Neskamearen ipuina

Marian-VelascoMarian Velasco • Mekanizazio teknikaria

Lau urte eman nituen eskola jantokietan hezitzaile gisa lanean. Bai, askotan, umeei jaten erakutsi egin behar izaten zaie, eta horregatik erabiltzen dut hezitzaile hitza. Zenbat negar, ta zenbat min, ta zenbat gau lo ein barik… Ume gaixoak. Eta hala ere, haien maitasunarekin ordaintzen zizuten egindako mina. Zoragarriak ziren.

Goierrira bizitzera etorri nintzenean aldiz, eskolako jangela enpresa handi baten jantokiarengatik aldatu nuen. Nire eginbeharra hurrengoa zen: Langileak bazkaltzen bukatu ostean, euren bandeja hartu eta harraskara doan zinta automatikoan uztea, mahai tresnak edalontzi barruan sartuz eta plastikoa soberakinetik bereiziz. Harraskako lanak arintzearren sortutako postua omen zen. Deserosotasunetik, nire arduradunari (besarkada bat hemendik gerlari horri) zera aipatu nion: Eskola-jantokietan umeei autonomoak izaten erakusten geniela, eta sei urtetik gorako haurrek badakitela euren bandeja behar den tokian uzten zein plastikoa edukiontzi horira botatzen. Pertsona helduak izanik, ez al zen guztiz alferrikako lanpostua?

Baina hor omen zegoen mamia. Enpresak zioenez, bazkalorduan, zerbitzatuak izatera doaz langileak, eta ez lanera. Gainera, hori jakinik, mespretxuz eta harrokeriaz betetako jestu batean, langile askoren jarrera euren jogur estalkia janari soberakinen hondoraino sartzea zen. Ez dut nire arduradunaren lana epaitzen, eskatzen zitzaiona ahalik eta hobekien egiten baino ez baitzen saiatzen. Enpresaren jarrera ere ezin dut kritikatu nahiz eta ez gustatu, langileak gehiago eta hobeto ekoitzi dezan ematen baitira dira halako pribilegioak. Horrelakoa da kapitalismoa, lagun.

Baina emakumeari zaintzaile zein zerbiztari bezala ematen zaigun paperaz jabetzea garrantzitsua da (mutil bakarrarekin koinziditu nuen lanean), eta jasotzen dugun tratua aztertzea ere beharrezkoa da. Noiz pasatzen gara hezitzaile izan eta maitasuna jasotzetik, neskame zapaldu hutsaren rola betetzera? Feminismoaren inguruan dugun heziketa handitzen joan beharko genuke behingoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>