«Gipuzkoan, desgaitasuna duen inor ez da bakarrik geratuko»

Inma-Hernandez-1

Atzegik fundazio bat sortu zuen orain dela 38 urte, desgaitasuna duten pertsonak bakarrik geratzen direnean laguntzeko xedez. Gertuan Fundazioa deitzen da orain, eta Inma Hernandez Leon (Legazpi, 1963) da lehendakaria duela sei urtetik. Alabaren desgaitasunak eraman zuen Atzegi elkartera, eta Atzegitik fundaziora egin zuen salto gero. Gizartean mundu horrekiko ezjakintasuna dagoela dio.

Zer da Gertuan Fundazioa?
Adimen desgaitasuna duten seme-alabak ditugunok beti daukagu kezka bat: gu ez gaudenean zer gertatuko da? Atzegiko gurasoak horrekin kezkatuta zeuden duela 38 urte, eta fundazio bat sortu zuten, bereziki familiarik gabe geratzen ziren pertsonak atenditzeko. Atzegi Babes Fundazioa izenarekin jaio zen, eta orain Gertuan Fundazioa da. Ni naiz lehendakaria 2016tik.

Zein da fundazioaren helburua?
Bizitzako etapa guztietan laguntzen diegu, gu gurasoak bagina bezala. Bizitzako esparru garrantzitsuetan erabakiak hartzen laguntzen diegu: lana, etxebizitza, aisialdia, osasuna, diruaren kudeaketa… Normalean gurasook egiten dugu lan hori, eta hil ondoren, gehienetan anaia-arrebek, osaba-izebek… Baina beste seniderik ez dagoenean? Orduan fundazioa arduratzen da.

Ez al da hori administrazioaren lana?
Diputazioaren betebehar bat da, baina Gipuzkoan hitzarmen bat dugu. Aldundiak konfiantza osoa du Gertuanengan, eta gure aurrekontuaren zati handiena finantzatzen du. Lankidetza sistema hau eraginkorra iruditzen zaigu. Gertuan fundazio apala da; baliabide nahiko mugatuekin ekarpen handia egiten dio gipuzkoar askoren ongizateari.

Zeini laguntzen diozue fundazioan?
Adimen edo garapen desgaitasuna duten Gipuzkoako pertsonei, babesgabetasun egoeran daudenei. Adimen desgaitasuna izanda laguntza behar dute gauza askotarako, eta gainera, babesgabe daude, ez daukate inor laguntzeko.

Lagun askori ematen diozue laguntza?
Gaur egun 185 pertsona laguntzen ditugu Gipuzkoan. Goierrin 21 pertsona dira, eta Legazpin, nire herrian, hamar.

Zenbat langile dituzue horretarako?
Gaur 11 langile ditugu, profil anitzekoak. Gizarte arlokoak dira gehienak, administrariak ere bai. Langile taldea fundazioaren arima da. Laguntzen ditugunentzako erreferentziazko pertsonak dira, eguneroko beharrak, ilusioak, ezustekoak… partekatzen dituzte. Haien lana txalotxekoa da. 44 boluntario ere baditugu, gehienak emakumeak.

Zein da boluntario horien funtzioa?
Oso garrantzitsua da. Laguntza ematen dute atal zehatz batzuetan: paseo bat emateko, kirola egiteko, erosketak egiteko… Boluntarioentzako oso lan atsegingarria da, eta Goierrin ere egin daiteke! Baten bat animatzen bada, 943 05 10 95 telefono zenbakira deitu dezala. Gure bulegokoa da zenbaki hori. Iaz arte Atzegiko bulegoetan egon gara, Donostian, baina hura txiki geratu zitzaigun, eta babes ofizialeko lokal bat erosi genuen Morlans auzoan, zentrotik gertu.

Orduan aldatu zenuten izena?
Bai. Izena aldatzeko momentua zela pentsatu genuen. Zergatik? Nahastu egiten gintuztelako. Atzegi Babes Fundazioa zen lehen. Alde batetik ‘babes’ hitz hori… legea aldatu da eta terminologia hori ez da erabiltzen dagoeneko, gaur laguntzaz hitz egiten da babesaz baino gehiago. Babesaren figura juridiko hori ez dago dagoeneko, eta hori kendu nahi genuen izenetik. Bestalde, bereiztu egin nahi genuen Atzegik egiten duena eta fundazioak egiten duena.

Inma-Hernandez-3

«Adimen desgaitasuna duten seme-alabak ditugunok beti daukagu kezka bat: zer gertatuko da gu ez gaudenean?»

«Fundazioak 185 pertsonari ematen die laguntza Gipuzkoan. Goierrin 21 pertsona dira, eta Legazpin, hamar»

«Nik uste dut Legazpin sentsibilitate berezia dagoela desgaitasunarekiko»

Zeintzuk dira Atzegiren eta Gertuan Fundazioaren arteko aldeak?
Atzegi senideen elkarte bat da, bultzatzen duena gizartean adimen urritasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea, parte hartze handiagoa izatea, eskubideak defendatzea, zerbitzuak sortzea… Bizitzan inor bakarrik gera ez zedin sortu zuen Atzegik fundazioa, eta horretara dedikatzen gara. Izenagatik askotan nahasten gaituzte, eta horregatik aldatu genuen. Gertuan aukeratu genuen, hurbiltasuna, konfiantza, afektua adierazten duelako. Lana nola egiten dugun deskribatzen du.

Nolakoak dira laguntzen dituzuenak?
185 pertsona horien profila nahiko zabala da. Batzuk etxebizitza babestu batean bizi dira, beste batzuk bere kabuz, edo erakunde batean. Batzuk Gureakera joaten dira lanera, beste batzuk Garagunera, edo enpresa arruntean lan egiten dute. Kuadrilla batekin ateratzen dira, Txolartera joaten dira… Batzuek adimen desgaitasuna dute bakarrik, beste batzuek horrez gain arazo mentalak edo portaera arazoak ere bai, edo drogamenpekotasuna. Gu hor gaude, guztiei laguntzeko behar dutenean.

Nolako laguntza ematen diezue?
Batzuek inguruan badute norbait haietaz kezkatuta, eta gu laguntza zehatzetarako gaude bakarrik, adibidez gaixorik daudenean. Beste batzuek bere bizitza antolatzeko laguntza behar dute, beti haien nahien arabera. Adibidez, gurasoak hiltzean etxean jarraitu nahi dutela esaten badute, agian pertsona bat bilatzen diogu garbiketarako, edo gainean egoten gara oso triste badago, edo dirua kudeatzen laguntzen diogu. Osasun arloko aholkua edo laguntza behar dutenean ere laguntza ematen diegu, ebakuntza baten aurrean adibidez. Oso garrantzitsua da egiten dugun lana, Gipuzkoan ez da inor bakarrik geratuko.

Kontziente al dira laguntza horretaz?
Nik uste dut baietz. Badaukate erreferentzia bat, eta nik uste dut lasaiago daudela horrela. Gurasoak ere bai.

Zer diote gurasoek?
Normalean, gurasoak ez gaudenerako, izaten da familia gehiago inguruan, baina inor ez dutenak ere badira… Bakarrik gera ez daitezen, posible da egoera horri aurre hartzea eta hil aurretik adieraztea fundazioak seme-alaben kargu egitea nahi dutela. Lasaitasuna ematen die horrek. Hori bide judizialetik egiten da.

Epaileen esanetara dago guztia?
Bai, beti-beti epaile batek erabaki behar du pertsona bat fundazioaren kargu geratzea. Gainera, epaileak esaten digu nola lagundu, hau da, izan daiteke eskubide eta betebehar guztietan, edo bakarrik diruarekin, adibidez. Lehen tutela edo babesaren figura zegoen, eta orokorra zen, baina legea aldatu zen iaz, eta orain joera da laguntza bereziak jartzea, behar direnean bakarrik. Azken batean, pertsona horiek ahalik eta independentzia handiena matentzea da helburua.

Legeak jaso du, beraz, babesaren ordez laguntza eskaintzen duzuela.
Oso pauso handia izan da. Orain legeak agintzen duen bezala lan egiten genuen lehen ere guk, beti haien nahiak kontuan hartuta, guztiz ez desgaitzeko.

Zuek izan zenuten gorabehera bat alabaren desgaitasuna tarteko.
Bai, gure alaba Laura babestu nahi genuen diruarekin engainatua izan ez zedin. Argi genuen diru kontu handietarako gure sinadura beharrezkoa izan behar zuela. Hala eskatu genuen, baina epaileak hura onartzearekin batera, gure ustez aurreko sententzia bat gaizki kopiatu eta gero, botoa emateko eskubidea ere kendu zion. Lau urtez ibili ginen bueltaka gai horrekin, eta azterketa bat egin behar izan zuen erakusteko botua emateko garaian erabakitzeko gai zela! Pentsa, hori ez zaio inori eskatzen! Oso bidegabea zen guztia, ezintasun galanta sentitu genuen. Azkenean, demostratu genuen gai zela eguneroko bizitzan erabakiak hartzeko, eta orduan itzuli zioten bozkatzeko eskubidea. Handik gutxira, eskubide hori kentzeko aukera desagertu zen.

Horrelako egoeren aurrean, fundazioak ere lagunduko luke, ezta?
Hori da, guk Laurari gai ekonomikoetan laguntzeko egin genuen tramitea bezala, fundazioak ere hori egiten du, batzuei arlo ekonomikoko gaietarako, eta beste batzuei beste arlo batzuetarako. Dena dela, hori guztia oso kontrolatuta dago epailearearen aldetik.

Nork gidatzen du fundazioa?
Patronatu bat du atzetik. 14 pertsona gaude, fundazioaren bidea eta esentzia markatzeko. Kideon artean, desgaitasunaren munduan dauden elkarte garrantzitsueneko partaideak gaude, Atzegi, Aspace, Gautena, Fundacion Goienetxe… baina maila pertsonalean.

Zer falta da lortzeko oraindik?
Erronka da beti pertsonaren beharretara egokitzea. Une honetan, lege aldaketarekin, adi-adi gaude epaileek nolako epaiak ematen dituzten ikusi, eta laguntza pertsonalizatu hori nola eman antolatzeko.

Epaileak aipatu dituzu berriz. Nolako sentsibilitatea dute gai hauekiko?
Epailearen araberakoa da. Batzuk oso sentsibilizatuta daude eta erraza da horiekin lan egitea. Baina beste batzuek ez dute mundu hau hain ondo ulertzen, ez dira hain harkorrak.

Inma-Hernandez-2Ezjakintasunagatik?
Nik uste dut baietz. Orokorrean gizartean ere hori dago, ezjakintasuna. Epaileekin fundazio bezala badugu egin beharreko lan bat, formatzen, azaltzen…

Fundazioan jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, oso gustura nago, eta lanean jarraitu behar dela uste dut. Nire aurretik beste batzuek egin zuten lan, eta haiengatik gaude gauden bezala.

Zein da zure lana?
Oscar Carcedo zuzendariak eramaten du fundazioaren egunerokoa, eta harreman estua dut berarekin. Patronatuan aztertuko diren gaiak prestatzea dagokigu, administrazioekin harremanak izatea, fundazioa hainbat egoeratan ordezkatzea… Beti ere, laguntzen ditugun pertsonentzat ongizate handiagoa lortzeko helburuarekin.

Zu Atzegiren bitartez iritsi zinen.
Bai, eta urte batzuk egin ditut hor ere. Lauraren adimen desgaitasunak ekarri gintuen elkartera. Atzegin  berehala konturatu ginen ez ginela bakarrak, eta pertsona horien guztien alde borroka egin behar zela. Eskualdeko taldean sartu nintzen, eta hor jarraitzen dut. Gipuzkoako lehendakariorde izan nintzen 12 urtez, eta Gureaken ere egonnaiz administrazio kontseiluan 10 urte.

Legazpin Atzegik indar handia du.
Bai, eta hori gure aurretik pertsona batzuek asko borrokatu zutelako da. Hemen tailerrak daude, pisu bat, Txolartea, Garagunea, Kirola Elkarrekin antolatzen da… Nik uste dut Legazpin sentsibilitate berezia dagoela desgaitasunarekiko, eta oso pozik nago.

Nola dago Legazpiko elkartea orain?
Nino Hernandez da eskualdeko lehendakaria. Zerbitzuak Legazpin daude, baina Goierri garai osokoak dira. Atzegin eskualdeka egiten dugu lan, eta Goierri behean ere bada beste delegazio bat. Goretti Etxeberria da lehendakaria.

Zure lanbidea beste bat da.
Bai. Legazpiko udaletxean egiten dut lan 1988tik, ingurumen eta merkataritza gaietan batez ere.

Seme-alaba famatuen ama

Inma-HernandezSeme-alaba ezagunak ditu Inma Hernandezek Juan Carlos Paredesekin batera. Laura da zaharrena, eta Atzegiren sentsibilizazio kanpaina bateko protagonistat izan zen duela urte gutxi. Igerilari amorratua da, gainera. Irene da bigarrena, Irene Paredes futbolari ospetsua. Futbolaren munduan eta gizarte osoan emakumeen berdintasunaren alde jarritako aleagatik da ezaguna. Azkenik, Asier, hori ere futbolaren munduari lotua, herriko Ilintxa klubean jokalari eta entrenatzaile izan eta gero. Ama tituluaz gain, amona titulua ere badu Inma Hernandezek, Irenek ilobatxo bat eman diolako duela hilabete batzuk.

Biloba da une honetan Inmaren «zaletasunik handiena», baina baditu gehiago, ahal duen guztietan familiarekin partekatzen dituenak. Bidaiak, esaterako, seme-alabekin egiten ditu ahal badu, eta Ireneren ibilbideak eman dio horretarako aukera behin baino gehiagotan. Haren partidei jarraituz, Kanadan egon zen familia, Espainiako selekzioarekin munduko txapelketara joan zenean. Europako txapelketan ere bidaia polita egiteko aukera izan zuen, orduan bikotearekin: Herbereetan jokatu zen, eta bizikleta hartuta, hiri batetik bestera joan ziren, Ireneren partiden atzetik. «Asko disfrutatu genuen!».

Bilobaz eta bidaiez gain, Inmak baditu zaletasun gehiago, eta ez gutxi gainera: «Mendia gustatzen zait, paseatzera joatea gustatzen zait, irakurtzea ere bai…». Hori guztia, lanak, Atzegik eta Gertuan Fundazioak uzten diotenean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>