Kirola eta pertsona transak

German-UrteagaGerman Urteaga Garmendia • Kirol psikologoa eta trans aktibista

Gizartean esparru desberdinak topa ditzakegu. Herri berean gune desberdin asko egon daitezke.  Pertsona transentzako zaila bada gizarte zisnormatibo honetan bizitzea, gauzak are zailago ipintzen dira kirol munduan murgiltzen bagara.

Goi mailako kirolari askok euren trantsizioa hasi ahal izateko goi mailan lehiatzeari utzi diote, bestalde, beste askok, ez dute beren trantsizioa hasi beren kirolari bizitza amaitu arte. Iraganean kirolari transek euren identitatea ezkutatu behar izaten zuten lehiatzen jarraitu ahal izateko, trantsizio prozesua hasiko bazuten eliteko kirolaz ahaztu behar baitzuten. Gaur egun ere badira halako kasuak, gehiegi aukeran, baina egia da gauzak apurka aldatzen doazela. Hala ere, oraindik ere oso gogorra da kirolari transen errealitatea.

Gazte trans askok uzten dute kirola nerabezaroa heltzean, eta ez dute egiten kirolean jarraitu nahi ez dutelako, baizik eta ez dutelako espazio seguru bat aurkitzen bertan. Beste batzuek kirola utzi ez arren, talde kirolak uzten dituzte eta kirol indibidualen batean hasten dira. Talde kiroletik banakako kirolera jauzia ematea bikain dago baina baldin eta beldurrak eta transfobiak bultzatuta ez bada, alegia, jauzi horren arrazoia ez dadila izan nerabeak esparru seguru bat aurkitzen ez duelako talde kiroletan.

Beti diot hemen bi gauza nahasten direla; alde batetik, norberak bere gorputzarekin daukan erlazioa, hau da, disforia (ez da beti ematen), eta bestetik, ingurukoen jarrera edo gizarteko transfobia.

Kirolean oraindik ere oso atzean gaude trans pertsonen eskubideei dagokienez. Tamalez, kirola ez da esparru seguru bat trans pertsona gehienentzat, hasieran esan dudan bezala gizarteko transfobia hirukoiztu egiten da kirolera zuzentzen garenean. Hasi aldagelen kontutik, segi talde kiroletako errealitatetik, jarraitu trans pertsonei (bereziki emakumeei) lehiatzeko jartzen zaizkien traba guztietatik eta jasaten duten transfobia jasatik… Eta horretaz guztiaz eta gehiagoz gain norberak  norbere gorputzarekiko duen disforia dago; trans pertsona askok sufritzen duten zerbait, maila handiagoan edo txikiagoan.

Egoera aldatu ahal izateko ezinbestekoa da kirol esparruan lan egiten duen ororen formakuntza gai honetan. Kirol kudeatzaileak, kirol teknikariak, entrenatzaileak, monitoreak… Ezinbestekoa da trans pertsonon errealitatearen berri izatea eta jakitea nola jokatu eta zer egin kirola trans pertsonontzako espazio segurua izan dadin. Kirolak trans inklusiboa izan behar du, bere zentzu guztietan. Trans pertsonoi kirola egitearen eskubidea ukatu zaigu historian zehar, eta hau ez da bidezkoa. Kirola zoragarria da, izan lehiatzeko kirola, izan taldekako kirola, izan banakakoa, izan fitnessa, izan lagunekin partida bat jokatzea… Kirola zoragarria da, eta zoragarria izateaz gain osasun mentalarentzat eta osasun fisikoarentzat onuragarria da.

Baina zoragarria eta osasunarentzat onuragarria izateaz gain trans inklusiboa izan dadila.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>