Argisao, itzalean geratutako mendia

Pertsonekin bezalaxe, mendiekin ere gertatzen da fenomeno hau: alboan itzal handiko bat edukiz gero, norbera ezkutuan geratzea, gutxietsia. Hala esan daiteke Zumarragako Argisao mendiaz, baina baditu enkantu ezkutuak.

Argisaok ez du Antioko baselizarik magalean, ez du gurutzerik tontorrean, ez da bertan festarik edo erromeriarik ospatzen, eta ez da inongo gida turistikotan azalduko, baina baditu txoko erakargarriak, badu historia, eta bista ederrak ere bai.

Ondo asko ezagutzen du Jonmikel Intsaustik Argisao, Ibiltari honetako gidariak. Urretxuko Aparizio auzotik abiatuta eta trenbidearen paretik joanda, Elgarresta auzoko Matxain baserrietara iristen da bidea. Matxain izeneko harrizko zubia zeharkatu behar da horretarako, eta hortixetik ikusten da ondoen Urola ibaiaren erro naturala: hemendik behera, Azkoitiarantz, oso aldatuta daude Urolaren urertzak, hormigoiz eta harriz josiak. Udaberri hasiera honetan, pagoen itzalean, ibaiak bere edertasun osoa erakusten du. 1827ko dokumentu batean azaltzen da dagoeneko ‘Puente de Machain’ toponimoa. Burdinola eta errota izan ziren hemen XVI. eta XIX. mendeen artean.

Ibiltaria__Argisaora_igoer(1)Zumarragatar askok oso gutxi ezagutuko duten datu bat: gaur egun denentzako Urola ibaia dena, inguru honetako biztanleentzat Errekaundi izan omen da betidanik, ‘Rio Mayor’ dokumentu idatzietan. Dirudienez, Urola izena Aizpurutxo aldetik zabaldu zen, bai errekan gora eta bai behera.

Intsaustik azaltzen duenez, hiru Matxain baserri izan dira: Goena, Erdikoa eta Barrena. Lehenengoa desagertuta dago; Norteko trenbidea egin zutenean karrilaren oso gertu geratu zen etxea, eta bertakoek alde eginda hustuta geratu zen. Erdikoa, 1980ko hamarkadan hustu ondoren, erabat berrituta dago gaur egun, baina Jose Luis Ugarte ikerlari legazpiarrak jaso zuenez, bere garaian «Gipuzkoan oso toki gutxitan ikus daitekeen antzinako sukaldea du (…) sukaldetik bertatik ematen zitzaion jaten ganaduari». Barrena, berriz, Balentziaga sendiarena da. Horrek esan nahi du Mikel Balentziaga futbolariak eta Jon Balentziaga kazetariak hemen dituztela zuztarrak.

Arizbakarretik Argisaoko gainera

Matxain Erdikoa pasa eta berrehun bat metrora ezkerrera egiten duen pista da Argisao mendian sartzeko bidea, Zumarraga eta Legazpi arteko mugan dantzan. Argisaon pinudiak bakarrik ez, pagadi ederrak ere badaudela ikusten da hemen. Oilagorrek ere maiteak dituzte zoko hauek, atseden hartzeko eta elikatzeko. Aldapa dezentea igota, Arizbakar edo Errepublika Lepoa izenekora iristen da, 538 metroko garaieran. Gabiriarekin muga egiten du lepo horrek, bertako mugarriak erakusten duen moduan. Zergatik Errepublika Lepo? Ez dago garbi. Sobra ere, Errepublika garaian istiluren bat gertatu zen hemen, eta hortik letorkioke deitura berria. Intsaustiren arabera, inguruko baserrietako gazteek erromeria egiten zuten lepo honetan.

Pinudiak bakarrik ez, Argisaon pagadi ederrak ere badaude, Arizbakar ingurura doan bidean ikus daitekeen moduan

Ibiltaria__Argisaora_igoerOndorengo aldapa motza da, baina gogorra, eta Argisao mendiko tontorrera-edo darama. Ez da berez punta bat, lepo bat baizik, eta hegazkin itxurako buzoia du. Inguru hori erabat itxuraldatu dute tentsio handiko dorre ezarri berriek. Oraindik kableak jarri gabe dauzkate. Kontuak kontu, linea berri hori instalatzeko inguruko pinudiak bota dituzte, eta horri esker ikusmira ederra eskaintzen du gaur Argisaok. Bai Aralar, bai Aizkorri, bai Deskarga aldea, Ormaiztegi, Itsaso, Ezkio, Zumarraga, Urretxu… denak ikusten dira orain.

Auñamendi entziklopedian jasota dagoenez, Argisanoko Gurutze Santuaren Batasuna izena hartu zuen 1663an Ezkiok, Gabiriak eta Zumarragan osatu zuten elkargoak. Bitxikeria bat: 1860an 44 familia hartzen zituen Batasunak, horietatik 24 Zumarragakoak eta 20 Ezkiokoak. Alegia, oso antzeko neurriko herriak zirela orduan, biztanlegoari dagokionez, bi hauek. Beste zenbaki deigarri bat ere badakar liburuak: 1784an, Batasuneko mendietan 263.999 arbola omen zeuden, horien artean haritzak, pagoak, lizarrak, gaztainak, arteak, makalak, zumarrak, haltzak, makalak eta intxaurrak. Pinu arrastorik ez, orduan.

Jaitsiera, Goiko Txabolatik behera

Beheraka abiatzeko garaia da, Goiko Txabolarantz. Borda bat eta beste etxe bat daude bertan, itxitura baten barruan, eta garai batean –jendeak orain baino auto gutxiago eta konformidade gehiago zeukanean– inguruko auzoetakoak hona igotzen ziren igande pasa, zelaian eserita bazkaltzera eta umeak jolasera. San Joan sua egiteko pinu adarrak biltzera ere hona igotzen ziren Eitzaga eta Argisao auzoko neska mutikoak. Frankismoan hainbat bilera klandestino egiteko ere egokia izan zen Goiko Txabola, toki diskretoa baitzen eta ihes egin beharra suertatuz gero bidezidor asko dauzkana batera eta bestera.

Goiko Txabolatik behera bi aukera daude: ezkerreko pistatik jaitsiz gero, Zumarraga eta Urretxuren panoramika izango du ibiltariak, eskubikotik basoan barrena jaitsiko da Bidaurreta auzoraino, eskualdeko ospitalaren kontra. Oso litekeena da ibiltariak artzain batekin topo egitea Bidaurreta eta Urtzabaleta baserrien inguruan. Artalde txiki bat erabiltzen du sail horietan larrean, baina afizioz, denborapasa gisara, ez dirua irabazteko.

Bidaurretatik bidegorriraino zatia di-da batean egiten da, Arcelor-Mittal fabrikaren ondotik berriro ere Aparizio auzora itzultzeko. Hau ere ez dute jakingo zumarragatar eta urretxuar askok, baina Aparizio auzoak 63 urte besterik ez ditu, ez da beti hor egon. Jose Luis Aparicio enpresariak egin zituen 36 etxebizitza horiek, izen bereko lantokiko beharginentzat.

Kontuan hartzeko

  • Gabiriara eta Legazpira. Ibiltari honek Argisaoko zati bat baino ez du hartzen. Errepublika Lepoa da bidegurutzea, eta hortik Gabiria aldera, Legazpi aldera… jo daiteke. Atagoitira iritsitakoan, errepide nagusian sartu beharrik gabe, bidezidor bat dago Legazpira jaisteko, eta handik abiapuntura itzultzeko, berriz, bidegorria.
  • Mugarriak. Mugarri dezente aurkituko ditu ibiltariak ibilbide honetan. Gehienak bikoitzak dira, hau da, zaharra eta berria elkarren ondoan. Zehatz asko adierazten du 1889ko agiri batek mugarrien orientazioa, esate baterako zortzigarrenarena: «… forma un ángulo de 173 grados con los dos que le anteceden…». Mugarri hauetako zenbait ezkutuan zeuden orain arte, baina goi tentsioko dorreak jartzeko lanek agerian utzi dituzte.
  • Jan-edanak eraman behar. Argisaon ez dago tabernarik, eta iturriak ere gutxi, eta daudenak, ezkutuan. Oso gomendagarria da motxilan nahikoa jan eta edan sartzea. Hori bai, ibilbidea luzatuz gero, eta Gabiriraino ailegatuz gero, bertako Ostatuan denetarik aurkituko du ibiltariak.

Fitxa teknikoa

  • Iraupena: Bi ordu eta erdi
  • Luzera: 6,5 kilometro
  • Desnibel metatua: 250 metro
  • Zailtasun teknikoa: Erraza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>