Capital Energy enpresak zentral eoliko bana egin nahi du Urretxuko Zazpi Puntetan eta Zumarragako Oleta mendian.
Capital Energy energia eoliko eskabide-zorro handiena duen Estatuko enpresa da. Jaurlaritzari bi zentralak egiteko baimena eskatu dio, eta egitasmoak aurrera eginez gero, osoki Gipuzkoako lurretan egongo diren lehenak izango dira. Izan ere, Elgeakoa Arabako eta Gipuzkoako lurretan dago. Egitasmoak ezinegona sortu du Urretxu eta Zumarragan.
Oletan lau aerosorgailu jarri nahi dituzte. Bakoitza 4,5 megawattekoa. 18 megawatt guztira. Aurrekontua 15,3 milioi eurokoa da. Zazpi Puntetan, berriz, bi aerosorgailu jarri nahi dituzte. Bakoitza sei megawattekoa. Aurrekontua 10,2 milioi eurokoa da. Zazpi Puntetako aerosorgailuak Capital Energyren handienak dira. Bestalde, Araban eta Bizkaian zentral eoliko gehiago egin nahi dituzte.
Egitasmoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da. Alegazioak aurkezteko epea da. Ondoren, ingurumen baimena beharko dute.
Egitasmoak zeresan handia piztu du Urretxun eta Zumarragan. Batez ere, mendizaleen artean. Goierri kirol elkartearen mendi saileko kideak sututa ageri dira. «Duela lau aste izan genuen proiektuaren berri. Ez dugu besoak gurutzaturik gelditu nahi. Zerbait egin nahi dugu. Hasteko, kartelak jarriko ditugu. Aurten ere ez dugu Urteberri eguna Irimon ospatzerik, baina aerosorgailuen aurkako kartela jarriko dugu, mendizaleek ikus dezaten. Kalean eta Santa Barbaran ere kartelak jarriko ditugu, gutxienez jendeak zer egin nahi den jakin dezan», aipatu du Javi Areizagak.
Txema Aldanondok egun hauetan Irimora jende asko joaten dela gogoratu du eta alegazioak egiteko aukera ere aztertuko dutela aipatu du. Dena den, burumakur ageri da. «Botere guztia jaurlaritzari ematen dion lege berri honekin, akabo», gehitu du. Areizaga mobilizazioek gutxienez egitasmoa atzeratzea espero du. «Ahal dugun guztia egingo dugu egitasmoa aurrera atera ez dadin. Esan digutenaren arabera, beraien asmoa 2023an lanean hastea da».
Kalean, jende askok proiektuarengatik galdetu diela diote. «Batzuk kezkatuta daude, baina beste batzuk ez dira ekologistak diote», dio Aldanondok. Areizagak zentralek kalte handia eragiten dutela gogoratu du. «Ez da errota bakarrik. Horiek mendira eraman behar dira eta horretarako sekulak pistak egin behar dira. Eta errotetako bat Irimoko buzoitik oso gertu jarri nahi dute. Helikoptero batean eramaten ez badute, kristoren pista egingo dute».
Irimoko lursailak pribatuak dira. «Baserritarrari diru pila bat ematen badiote…», gehitu du Jaione Adradosek. «Baina Zazpi Puntak horrela ikustea…», erantzun du Areizagak. «Errotak arriskutsuak dira, gainera. Hegaletan izotza sortzen da eta izotz hori azpitik pasatzen denaren gainera eror daiteke. Eta ez da gauza bera errota horiek eremu zabal batean ikustea edo Irimo bezalako mendi txiki batean ikustea», esan du Adradosek.
Oleta mendian 4,5 megavatioko lau aerosorgailu jarri nahi dituzte eta Irimoko Zazpi Puntetan seiko bi
Goierri kirol elkartearen mendi sailak zentral eolikoen aurka mobilizatzeko asmoa azaldu du
Areizagak duela urte batzuk ere Oletan aerosorgailuak jartzen saiatu zirela gogoratu du. «Jesus Iturbe eta Josu Jon Imaz Zumarragako udaletxean zeuden, eta aurka azaldu ziren. Orain beste saiakera bat egin behar dute». Aldanondok ingurumenaren zainketaz hitz egiten dela eta ondoren halakoak jartzen direla gehitu du. «Igeldon ere haizeak joko du, hemen baino gehiago, baina ez dute errotarik jartzen!». Areizagak Zazpi Puntakoak eta Oletakoak lehenengoak izango direla uste du. Ondoren gehiago jarriko dituztela.
Jonmikel Intsausti Ostadar mendi taldeko lehendakaria ere kezkatuta ageri da. Bere izenean eman du iritzia, elkarteko bazkideak oraindik ez baitira elkartu gaiari buruz hitz egiteko. «Lehendabizi galdera bat egin beharko genioke gure buruari: prest al gaude zentral eolikoak eraikiz geratzen zaizkigun ingurune naturalak txikiziora eramatera? Gipuzkoarrok ondo ezagutzen dugu Gipuzkoako orografia. Oso populatua den herrialdean, haran guztiak industrializatuta ditugu. Mendiak dira geratzen zaizkigun birika bakarrak. Urretxu-Zumarragakoa ez da salbuespena».
Arnasguneak diren bi mendi
Izan ere, Zazpi Puntak eta Oleta arnasguneak dira. «Urretxu-Zumarragan balio handikotzat ditugu gune hauek: Irimo da Urretxuko mendialde bakarra, XX. mende hasieratik urretxuarren birika (Lizarriturriko iturria 1936koa da). Zumarragako Izazpi-Oleta kordalak estazio megalitikoa du eta balio handiko espazioa da. Duela 25 bat urte, zentral eoliko erraldoi baten arriskua izan zuen eta berriz arriskuan dago».
Mendia industrializatu nahi dela salatu du. «Instalazio industrial hauekin (hala daude izendatuta), mendia industrializatuko genuke, kalte handiak eraginez. 40-50 metroko luzera duten hegalak kamioi luzeetan eraman behar dira. Garaiera handiko garabiak ere igo behar dira. Lurrazpiko kableak instalatzeko zulaketa handiak egin behar dira. Kamioientzako egokienak diren tokietan bihurgune zabalak dituzten pistak zabaldu behar dira gailurreriara iritsi ahal izateko, baso mozketak, lautze operazioak… Irimoren kasuan Zazpi Puntak betirako desager litezke».
Gainera, etorkizunean errota gehiago jarri ditzaketela uste du. «Etorkizunari begira eta aurreikusitako erroten kokapena ikusita, bi guneetan errota gehiago jartzeko arriskua dago: behin pistak zabaldurik, errazagoa litzateke mendialde osoa errotaz betetzea».
Eusko Legebiltzarrak onartutako legeak eskumen osoa Eusko Jaurlaritzari ematen diote, eta beraz, udalek ezin dutela egitasmoa galarazi gogoratu du. Eta bukatzeko, galdera bat bota du. «Zein irizpide hartu dira kokapenak aukeratzeko? Soilik produktibitatea hartu al da kontuan? Ala turismo masiboari kalterik ez egitea erabaki al da?».
Eguzki talde ekologistaren iritzia
Eguzki talde ekologistako Garikoitz Plazaolak beraien apustua energia alternatiboa dela gogoratu du. «Gure apustua, energia kontsumitzen den lekutik ahalik eta gertuen ekoiztea da. Baina kontua ez da energia berriztagarria izatea. Berriztagarria izatea ez da nahikoa, alternatiboa izatea ere beharrezkoa da. Hau da, kontrol publikoarekin ekoitziko dena. Energia herritarrek kontrolatu behar dute, iturria denona baita. Trekutzen eta Oletan jarri nahi diren aerosorgailuen kasuan, energia berriztagarriaz ari gara, baina zentralizatua izaten jarraitzen du. Enpresak berak sortu eta salduko du. Guk azpiegiturak bertakook eraikitzea nahi dugu eta azpiegitura horiek sortuko duten energia bertakoen kontsumora zuzentzea, ez salmentara».