‘We speak dance’

Mikel-SarriegiMikel Sarriegi • Dantzaria

Modan daude dokumentalak. Horrela diote adituek eta horrela nabari da ikusentzunezkoen perian eta periferian. Dantzariok ez gaude korronte horretatik kanpo eta aipatuko dizuet, gaur, plataforma digitalen plazako erakusleihoan aurkitu dezakezuen harribitxi bat, ingelesez We speak dance (Dantza hitz egiten dugu) izeneko dokumental-saila, hain zuzen ere: txundigarria, freskoa eta gozatzekoa, dantza egitea maite ala ez maite.

Munduko lau kontinenteetako hainbat herrialdetako dantza tradizioak hiritar guneetan nola txertatzen, egokitzen eta lantzen diren erakusten da modu oso ikusgarrian. Vandana Hart dantzariaren eskutik Nigeria, Vietnam, Bali, Paris eta abarreko kaletar dantza bizi-biziak dastatu ditzakegu. We-Speak-DanceDantza nazioarteko hizkuntza gisa nola erabili daitekeen erakusten da, kultura askotariko jendea elkartzeko, bizimoduak eraldatzeko eta baita gizarte aldaketak bultzatzeko ere. Agertzen dira hor, gainera, galdera zinez interesgarriak: zertarako musika, ezin bada dantzatu? Edota, nazioek aurrera egitea nahi badugu, arteak inplikatu behar ditugu, beste gogoeta mamitsu batzuen artean.

Aurtzaka dantza taldean ere ez dakit zenbaterainoko gizarte iraultzak eragingo ditugun, baina guk ere dantza hitz egiten dugu maiz, eta dokumentalak egiten ditugu, halaber, tarteka. Orain hamarkada bat eman genuen argitara saritua izan zen San Joan bezperako esku-dantzari buruzko dokumental txiki bat eta, ondo bidean, datorren Loinatz jaietan estreinatuko dugu Azken dantza maisua dokumental interesgarria eta handinahitsuagoa… Laster emango dizuegu horren berri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>