Sinesmenak

Captura de pantalla 2022-04-12 a las 16.24.32Monika Arratibel • Irakaslea

Ateoa, zentzu zabalean existentziaren ukatzea da. Jainkorik ez dagoela sinestea, alegia. Teismoak dio gutxienez jainko bat existitzen dela. Agnostikoek berriz, zenbait ideia metafisikoen egiazkotasuna, jainkoaren existentzia esaterako, ziurtatzea edo ukatzea ezinezkoa dela baieztatzen dute. Agnostiko batek jainkoaren existentzia ez du baieztatzen ez eta ezeztatzen ere, eta beraz, erabateko zalantza dauka. Ni ere zalantzaz beteta bizi naiz, baina ikasturtearen bilakaera ikusi eta izan ditugun zubi eta opor egun exkaxen ondoren, garbi daukat, ni fededuna naizela. Bakazionismoan fede osoa duena. Beharrak hala deituta, diren santu guztiei otoi egingo diet opor egunak emango badituzte. Gasteizko Eskola Publiko eta akonfesional bateko zuzendaria naiz, sinesmen oso anitza dugu gure eskola komunitatean. Baina guztiok, (guraso baten batek ez ezik) gustura hartuko ditugu Aste Santuko oporrak eta baita Prudentzio Deuneko aste osoa ere. Mundu honetan, santuak baino etsai gehiago daudelakoan nago, oporrei izena aldatzen edo hasi beharrean izango gara berehala. Bakazionismoan ez ezik, bizia bakarra dela sinesten dut.

Gaur eman daitekeen laztanik ez dut biharko uzten eta opor egunekin ere halaxe egingo dut. Xabier Letek zion: «Sinisten dut hartuko nauen lur hortatik landare berriak sortuko direla. Sinisten dut egun batean hilko naizela, hutsean eroria, ezerezean amildua, hauts bihurtuko naizela. Sinisten dut hartuko nauen lur hortatik landare berriak sortuko direla». Hori dena sinesten dudanez, nire hautsak harrotzen diren lur horretatik landare indartsu, koloretsu eta biziak ateratzea nahi nuke. Hortaz, hil artean ahalik eta ondoen bizitzen saiatuko naiz, opor egunen fededun sutsu izango naiz orain eta beti, gizaldi eta gizaldietan. Amen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>