Eta ispiluaren aurreko nire jolasa ere  garrantsitzua zen. Lagunekin ezin nintzen jolastu, eta ordu asko sartzen nituen gurasoen logelan, amaren armairuko gauzak eta arropak ateratzen eta janzten. Pertsonaia desberdinak adoptatzen nituen, look ezberdinekin pertsona haiek imitatuz ondo pasatzeko. Handik hasi nintzen esaten moda diseinatzailea izango nintzela.

Beste ikasketa batzuk egin zenituen.
Idazkaritza ikasi nuen lehenengo, eta gero hasi nintzen Donostiako eskola batean moda diseinua ikasten, gero Bartzelonan, Italian… Eta 24 urterekin, ikasten eta lanean batera ibili ondoren, nire ametsa betetzera iritsi nintzen, eta Migdala jantzidenda ireki nuen.

Denda Beasainen ireki zenuen.
Bai, haurtzaroa Zaldibian igaro nuen, lehen ikasketak bertan egin nituen, eta gero Tolosara joan nintzen. Beasainera gutxitan etortzen nintzen eta lagun batekin etorri nintzen batean, kafea hartzera sartu ginen Bideluze tabernara, eta jabeak lana eskaini zidan. 20 urte nituen. Gero Donostian ibili nintzen beste taberna batean, eta estetika zentro batean ere bai. Lanean aritu bitartean, ikasten jarraitu nuen eta moda ikasketak amaitu nituen.

Non ikasi zenuen moda diseinua?
Donostiako moda eskola batean, baina  titulua lortzeko Bartzelonara joan nintzen eta handik Italiara, Milanera.

Zer ikasi zenuen?
Diseinuaz gain, irudi aholkularitza ere erakutsi ziguten, eskaparatismoa, koloreak… Ikasketak amaitutakoan, master bat izango balitz bezala, lanbide horrekin lotutako gaiak ikasten joan naiz, ikastaroak eta tailerrak eginez.

Eta moda diseinatzaile bihurtu zinen.
Nik ez dut neure burua moda diseinatzaile gisa aurkezten, baizik eta jostun bezala. Aldi berean, oso jendezalea naiz. Jendearei esker bizi gara, eta dendan egunero jendearekin egote horrek erakusten dit hankak lurrean edukitzen eta josten ditudan gauzak egunerokotasunari lotzen eta errealagoak izaten.

Nola egiten duzu lan?
Nik badakit arropa ez dela pertsona baten gauzarik garrantzitsuena, baina niri asko esaten dit pertsona horri buruz, eta badago pertsona bat dezente ezagutzeko modua janzten den arabera. Gero, probadoreetan oso harreman polita sortzen da jendearekin, eta ikusten duzu, adibidez, zoragarri ikusten duzun neska bat konplejuz beteta dagoela, eta ispiluan ez duela ikusten berak islatzen duen irudia. Ni oso pozik bizi naiz jendearekin dudan tratu horrekin.

Noiz zabaldu zenuen denda?
2002an, bideragarritasun plan bat egin ondoren. Prozesu horretan zer denda mota nahi nuen, zer genero mota saldu nahi nuen… zehaztu nuen. Eta aurreneko momentutik sentitu nuen asmatu nuela, edo jendeari erakargarri egin zitzaiola nik aukeratutakoa.

Bakarrik ekin zenion proiektuari?
Nagore ahizpa izan dut beti ondoan, bere laguntza ezinbestekoa da. Beti dago gertu ni bultzatzen, laguntzen eta ulertzen.

Saldu bakarrik ez, josi ere egiten dituzue arropak.
Dendan beti izan da josteko tailer bat. Beste diseinatzaile batzuen arropak saltzen ditugu, baina batez ere guk egiten ditugunak. Horrez gain, beste enpresa batzuentzako diseinatzaile eta jostun bezala ere lan egiten dugu.

Maialen_Olano_moda_diseina«Aurreneko momentutik sentitu nuen dendarekin asmatu nuela, jendeari erakargarri egin zitzaiola nik aukeratutakoa»

«20 urteetan, aldaketa nagusia eskaparate bat izan beharrean eskaparate asko izatea da: Facebook, Instagram, webgunea…»

«Beasain uzteko asmorik ez dut. Hemen oso gustura sentitzen naiz eta oso eskertuta nago herriarekin»

Nolakoak dira zuen jantziak?
Bi gauza egiten ditugu. Bilduma osoak, alde batetik, eta bestetik, neurrira egindakoak: neurri bereziak dituzulako, egun berezi baterako, lanerako, ezkontza baterako…

Zein da zuen jantzien ezaugarria?
Gustatzen zait edo saiatzen naiz oihal naturalak erabiltzen, jantzi atenporalak edo modaz pasatzen ez direnak egiten, erosoak direnak, kalitate-prezio aldetik orekatuak… Horez gain, egiten ditudan bilduma guztiak istorio batetik ateratzen dira, izan daiteke pelikula bat, esaldi bat, pertsona bat…

Zenbat bilduma egiten dituzu urtean?
Urtero bi, udaberri-udan eta udazken-neguan, eta denboraldia aurrera doan eran jantzi gehiago sartzen joaten naiz. Nik diseinatzen ditut guztiak, eta gero jostun talde batek josten ditu.

Zer dago diseinu baten atzean?
Jende askok uste du diseinatzea marrazki bat egitea dela bakarrik. Baina ideia bat edukitzea, ideia horrekin oihal bat aukeratzea, marrazki bat egitea, marrazki hori oihalean gauzatzea, eta hori jostea, hori da jantzi bat hasi eta bukatu arte diseinatzea.

Migdalak 20 urte beteko ditu laster.
Lehen Oriamendi kalean geuden, eta oso gustura egon ginen. Orain Kale Nagusian gaude, eta hemen ere oso gustura gaude. Urteurrena ospatzeko asmoa badugu. Alde batetik 20 urte gutxi iruditzen zait, baina bestetik, ikaragarri.

Asko aldatu da denda urte hauetan?
Nire ustez ez. Guk beti nahi izan dugu dendan sartzen dena etxean sentitzea, beti eduki dugu kalitate-prezio oreka bat izateko ardura, beti gustatu izan zait jantziak bereziak eta atenporalak izatea, eta bezeroek sentitzea maitasunarekin eginda daudela… Kontzeptu horiek guztiak beti mantendu ditugu.

Eta bezeroak, aldatu dira?
Beti izan ditugu emakume gazteak eta helduak, eta azkenaldian gertatzen ari zaigu larunbat gauetan ateratzeko janzten nituen neska haiek orain janzten ditudala seme-alaben jaunartzerako. Horrek izugarrizko poza ematen dit.

Zeren bila joaten dira zure dendara?
Batzuei ez zaie janztea gustatzen eta gure laguntza eskatzen dute, baina gehiengoak zerbait berezia nahi dutelako datoz, kapritxoren bat edo. Tamalez, azkenaldian ez da aukera handirik egon horretarako.

Nola eragin dizue pandemiak?
Gogorra izan zen denda ixtea, zer zetorren ez jakitea, eta gurea bezala beste sektore guztiak ere berdin ikustea. Hilabete hauetan lan bikoitza egin dugula esan daiteke, gutxiago saltzeko gainera.

Sare sozialetan murgildu zarete.
Bai. Internetez saltzearen kontrakoak izan gara, beti gustatu izan zaigulako zuzeneko tratua eta gure bezeroek gure arropa bertatik bertara ikustea, ukitzea, probatzea… Baina bezeroak izan dira hori eskatu digutenak. Horrela hasi ginen, bideo batzuk grabatu genituen… eta ikusi dugu dendako eskaparatearekin baino gehiago saltzen dugula sare sozialen bidez. Niri ez zait partzela hori asko gustatzen, alde batetik gure filosofiarekin asko ez delako lotzen, baina aurrera ateratzen asko lagundu digu. Hauxe izan da dendaren 20 urteetan izan dugun aldaketarik handiena, eskaparate bat izatetik eskaparate asko edukitzea: Facebook, Instagram, webgunea…

Etorkizuna nola ikusten duzu?
Zaila ikusten dut, erraza ez delako ezer, baina ilusioa ez dut galtzen. Zerbait ona badaukat, pasioa da. Orain, Nagore eta biok aurrera begira gaude, proiektu berritan sartu gara gainera, eta ilusioz ikusten dugu etorkizun hori. Moda, Migdala eta Beasain lotzen dituen proiektuak ditugu esku artean.

Dendaz gain, Migdalaren outlet ekitaldiak ezagunak dira.
Urtero egiten ditugu bi 2006tik, udaberrian eta udazken amaieran. Lehena beldurrez egin nuen, Beasainen egitea aukeratu nuelako eta jendea ez zela hurbilduko pentsatu nuelako, baina ondo atera zen. Ni zaldibiarra naiz, baina Beasain oso garrantzitsua da nire bizitzan. Denda hemen dago, hemen bizi naiz, nire bi semeak beasaindarrak dira… Eta outlet-ak hemen egiten ditut, azken urteetan Igartza jauregian. Azkena duela egun gutxi batzuk egin dugu.

Baliarrainen ere egiten dituzue.
Bai, Lopetegi jauregian. Hura kudeatzen duena nire laguna da, eta gonbitea luzatu zidan. Jauregia asko gustatzen zaidanez, eta erronkak ere gustuko ditudanez, baiezk0a esan nion, eta han ere urtero egiten ditugu.

Desfilerik ez al duzu egiten?
Aspaldian ez, pandemiagatik, baina urtero egiten ditugu desfile pribatuak, bildumak erakusteko. Beste etxe batzuetarako diseinatzen dut, eta horiei erakusteko izaten dira, Bartzelonan, Donostian…. Dendan ere egin izan ditut, neure lan propioak erakusteko.

Zergatik denda bat Beasainen eta ez Donostian, adibidez?
Begira, Donostiako bezeroek ere horixe galdetzen didate, ea noiz irekiko dudan denda bat han. Baina oso zaila da, eta Beasain uzteko asmorik ez dut, inolaz ere. Hemen oso gustura sentitzen naiz eta oso eskertuta nago herriarekin. Gure jostun gehientsuenak ere Beasaingoak dira, eta lana egiteko oso erosoa da. Azkenean, dena ondo badago… zergatik utzi Beasain?

Urtea nola dator Migdalan?
Outleta bukatu eta Gabonetako kanpainan sartuta gaude, beherapenetan ere bai, eta hurrengo denboraldirako arropa berria sartuta dugu dagoeneko.

Nolakoa da denboraldi berria?
Bizitasun dezente dator, beharra ere badugu! Gero, beti bezala, pastel eta lur koloreak ere bai, eta kolore azidoak ere badatoz berriro. Soineko asko izango dira. Gure dendan gehien saldu den jantzia soinekoa izan da beti.

Sentimenduz beteriko izena

Maialen-OlanoAskotan galdetu diote Maialen Olanori Migdala izenaren jatorriaz. «Gauza asko daude izen horren barruan, baina batez ere sentimendu berezi bat dago». Migdala Maialen da hebreeraz, baina Maialen Olanok ez du harremanik mundu hebrearrarekin. Nola iritsi da orduan deitura hori bere bizitzara?

«Txikia nintzenean banuen irakasle bat asko maite ninduena, eta nik ere asko maite nuena, eta koadro txiki bat oparitu zidan. Maialen izenaren esanahiari buruzkoa zen, eta han agertzen zen Migdala zela hebreeraz. Opariak ilusio handia egin zidan, eta irakasle harekin konpartitzen nuen zaldien mundua tarteko, esan nion egunen batean nire lehen behorrari izen hori jarriko niola, izan genuen harremanari omenalditxo bat egiteko asmoz».

Esan eta izan. Behor hura jaio zenean, Migdala izena jarri zion, denda ireki baino lau urte lehenago. Migdala behorra bizirik dago oraindik, eta haren gainean ez dabilenean, begira egoten zaio Maialen, asko gustatzen zaiolako aske dagoenean nola mugitzen den.

Dendari ere izen bera jarri zion, eta hari lotuta, tximeleta baten irudia erantsi zion. «Tximeletak hegan egitea, askatasuna adierazten dit». Horrez gain, hainbeste gustatzen zaion zeta lortzeko prozesu naturalean gertatzen den metamorfosia ekartzen dio gogora, eta pertsonaren metamorfosiarekin lotzen du Maialenek, bere lanarekin zerikusia duelako prozesu horrek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>