Eskubideak eta hitzarmenak

Aitor-SarriegiAitor Sarriegi Galparsoro • Irakaslea eta bertsolaria

Azken asteotan bolo-bolo dabil, batean eta bestean, hilerokoak eragindako minak direla eta, emakumeei baja eskubidea aitortzen dien lege proposamena. Ez zuen bere garaian hots gutxiago atera umea izan ondoreneko baimenak bigarren gurasoari ere luzatzeak (bi guraso diren kasuan, noski). Hor ere izan dira eztabaidak, ama bakarrei bi gurasoen baimena aitortzeko, kasu. Arrazoi bategatik edo besteagatik langile bezala ditugun eskubideak lan-hitzarmen duin batean zehaztuta izateko zortea dugunok, hari heltzen diogu horrelako baimen-eskaeraren bat egin behar dugunean.

Lan hitzarmenak tartean behin berrikusi, negoziatu eta berritzen dira. Gizartea aldatzen ari da, gure bizimodua ez da orain 25 urte bezalakoa eta, lan-munduan ere eragin handia dute aldaketa horiek. Azken aldian zalapartarik gehien atera duten aldaketak prekarietatea, kontziliazioa edo genero desberdinekoen arteko arrakala desagertu asmoz egindakoak izan direla esango nuke.

Gure hitzarmenaren arabera 20 eguneko baimen ordaindua hartzeko aukera dugu. Behin baino gehiagotan aipatu izan diet lankideei zein bestelako lagunei ez zaidala ongi iruditzen ezkontze hutsagatik hogei eguneko opor ordainduak izateko aukera, langile guztiak ez direla ezkontzen eta desberdintasunak sortzen dituela batzuen eta besteen eskubideen artean. Gehienek baietz esaten didate, arrazoi dudala, baina ea izatezko bikoteak ez dituen aitortzen gure hitzarmenak, edo elkarrekin bizitzera joatea bera nahikoa arrazoi behar lukeela…

Ez, ez, ez… Ez naizela horri buruz ari esaten diet:  gure hitzarmenak aitortzen dituela bai bide zibiletik soilik ezkondutakoak (inor ez baita elizatik soilik ezkontzen, gehienez ere bietatik), bai elkarbizitzari buruzko egiaztagiriak ere, betiere dagokion zinpeko aitorpenarekin. Nik esan nahi dudana da langile batek ez duela bere bizitza partekatzeko beste inorekin kontraturik sinatu beharrik (izatez, kontratuak baitira, zer bestela?) bere ondoko langileak baino opor-egun ordaindu gehiago izateko. Kontratua sinatze hutsak ez diola inori hogei egun ordaindu izateko adinako zurrunbilorik eragiten, alegia. Sinatu eta hurrengo goizean lasai asko lanera joan daitekeela, bezperan alokairuko etxearen kontratua edo hipoteka sinatu duena bezalaxe (bide batez, kreditu hipotekario askok ezkontza eta elkarbizitza askok baino iraupen luzeagoa dute).

Horregatik, ezkondu ala ez, inorekin ezer sinatu ala ez, langile guztiok lan-bizitzan behin behintzat hogei eguneko opor ordainduak izateko eskubidea aldarrikatzen dut, gure arteko desberdintasunak desagertze aldera. Hurrengo negoziazio-mahairako beste puntu bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>