Bide zaharrak mantendu eta berritu

Eresti-OiarbideEresti Oiarbide • Hizkuntza aholkularia

Osinalde sariketa lanerako eguna izaten da urtero Gabiriako izen bereko elkarteko juntakideentzat. Baina ez soilik eurentzat, herritar askok parte hartzen du bai egunean bertan eta bai aurretik ere txapelketa behar bezala antolatu eta bertso-afariaren bueltako guztia behar bezala atera dadin. Aurten, eta bazen garaia, berriro heldu ahal izan diogu betiko formatuari, eta giroa ezin hobea izan da.

Egia esan, beti izaten da giroa paregabea: afaria bikaina, elkartea jendez gainezka, erabateko ixiltasuna gaiak eta bertsoak entzuteko garaian, txaloak nahi beste eta nahi bezain ozen… 50 edizioetan 6 bertsolari aritu dira bertsotan, eta unean hain ezagunak ez ziren baina ibilbide oparoa izan duten hainbat eta hainbat izen daude irabazleen eta parte hartzaileen artean.

Urtero, beti, edizio guztietan… Badirudi ez dela ezer aldatu Patxi Iraolak lehenengo hura irabazi zuenetik. Baina, zorionez, betikoari heldu eta berritzen joan garela esango nuke. Urtetik urtera gaiak garaiko kezka eta elkarrizketetara egokitzeko ahalegina egin dugu, epaileen artean gazteak eta emakumeak sartzen joan dira, bertsolarien balorazioak jasotzeko modu berriak jarri ditugu martxan… Gainera, afariaren bueltako lanetan ere aldaketa nabarmenak ikusi ditugu; aurten, inoiz ibili gabeko zerbitzari gazteak izan dira ia denak, eta sukaldean urteetan zehar lan egin duten emakumeek merezitako erreleboa izan dute.

Bada esaldi bat batere gustatzen ez zaidana, «Funtzionatzen badu, zertarako aldatu?». Tradizioa traizio bilakatu ez dadin, ezinbestekoa da esentziari eutsi eta egiteko modu berriak probatzea. Aurtengo irabazleak, Ane Zuazubiskarrek, honako puntuarekin eman zion itxiera 50. edizioari: «Bide zaharrak mantendu eta berritu». Saio guztian aritu zen fin, baina bukaeran erdiz erdi asmatu zuela iruditzen zait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>