Azken legazpiarra

Asier-IriondoAsier Iriondo • Hizkuntza aholkularia

Korrika datorrela eta, errekor saiakera baten zurrumurrua astindu dute. Zazpi egunez, etenik gabe egingo omen du korrika oñatiar batek. Korrikaren egun gehienak beraz, aurten ere, iazkoaren ordainetan, hamaika egun izango dituelako, martxoaren 31tik apirilaren 10era, Amurriotik Donostiara.

Argazki asko utzi izan ditu Korrikak munduan, Euskal Herrian eta Legazpin, ordena horretan (umilak izan gaitezen). Hots aldizkariaren azalean bat: Mikel Arrizabalaga suhiltzaile mutikoa lekukoa eskuan lehenengo edizioetako batean. Urte batzuk geroago, Anuntxi Andueza euskaldungilea Udanako landareri guztiaren oxigenoa arnas bihurtzen. Kilometro batzuk lehenago ikusi genuen Maria Pilar Makibar eragilea gurpildun aulkitik altxa eta hegan metroak egiten. Futitzen naiz Jesukristoren mirariez.

Ikusi ditugu Ane Beloki eta Nerea Elustondo bertsolariak, hari-gabeko mikroa lekuko, furgonetaren keari bertsoak eztulka; Joxemari Auzmendi maisua Julian anaia txistulariari HikHasi deituko zenaren zertzeladen firfiran; Maite Gonzalez Idoia Narbaizari, erdizka lauetan, dantzaria dantzariari lekukoa helarazten; Miel Anjel Iraeta hots-kidea eta Aitor Gari baritonoa, motorrean bizkarra bizkarrari emanda, argazkilari eta garraiolari lanean eta, sumatu izan dugu, Jose Luis Ugarte orologoa ibilbide guztiko toponimia errepasatzen.

Gehientsuenetan, azken legazpiarra ikusi dugu lehen oñatiarrari lekukoa ematen, beste aldera ere bai, baina gutxixeagotan. Aurten, lehen oñatiarra Arrasaten igoko da Korrikara eta azken legazpiarra Urretxun, apirilaren 1ean bata eta 8an bestea, baina batak besteari lekukoa emango diotela tematu dira. Hurrengoan beste aldera egingo dutela hitzeman dio legazpiarrak oñatiarrari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>