«Festetan, une batez bada ere,gu izango gara protagonistak»

Imanol_Garmendia__Loko_Suthai batukada taldea duela bi urte eta erdi sortu zuen Imanol Garmendiak (Urretxu, 1970). Pandemiaren erruz, lehen sanprundentzioak izango dira eurentzat.

Apirilaren 29an joko duzue, umeen egunean.
Aurreneko festak izango dira guretzat, baina aurretik herrian ere jo dugu, lauzpabost aldiz. Kristorena da. Gora etortzen gara, ikaragarri.

Gogoa ala urduritasuna, zer nagusitzen da?
Oso gogotsu gaude, ilusio handiarekin. Festetan jotzea are bereziagoa da, publikoa giroan sartuta dagoelako. Bikoitza gozatzen da.

Festa on baterako musika ezinbestekoa da.
San Prudentzio festetan, une batez bada ere, gu izango gara protagonistak. Bi txandatan joko dugu, gainera: 18:00etatik 19:00etara erdigunean ibiliko gara; gero, play-backa egiten ari diren bitartean atseden hartuko dugu; amaitutakoan, Lazkao kanpoaldean joko dugu, festa auzo guztietara zabaltzeko asmoarekin.

Erritmo berriren bat prestatu duzue?
Ez. Ekainaren 11n batukada festa antolatu dugu herrian. Hamabost batukada koordinatzea ez da horren erraza eta erritmo horiek lantzen gabiltza. Entseatutakoa joko dugu.

Zein da sanprudentzioetako egunik politena?
Kuadrilla eguna, jai giroa goizean goiztik izaten delako.

Kuadrilla egunean jotzea gustatuko litzaizuke?
Gustura joko nuke, bai. Baina ez da horren erraza: Sugarri txaranga urtero irteten da kalera egun horretan eta beraiek dute lehentasuna.

Sanprudentzioetako oroitzapen bereziren bat?
Brincadera batukada talde kataluniarra etorri direnekoak. Behin baino gehiagotan etorri dira. Itzelak baino gehiago dira: erritmoak, koreografiak… oso landuta dituzte. Ea gu ere noizbait maila horretara iristen garen.

Beste ekintzaren batean parte hartuko duzu?
Buruhandiekin ere aterako naiz. Lazkao Txiki naiz ni. 52 urterekin ez nago korrika asko egiteko, eta Lazkao Txikiren pertsona lasaiagoa da. Haurrekin egon, argazkiak atera… asko gustatzen zait. Egia esan, ahal dudan ekitaldi guztietan parte hartzen eta laguntzen saiatzen naiz.

Zer esango zenioke Suthai batukadan hasi nahi duen norbaiti?
Etorri dadila probatzera. Ez da solfeoa eta dantza jakin beharrik, lau erritmo dira; hemezortzi urtetik gora, ez dago adin mugarik. Edonork ditu ateak zabalik. Etor dadila probatzera, eta gero erabaki dezala gustatu zaion edo ez. Baina ziur gustatuko zaiola.

Zu nolatan hasi zinen?
Orain dela lau urte Atzegirentzako ekitaldi bat antolatu nuen eta Itsasondoko batukada etorri zen, besteak beste. Gustatu, eta beraiekin jotzen hasi nintzen. Baina pentsatu nuen zergatik ez sortu taldea Lazkaon. Hamar-hamaika lagun hasi ginen eta orain hemezortzi kide gara.

Zein instrumentu jotzen duzu?
Lehen surdoa. Itsasondon hasi nintzenean hori besterik ez zegoen libre, eta horri heldu nion. Lazkaon hasitakoan jarraitzea pentsatu nuen. Agian, jotzeko errazena ere badelako.

Batukadak zer du berezia?
Erritmoa. Betidanik gustatu zait batukadaren erritmoa. Eta zerbait berezia badauka, batukadak asko gustatzen direlako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>