«Esperientzia asko bizitzen ari gara denbora oso gutxian»

Jon_Rodriguez

Bizikleta, kanpin denda eta maletak hartu, eta Afrika zeharkatzen ari da Jon Rodriguez ordiziarra eta Pello Alberdi hernaniarrarekin. Hegoafrika, Zimbabwe, Zambia eta Tanzania zeharkatu dituzte. Bidaiaren nondik norakoak eta herrialde horietan ezagutzen dituzten Gobernuz Kanpo Erakundeen informazioa biltzen dituzte Biziz blogean.

Nondik nora sortu zaizue Afrika bizikletan zeharkatzeko ideia?
Mondragon Unibertsitatean ezagutu genuen elkar, eta 6 urte unibertsitatean egon ondoren garbi geneukan kanpora joan nahi genuela. Zerbait berezia egin nahi genuen. Hasieran bromatan esaten genuen: bizikleta hartu eta munduan zehar ibiliko ginela. Azkenean, plana forma hartzen hasi zen eta Afrikara etortzea erabaki genuen, aldaketa kultural handiena dagoen kontinentea delako eta kultura berri bat ezagutzeagatik. Bizikletak gainera, gune turistikoak ekidin eta landa guneetan sartzeko aukera ematen du. Benetan nola bizi diren ikusteko aukera ematen du.

Zein da helburua?
Kultura berriak ezagutzea eta hemen benetan nola bizi diren ezagutzea, ikustea eta bizitzea. Plus bat jarri nahi genion: hemen gaudela aprobetxatuz, Gobernuz Kanpoko Erakundeek egiten duten lana Euskal Herrian ikustaraztea.  Horretarako Biziz bloga sortu genuen, eta bertan, gure bidaiaren esperientzia kontatzearekin batera, GKEek egiten duten lanari ahotsa jarri eta norbait interesatuta baldin badago kontaktuak errazten ditugu.

Noiz hasi zenuten espedizioa? Ibilbidea zehaztuta eraman zenuten?
Hasieratik garbi genuen urtebete inguruko bidaia izan behar zuela, baina herrialdeak ez dauzkagu zehaztuta. Hasierako plana Afrika eta Asiako herrialde desberdinak bisitatzea zen, baina bidaia aurrera doan heinean, aldaketetara irekiak gaude. COVIDagatik mugak nola dauden ikusita, are eta irekiago. Aurrera goazen heinean ikusiko dugu Asiara joateko aukera daukagun edo Afrikan denbora gehiago egongo garen, edo zer egingo dugun.

Abentura uste baino beranduago hasi zenuten.
Hego Afrikara irailaren 18an iritsi baginen ere, bizikleten zain bi astez izan ginen, eta bidaia urriaren 2an hasi genuen. Hasiera batean gurekin ekarri behar genituen bizikletak hegazkinean, baina txartelak erosterakoan ez ginen fijatu konpainia horrek paketetarako zituen baldintzetan, eta ikusi genuen prezioak oso altuak zirela. Baina txartela erosita genuenez, bidalketa konpainia baten bidez bidali genituen bizikletak. Berez 5 egunean iritsi behar ziren bizikletak, baino bi astean iritsi ziren.

Zenbat kilometro egiten dituzue egunean?
40 bat kilometro egiteko asmoa genuen, baina azkenean 90-100 kilometro egiten ditugu egunean.

Hegoafrika, Zimbabwe, Zambia eta Tanzania zeharkatu dituzue oraingoz.
Hasieran Mozanbiketik pasatzeko asmoa geneukan, baina gatazka politiko bat dago momentu honetan eta segurtasun falta zegoela esan digute; orduan ibilbidea aldatzea erabaki genuen. Gure bidaia honetan garbi daukaguna da, lehenengoa segurtasuna dela. Ibilbide alternatiboa izan da Zimbabwe eta Zambiatik joatea Tanzaniara. Guretzat ez da garrantzitsuena zein herrialdetatik pasatzen garen, denak dira guretzat berriak eta oso esperientzia polita izan da Zimbabwe eta Zambiatik pasatzea. Bi herrialde horietan ere GKEak ezagutzeko aukera izan dugu.

Bertatik bertara ari zarete GKEen lana ezagutzen.
Bai, eta oso-oso gustura gaude esperientziarekin. Afrikan zein lan egiten duten bertatik bertara ikustea eta onuradunak direnekin hitz egitea oso interesgarria da; benetan ulertzen duzu zein garrantzi daukan egiten duten lanak. Ekarpen txikia egin dugu blogean.

«Kultura berriak ezagutzea eta hemen benetan nola bizi diren ezagutzea, ikustea eta bizitzea da helburua»
«Aurrera goazen heinean ikusiko dugu Asiara joateko aukera daukagun edo Afrikan denbora gehiago egongo garen»

COVIDaren egoera zein da?
Egunerokotasunean COVIDaren gaia oso lasai dago. Kezka oso gutxi dago eta eguneroko bizitza normaltasun osoz egiten dute hemengo herritarrek. Gauza da, herrialde batetik bestera pasatzeko PCR proba behar dugula, baina hortik aurrera, eguneroko bizitzan ez dago arazorik. Maskara ere oso gutxi erabiltzen da eta ez dago murrizketarik herrialde hauetan.

Ezjakintasun handia dago orokorrean Afrikaz. Aurreiritziak aurreiritzi al dira? Adibideren bat konta dezakezu?
Kasu gehienetan aurreiritziak aurreiritziak dira. Adibidez, bizikletan bidaiatzea arriskutsua dela eta delikuentzia handia dagoela esan digute Euskal Herrian. Baina egon garen herrialde guztietan, denbora guztian segurtasun sentipena izan dugu, ez dugu inoiz ere arrisku sentsaziorik eduki, eta hemengo jendea beti kezkatzen da gure segurtasunaz eta gure ongizateaz.

Bizikletan ibiltzeko arazorik izan duzue?
Bete den aurreiritzi bat da, Afrikan bero handia egiten duela. Bagenekien beroa pasatuko genuela, baina eguzkiak oso-oso indartsu jotzen du eta horregatik saiatzen gara lehen eguzki izpiekin bizikleta gainean jartzen. Hala ere kilometro asko dira eta nahitanahiez eguerdi partean kilometroak egin behar izaten ditugu eta hor bero asko edukitzen dugu. Nekagarria izaten da eguzkipean ordu asko ibiltzea. Matxura aldetik, zulatu batzuk eta parrillekin arazo batzuk izan ditugu, baina arazo txikiak izan dira, konpontzeko errazak.

Zerk harritu zaituzte gehien?
Bidaia honek zer pentsatu asko eman digu eta harritu gaituen gauza dezente ikusi ditugu. Gehien harritu gaituen gauzetako bat izan da gaixotasunena. Bagenekien gaixotasunak oso presente daudela, gaixotasun infekziosoak daudela, baina harritu gaitu Hies gaixotasuna zeinen zabaldua dagoen eta zenbat jendek daukan. Hiesa daukaten haurrak ere badaude.

Jendeak zer esaten dizue bizikletarekin ikusten zaituztetenean?
Bidaiaren berri ematen diegunean, hasieran, ez digute sinesten. Oso harrituta geratzen dira, baina aldi berean oso interesatuta. Laguntzeko prest azaltzen dira beti, batez ere herri txikietan.

Jateko nola moldatzen zara?
Hasieran guk daukagun sukaldetxoa asko erabiltzen hasi ginen. Arroza egin edo barazkiak egosten genituen. Baina denborarekin konturatu gara errazagoa  eta merkeagoa zela herrietan aurkitzen ditugun jatetxe edo janari postuetan bazkaria eta afaria erostea. Oilaskoa, eta arto irinez egindako masa moduko bat beti egoten da.

Eta lotarako?
Lotarako kanpin bat daukagu eta asko erabiltzen dugu. Batez ere landa guneetan ibiltzen gara, herri txiki asko gurutzatzen ditugu, eta herri txikien tartean beti eskolak aurkitzen dira. Azkenaldian eskoletan ari gara lo egiten. Beste gau asko baserrietan pasa ditugu. Baserritar bat ezagutu genuen eta hark beste batengana bidali gintuen, hark beste batengana bidali gintuen… Kate moduko bat egin genuen, eta baserrietan lo egiteko aukera izan dugu. Baserritar horiek gainera, eskuzabalak ziren eta otorduak ere eman dizkigute askok. Gure aurrekontuarentzat ondo etorri da baserri horietan lo egitea. Hirietan, ostatua hartzen dugu beti.

Orain arte bizitakoa nola laburtuko zenukete? Zein balorazio egiten duzue?
Esperientzia asko ari gara bizitzen oso denbora gutxian. Egunero milaka gauza berri gertatzen zaizkigu. Eguna planifikatzen dugu, baina ia beti beste era batera bukatzen dugu, espero ez ditugun gauzak gertatzen zaizkigulako. Egoera horietara egokitzen ikasten ari gara eta normaltasunez hartzen. Pixkanaka ohitzen ari gara egoera berrietan nola jokatu, eta lasaiago ari gara hartzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>