Igeldokoa da Mari Jose Zubillaga (1969), baina 32 urte daramazki Zumarragako Oraa Goikoa baserrian bizitzen eta Angel Mari Jauregi senarrarekin batera lanean. Larreko behiak, ardiak eta basoa dira baserriko diru iturriak. Igandeko San Isidro egunaren atarian, baserriko mundua estu dabilela dio.
Zumarragako Oraa Goikoa ustiategia zure izenean dago. Ez da ohikoa emakumeen izenean egotea.
Badaude emakume gehiago egoera berean. Nik uste dut pentsakera kontua besterik ez dela. Nire kasuan, nik ez nuen eskatu nire ustiategia izenean jartzea, nire senarrak, Anjel Marik erabaki zuen egokiena zela horrela, paper kontuak nik eramateko. Baina lana biok egiten dugu, semearen laguntzarekin batez ere.
Baserritarra zara, abeltzaina, nekazaria, artzaina…?
Titulu guztiek balio dute, baina artzainarena ez zait gehiegi gustatzen, egia esan. Azken batean, lan horiek guztiak egiten ditut: etxeko lanak, ukuilukoak, mendikoak, baratzekoak… Baserrian egiten diren lan guztiak egiten ditut, eta horiez gain, administrazio lanak ere bai, diru kontuak egiteko, ardi esnearen kontrolak eramateko, diru laguntzak eskatzeko… Ordenadorea eta Internet gure beste lan tresna bat dira azken aldian.
Nolakoa da Oraa Goikoa?
Antzinatik datorren baserria da. Zumarragako San Kristobal auzoan dago, izen bereko elizatik gertu. Gure aurrekoak baserritik bizi izan dira beti, behi eta ardiekin. Nik ere hala ezagutu nuen baserria duela 32 urte iritsi nintzenean, eta lehendik zetorren. Behi esnea saltzen zuten kalean, bezero jakin batzuri eta Mertzedariatar komentuari ere bai. Txahalak ere saltzen zituzten, eta noizean behin pinudiren bat bota. Pinuarekin bakarrik ez, pagoarekin ere egiten zuten lan, eta laberako pago egurra prestatzen zuten, eta Urretxuko Panificadorari saldu.
Eta gaur egun, zer lan egiten duzue?
Orain larre behiak ditugu, ardiak ere bai, eta basoan jarraitzen dugu. Limousin arrazako behiak ditugu, dozena bat buru, eta txahalak gizendu eta haragitarako saltzen ditugu Urkaiko kooperatibaren bidez. Ardiekin, esnea saltzen diogu Olaztiko enpresa bati, gazta egiteko, eta arkumeak ere saltzen ditugu, horiek ere Urkaikoren bitartez. 130 ardi ditugu. Udan larrean egoten dira, baina neguan barruan, baserrian bertan dugun ukuiluan. Behiak ere bai.
Basoan lan egiten jarraitzen duzuela esan duzu.
Bai. Anjel Marik eta biok urte batzuk pasa genituen basoak bota, garbitu, itxiturak egin, eta berriz aldatzen. Orain beste batzuek botatzen dituzte, baina garbitu eta mantentze lanak guk egiten ditugu, baita landare berriak sartu ere. Negurako egurra txikitzen ere jarduten dugu. Orain da garaia egurra prestatzeko, baina basokoa urte osoko lana da.
Eta horrek guztiak dirua ematen al du?
Orain esaten ari dira egurra igo egin dela, pinu egurraz ari naiz, eta horrek ematen du diru piska bat, bai. Baina bestela, ardi esnearekin, adibidez, aspaldiko prezioekin gabiltza, 2016ko prezioak ari gara kobratzen oraindik. Gainera, ardi esnearena oso prezio aldakorra da, oinarrizko prezio bat duelako eta horri koipe eta proteinaren araberako biderketa bat egiten diotelako. Haragia bai, igo dute zerbait.
Konpost berezi bat ere egiten omen duzue baserrian.
Bai, beno, ez da konposta. Ardien ximaurrarekin egiten dugun ongarri naturala da, Goimenek erosi zuen makina bat erabilita egiten duguna. Ximaur hori txikitu eta berotu egiten dugu egun batzuz, fermentazioaren bidez zahartze prozesua azkartzeko. Horrela ongarri naturala sortzen dugu udazkenerako, aurreko neguan ateratako ximaurrarekin. Etxeko zelaietan erabiltzen dugu, eta baratzean eta soroan bai.
«Etorkizuna ez dut gozoa ikusten. Dena dago estu, baina baserri mundua bereziki, eta gauzak ez badira aldatzen…»
«Egiten dugun lanarekin sortutakoa jendeak prezio duin batekin ordainduz gero, ez genukeen diru laguntzarik beharko»
«Urte hauetan, batez ere makina eta instalazio kontuetan, hobekuntza galanta ekarri dute»
Baratzean eta soroan ere egiten duzu lan. Kanporako?
Ez, ez. Lehen bai, babarruna-eta saltzen genuen, baina orain etxerako bakarrik jartzen ditugu. Eguzkiak noiz berotu zain gaude orain, patata, artoa eta bestelakoak sartzeko.
Urte batzuk egin dituzu baserrian. Gustuko mundua al duzu?
Gustura nago, bai. Aurretik ibilia naiz beste lan batean, neskame lanetan alegia, baina hau gustatzen zait. Eta baserria nahiko bakar dago, egia da, baina ez dut kaleko bizitzaren faltarik sumatzen.
Urte hauetan aldaketa batzuk biziko zenituen.
Asko, batez ere makina eta instalazio kontuetan, hobekuntza galanta ekarri dute. Asko estimatzen dira, lan karga arindu egiten dutelako eta lehen baino segurtasun handiagorekin lan egiten dugulako.
Eta diru aldetik, hobetu dira baserriko baldintzak?
Bai, hobetu da gure bizitza, baina ez kaleko bizimoduaren pare. Esnea, lehen esan dut, 2016ko prezioekin dabil, haragia ere, zenbat igo da 32 urte hauetan? Lehenagokoekin alderatuta, bai, hobetu da gure bizitza ekonomikoki, diru laguntzak direla-eta, baina ez asko. Gastuak bai, igo dira. Baserrian makina bat sartzen baduzu, hori gastua da, aurrerapen bat da, bai, baina gastu handia, eta amortizatu egin behar duzu. Gasoila, pentsua… horiek ere gora egin dute, asko.
Diru laguntzak aipatu dituzu.
Bai, eta esan beharra dago erakundeen aldetik babes bat dugula sentitzen dugula. Azken bi urteetan, COVID-arekin saiatu dira gu laguntzen, adibidez. Baina nik beti esaten dut guk geuk egiten dugun lan horrekin sortutakoa jendeak prezio duin batekin ordainduz gero, ez genukeela diru laguntzarik beharko. Baina ez da horrela, eta horregatik ditugu beharrezkoak diru laguntzak.
Nolako etorkizuna ikusten duzu?
Subentzioen menpe jarraituko dugu. Gizarteak, orokorrean, ez du behar bezala baloratzen egiten dugun lana. Badira batzuk, bai, balio bat ematen diotetena, baina beste askok ez. Hori ikusita, etorkizuna ez dut gozoa ikusten. Dena dago estu, baina baserri mundua bereziki, eta gauzak ez badira aldatzen… Hala ere, ez dut inor desanimatu nahi.
Igandean San Isidro da, nekazarien zaindariaren eguna. Ospatzen duzue?
Egia esan, asko ez. Lehen herrian antolatzen zuten bazkari bat, eta joaten ginen, eta azken urteetan Agiñan hasi dira baita ere, eta horretara ere joan izan gara, baina aurten ezingo dugu. Lehen ohitura gehiago zegoen San Isidro ospatzeko eta jai egiteko, San Antonio egunean bezala. Guk horiek denak galdu egin ditugu. Baina galdu ez duguna da beste baserritarrekin dugun harremana. Horretarako ditugu beste egun batzuk, Urretxuko feriak bezalakoak.