Herri eragileen beharraz

Joseba-TelleriaJoseba Telleria • Irakasla eta ikaslea

Pandemiaren egoera normalizatu ahala, gurean bata bestearen atzetik datoz ekitaldi eta herri jarduera ezberdinak. Pasa berriak, hartzaren esnaera, txirrindulari probak, kofradiak, musika nahiz dantza emanaldiak, mendi irteerak, lore azoka, Iparra-Hegoa, Korrika batzordeak… eta badatozenak, kinto eguna, Aste Santua, hazi bedeinkatzea, beheko barrioko eguna, Sanson proba, San Ixidrorena, Santa Barbarakoa, sanjoanak… Herri bizi eta aktibo baten seinale.

«Beti badau zerbaitt herri hontan», askotan aditu izan dugu. Zerbait hori, ordea, ez da egina etortzen. Norbait edo norbaitzuk badira atzean. Arlo kulturalean, sozialean, politikoan, erlijiosoan, kiroletan, elkarte nahiz erakunde mailan… borondate hutsez eragile diren herritarrak. Hauetako asko urte luzez. Aldiroko ekitaldi eta jarduerak burutzera beharturik baleude bezala, bizitza osorako ardurak balira bezala… Burutazioak, antolaketa, ardura, lana… eta ahozapore txarren bat ere bai, normalean ezertan parte hartzen ez dutenen kritika edo exigentziengatik. Urteak aurrera egin ahala gainera, eragile horietako asko, eurak hasi behar errelebo eske eta bila. Lan nekeza hori ere. Batzuk teknologiak ordezkatuak, beste batzuk, Aste Santuko batzordea, futboleko zuzendaritza, Iparra-Hegoa, txirrindulari taldea… kostata, baina ari dira txandakatzeak gauzatzen.

Banaka nahiz taldeka, batean edo bestean inplikatu izan diren eta inplikatzen ari diren herri eragileak eskertzea, datozenak laguntzea eta berriak erakartzen saiatzea ezinbestekoa da, herri biziagoak eta aktiboagoak izan ditzagun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>